Bai, koanto!
Bai, koanto!
Idoia Etxeberria Elortza

ZALDIBIA-ATAUN
 

 

2. TROSKA I

 

Troskako terrazan, zigarroa erretzen. Gaur jai dut. Bazkalordua, jende gehien dabilen momentua. Mutiko bat ur bila joan da iturrira, etxetik pitxerra hartuta, aspaldiko garaietan bezala. Erdi ahaztuta neukan txorrotako ura zein eskasa den. “Paxkual iturri” deitzen diote iturri honi. Paxkual izeneko gizon bat hortxe egoten omen zelako beti, batekin eta bestearekin berriketan eta kotxeei pasoa ematen. Semaforoa ipini aurreko kontuak. Ez nuen ezagutu, edo ez naiz akordatzen behintzat.

        Hauteskundeetako kartelak ipini dituzte, propio horretarako jarritako paneletan. EAJko eta EH Bilduko alkategaiak eta diputatugaiak. Ataunen erroldatu naiz. Hemen bozkatuko dudan lehen aldia izango da. Hemengoa naiz? Inongoa ez sentitzea zer den. Beldur nintzen nola hartuko ninduten, hainbeste urte eta gero. Beldur izugarria nuen. Baina ez. Galdera indiskretu batzuk entzun behar izaten ditudan arren, espero baino hobeto sentitu naiz. Esango nuke batzuk poztu ere egin direla bueltatu naizelako. Segituan eskaini zidaten lana ere. Troskaetako Marijok. Ez da gure ama baino askoz gazteagoa. Hamar urte, asko jota, baina bi mundu paralelo dira.

        Gustatzen zait Marijo, ez delako konbentzionala. Arautik ateratzen da. Ilea motz-motz dauka, makinarekin moztua. Tindatu gabe, urdindua. Tatuajea. Betaurrekoak. Soineko bereziak erabiltzen ditu. Ez dauka aho-bilorik, gainera. Pentsatzen duena esaten du. Ataungo emakumeen futbol taldean jokatu zuen: Otso emek. Lehenengotakoak izan ziren Goierrin. “Matxitoen moduan ibiltzen ginen, eredu maskulinoak imitatzen. Batzuk utzi egin zuen, mutil zaharragoek. Aldaketak onartzea ez da erreza”. Taldeko bat, Anarro, Euskadiko selekzioarekin jokatzera ere iritsi zen.

        Gu, ordea, “intsentsua jandako” familia batekoak gara: amona Felipa, elizkoia baino elizkoiagoa, jostorratza baino zorrotzagoa. Gure amari ez zion minifaldarik janzten uzten. Orain biguntzen hasita dago. Adina izango da. Orain bisitan ere joaten natzaio. Lehen ez nintzen ausartzen; ez nengoen haren erretolikak entzuteko prest.

        Familia guztietan daude ardi beltzak. Gurean Axier eta ni gara errebeldeak. Anaia bat bezala da niretzat, beste ardi galdu bat da. Marikoi zoragarri bat. Donostian libreago sentitzen da hemen baino, klaro. Baina ni baino sarriago etorri izan da. Nik urteak pasatu nituen herria zapaldu gabe. Astelehenean egon nintzen berarekin, Troskako gazta-tarta jaten, Baileys kopatxo banarekin. Loredun alkandora bat zeraman. Praka arrosa fuksiak. Nire idoloa da. Bere abenturak entzunda, txori kaiolatua sentitu nintzen. Kaiola estu eta luze batean preso. Zergatik bueltatu naiz?

        Ikerketa, bai. Horregatik nago hemen, teorian. Baina ez da hori bakarrik. Lehenaldiko mamuak uxatzera etorri naiz, nire jatorriarekin adiskidetzera. Eta batez ere amarekin. Uste dut aitzakia bat behar nuela bueltatzeko.

        Egia esan, ez daukat batere garbi ikerketa nola demontre bideratu. Zaldibiako dokumentua izan zen ikerketa egiteko gogoa piztu zidana. 1646an Zaldibian atxilotu zituzten hamar emakume horiek, “eskandaluzko egoeran” bizi zirenak. Gai ona da ikerketarako: ezkonduta egon gabe sexu harremanak izan dituzten emakumeak. Hamar emakume asko da hain herri txikirako. Ataunen ere izango da zer ikertua; ez dakit, antzeko kasuak. Gainera, haien ondorengo bat ere izan naiteke: amona Felipa Zaldibiakoa da. Arbola genealogikoa egitea komeni zait, badaezpada. Nork daki.