Bai, koanto!
Bai, koanto!
Idoia Etxeberria Elortza

ZALDIBIA-ATAUN
 

 

11. AMESGAIZTOA

 

Negar malkotan esnatu naiz. “Hemen nao, hemen nao”, egiten nuen garrasi, baina inork ez zidan entzuten. “Hemen nao! Hemen nao!”. Jentilen urrezko ‘sobrekamea’ neukan gainean, iltzeekin lotuta, eta ezin nintzen ohetik atera. Azken bi egunetan Barandiaranek jasotako ipuinak irakurtzen ari naiz, gauero. Eta joan zen astean ipuin-kontaketa saio batera ere joan nintzen. Hortik ametsa.

        Lamiak. Murumendiko Mari. Tartalo. Jentilen etorrera. Lan handia egin dute herrian mitologiarekin. Lan ederra. Barandiaranen liburuak betaurreko moreekin ari naiz irakurtzen. Barandiaran gizona zen. Eta apaiza. Seguruenez ez zioten dena kontatuko. Eta seguruenez ez zuen dena idatziko.

        Barandiaran Museora ere joan nintzen. Autobusean. Turisten pare. Euria ari zuen. Museotik oinez bueltatu nintzen, erreka ondoko bidezidorretik. Putzuz putzu saltoka. Sara etxearen parean imajinatu nuen Joxemiel, bere sotana luzearekin paseatzen.

        Itsasorik gabe ezingo nukeela bizi pentsatzera iritsi nintzen, baina konturatu naiz errekaren murmurioak ere asko lasaitzen nauela. Ura entzuteak. Agauntza errekaren bazterrean egoten naiz eserita, lamia baten gisan. Baineran burua ur azpian sartzeak lasaitzen ninduen, umetan. Orain bi dutxa dauzkagu etxean.

        Amarekin gosaldu dut. Amak bere umetako kontuak kontatu dizkit. Gurasoak beti xextran ibiltzen zirela: mondeju beltza ala zuria ote zen hobea. “Txurie” esaten zuen Felipak, noski, eta beltza aitonak. Biak gustura jaten zituen berak eta ez zen bietako inori arrazoia ematen ausartzen. Izan ere, aitzakia ederra zen mondejuak jateko. Gutxitan jaten omen zituzten. Ez beltz eta ez zuri. “Babarrunea bai, egunero. Beti beltza, sakramentu gutxikin”. Amak beste garai batekoa dirudi.

        Amak ez du nahi aitarekin bizitakorik berritzerik. Eta are gutxiago nik bere hitzak grabatzerik. Baina pixkanaka-pixkanaka askatzen ari da. Ez nekien hiru aborturen ostean jaio nintzenik. Ezta ondoren beste bi abortu izan zituenik ere. Amak kotoi artean eduki ninduen, jaio nintzenetik. Esan didanez, obsesionatu egin zen ni zaintzearekin eta horrek arazoak sortu zizkion aitarekin. Ume mimatu bat izan naiz. Aitak ez zidan sekula eskurik gainean ipini. Eta hala ere ez nintzen babestua sentitu. Etxetik joan nintzen. “Goazen biok”. Ezetz esan zidan amak. Ez zuela aita utziko. Eta joan egin nintzen.

        “Erruduntasunak harri handienak baino gehiago pisatzen du”, arrazoi du nire psikologoak. Zulo beltz batetik irten ezinik egon nintzen bi urtean.

        Baina dena ez da drama eta katastrofea. Eskua kaka artean sartuz gero, kaka ateratzen da. Herri guztietan, familia guztietan. Ez dut uste Ataun edo Zaldibia bereziki ilunak direlako denik. Edo gure familia. Ataun ez da Poltergeist. Denok dugu zuloa ipurdian eta iluna da.