Bai, koanto!
Bai, koanto!
Idoia Etxeberria Elortza

ZALDIBIA-ATAUN
 

 

13. TROSKA III

 

Ataungo genealogia feministen liburutik: “Emakume batzuek sexua zikina dela uste izan dute bizi osoan eta haientzat, sexu-harremanak ugalketarako eta emazte ona izateko jasan beharreko trago txarra izan dira”. Uste dut gure amaren kasua dela. Ez naiz galdetzera ausartu. Eta zenbat bikote egongo ote diren herrian, bizitza sexual eskasa dutenak. Zenbat. Baina hemen inor ez da bereizten.

        Atzo bezero batekin tonteatzen egon nintzen, Troskan, eta aspaldiko partez tximeletak sentitu nituen sabelean. Imanol, elkarrekin ibili ginen eskolan; esan zidan beti izan naizela bere gustukoa. Guapo ikusi nuen nik ere. Potente dago. Ez da alferrik joaten bizikletan ibiltzera, egunero. Baina Maitanerekin dago ezkonduta eta hiru ume dituzte. Hilabete daramat txortan egin gabe. Lau aste luze. Hilabete Jonekin egon gabe. Imanol ganbarara gonbidatzeko zorian egon nintzen, baina ez nuen egin. Gero edozein egunetan ikusi beharko nuke. Bera. Maitane. Umeak.

        Psikologoarenean egon nintzen herenegun. Amari buruz hitz egin nion. Jonekin daukadan harremanari buruz ere bai. Beldurra diot konpromisoari. Nik erabaki nuen harreman askea nahi nuela, baina horrela ere ez naiz aske sentitzen. Berarekin geratu nahi dudanean, deitzen diodanean, eskatzen ari naizela iruditzen zait. Maitasun eskalea naizela. Ezin duela esaten badit, pentsatzen dut ez naizela lehentasuna berarentzat. Ez nauela behar beste maite.

        Jonek geratzea proposatzen didanean, berriz, baietz esaten diot beti. Eta bere zerbitzura nagoela iruditzen zait. Bere menpe bezala. Neskamea, putatxoa. Badakit gaztaroko zauri bat dela. Uste dut deitu egingo diodala, eta geratzen saiatu. Bai, bere etxean, aurrekoan bezala. Ataunen ez, hori fijo.

        Laugarren zigarroa. Furgoneta bat geratu da Paxkual iturriren ondoan. Pakete bat dakar. Ez du helbidea aurkitzen. Azkenaldian asko dabiltza herrian bueltaka. Klik bakarrarekin, zapatilak Txinatik zuzenean irits daitezke Ataunera. Hori bai, Aiara ez dakit iritsiko diren; ‘territorio komantxe’ izaten jarraitzen du: hiru aldiz txakur gehiago, pertsonak baino.

        Amaiarekin afaldu nuen atzo. Ukendua da Amaia. Goxoa, alaia. Lasaia. Kuadrillakoekin ez naiz asko egon herrira iritsi nintzenetik. Umeak dituzte gehienek. Amaiak ere bai, bi seme. Baina hala ere, ez dakit nola, astia ateratzen du nirekin egoteko. “Bakizu, nahi zunen hemen nao”. Eta badakit egia dela. Gurasoak kanpotarrak ditu: ama andaluziarra eta aita Zamorakoa. Baina nork esango luke... baserri puntan bizi da eta semeei hika hitz egiten die.

        Amaiarentzat herri txikiak ez dira infernu handiak. Gustura dago arratsaldero parkean, umeekin jolasean. Inbidia ematen dit Amaiak. Irribarre horrekin eta begi txinpartatsu horiekin. Eta bere senar jatorrarekin. Inbidia ematen didate familia perfektuek. Nahiz eta badakidan ez direla existitzen.

        Azkenaldian ni baino gazteagoekin egoten naiz asko. Giro ona dago herriko gazteen artean, garai batean baino hobea. Eskola bakarra dagoenetik bereziki: ez dago auzoen arteko lehengo lehiarik. Gazteak batuago daude. Politika kontuak ere baretu egin dira. Tentsio une asko eta borroka asko izan ziren herrian. pnvkoak eta hbkoak, elkarren kontra. Gogoan dut gure aitak muturra txikitu zion gizon hura... eta nahiago nuke ez gogoratu. Euri asko egin behar izan zuen espaloiko odol arrastoak desagertu arte.