Bai, koanto!
Bai, koanto!
Idoia Etxeberria Elortza

ZALDIBIA-ATAUN
 

 

8. ARGAZKIE

 

 

Gizon batek bikotekide ohia hil du, Orion. Parke bateko banku batean eserita zeuden. Bonba bat leherrarazi ote duen, kartoizko kaxa batean sartuta zeramana. Emakumea hil eta bere buruaz beste egin du. Ezin izan dut ondo lo egin. Ez dakit zergatik demonio ikusi nuen albistea. Argazki hori. Kiroleko zapatiladun hanka bat, zilar koloreko manta azpitik ateratzen. Nahikoa eszena guztia imajinatzeko. Ohean buelta eta buelta, burura zetorkidan behin eta berriz. Amorruarekin eta tristurarekin batera. Nazka ere bai. Zer ostia! 2023an eta oraindik horrela. Orain esan dute ez zela lehergailua, eskopeta batekin izan dela. Eskopeta zeramala kaxan. Berdin dio. Emaitza bera da.

        Jaiki naizenean, ama negarrez ikusi dut sukaldean. Begiak gorri, kafesnerik nahi dudan galdetu dit. Disimulatzen saiatu da. Ez zuen hitz egin nahi, baina astuna naiz eta badaki. Aitortu dit bere burua ikusi duela hor. Emakume horren lekuan, manta horren azpian. Dibortziatzen bazen, bere buruaz beste egingo zuela esan omen zion aitak behin. Amak hor jarraitu zuen. Bizirik, baina hilda bezala.

        —Ez det uste kapaz izango zenik.

        —Zertarako, ama? Suizidatzeko ala zu hiltzeko?

        Iristen da momentu bat disko gogorra bete egiten dena. Ez da gehiago kabitzen. Hari mataza korapilatu egiten da eta ezin da askatu. Ezin dira hariak lotu. Iristen da momentu bat geratu beharra dagoena. Eta isiltasuna bilatu. Aurrera jarraitu ahal izateko.