Bai, koanto!
Bai, koanto!
Idoia Etxeberria Elortza

ZALDIBIA-ATAUN
 

 

10. KARRAXIK III

 

Ume jaioberriaren negarra entzun da aldameneko baserrian. Bazekiten gertatuko zela, Juanita berriro tripa handiarekin zegoela. Hilabeteak zeramatzan herrira jaitsi gabe. “Gaixo hori, ez dezu bizin arten asko iraungo”, esan du etxekoandreak eta kandela bat piztu du.

        Puntukotxe garrasiak entzun dira. Danba-danba, atea jo dute. Juanitaren aita da, Basilio. Laguntza eske dator, larri. Juanita odolusten ari da. Mieltxo da azkarrena eta medikuaren bila bidali dute: “Azkar, mutikoa, hil ala biziko kontue dek eta!”.

        Don Antonio etorri da eta Juanitari odol-jarioa etetea lortu du. “Hilda jaio da”, esan diote. Medikua segituan konturatu da ezetz. Haserre esan du ume hori ez dela hilda jaio, ito egin dutela. Lepoa bihurritu diotela. Guztiak isildu dira. Juanitaren negar isila soilik entzun daiteke.

        Elizaraino umea besoetan eramatera zigortuko dute Juanita. Hala, herriko guztiek jakingo dute zer egin duen. Izenik gabeko neskatila hilerriko linboan lurperatuko dute.