Bai, koanto!
Bai, koanto!
Idoia Etxeberria Elortza

ZALDIBIA-ATAUN
 

 

1. LOTSEA

 

“Zer da gauza bakarra norberak euki ez eta besteari ematen diona?”, asmakizuna bota du Rogeliok. Gazta zati bat du eskuan. San Isidro eguna da, baserritarren eguna. San Martingo elizako arkupeetan herriko lau artzainen gazta ipini dute probatzeko, ardo beltzarekin. Barazki posturik ez dago aurten. Urtetik urtera pobretzen ari da. Baserritarrak gero eta gutxiago dira.

        “Lotsea”, esan du Rogeliok irribarre pikaroz. Jakin-minez begiratu bai, baina inork ez duelako erantzun. “Hik lotsea zer dan ez dakik eta!”, bota dio Juan Ramonek. Barre egin dute. Nola ez du ba jakingo!, pentsatu du Purik. Ez dagoela munduan lotsa zer den ez dakienik, ondo disimulatu arren. Eta lotsarik ez izatea ez dagoela ondo ikusia. Hori ere pentsatu du Purik, baina ez du ezer esan. Lotsa eman dio.

        Umetatik hezur-muinetaraino sartu zioten lotsa, beldurrarekin batera. Besteek zer esango ote duten. Onartua ez izateko beldurra. Horregatik, isil-isilik jasan zituen senarraren ibilerak. Hura zelako tokatu zitzaiona. Hura zelako berarengandik espero zena: aguantatzea. Troskaeta tabernatik balantzaka ateratzen ikusten zuenean lotsa ederra sentitzen zuen. Auzo-lotsa. Errezatzen egoten zen, kortina atzean ezkutatuta, mozkorraldi txar horietakoa izan ez zedin. Zalapartaka eta builaka hasten zelako halakoetan, borrokarako pronto. Senarra ere lotsatzen zen, biharamunean, eta ezin izaten zion Puriri begietara begiratu. Ezta Saioa alabari ere.

        Lotsa pasatu zuen alabarekin ere, 18 urterekin etxetik alde egin zuenean. Etxe okupa batera joan zen, gainera! Zeresan handia eman zuen herrian. Trapu zaharrak jantzita ibiltzen zela. Porroak erretzen zituela. Edozeinekin oheratzen zela. Denak esamesaka. Denetik esaten. Eta erruki begirada haiek. Hori zen okerrena. “Ai neska, alaba bakarra ta ze penea!”.

        Urtebete da senarra hil zela eta hilabete batzuk Saioa etxera itzuli zela. Bere bizitzako pozik handiena eman zion amari. Ganbaran apartamentu txiki bat egokitu zuten harentzat. 32 urterekin berriro ikasten hastea erabaki zuen eta Soziologia ikasketak amaitzen ari da. Aurretik sukaldaritza ikasi zuenez, Troskaetako sukaldean hasi da lanean.

        Familia normala izateko esperantza dauka Purik. Normala edo. Baina lotsa agertu da berriro ere. Saioa ez da ba hasi Ataungo emakumeei buruzko ‘ikerketa’ bat egiten! Bazterrak nahasten? Herriko kontu ilunei buruz galdezka! Esan zion: “Aizan, nahikoa kontu ilun badiñau etxen, bestenak haizatzen ibiltzeko!”. Alferrik esan ere. Horretarako bueltatu ei da herrira. Gradu amaierako lana egiteko asmoa du horrexekin, herriko emakumeen kontuekin. Psikologoak esan omen dio bere terapiaren parte izan daitekeela. Ama ere elkarrizketatu nahi du. Purik purrustada batekin erantzun zion: “Bai, koanto!”.