7. KARRAXIK II
Hogei emakume sartu dituzte kamioian, Bragako poligono industrial batean. Hori izaten da kopurua, ez dira gehiago kabitzen. Joãok sobrea eman dio Joxeri, betiko legez. Hogei argazki daude barruan, karneterako ateratzen diren tamainakoak. Hogei emakumeen argazkiak dira. Erditik moztuta daude: beste erdiak Iruñera bidali ditu Joãok, postaz. Emakumeak entregatzen dituztenean, bi erdiak elkartuko dituzte eta eramandako emakumearekin konparatu. Bestela ez diete ordainduko. Bidaia luzea da, ez dira beti iristen. Gerta daiteke kamioilaria emakumeren batekin enkapritxatzea ere eta bidean ordezko bat bilatzen saiatzea.
Egun osoko bidaiaren ondoren, Ataunera iritsi dira. Bero handia egin du eta akituta daude. Kamioiak labe bat zirudien. Iluntzen ari du. Oilategietan sartu dituzte emakumeak, ohiko oilategietan. Ixxxxo. Isilik egoteko keinua egin die Pedro Marik, Joxeren laguntzaileak. Komunikazioa murritza da, ez baitaki portugesez. Normalean nahiko isilik egoten dira eta ez dira ihes egiten saiatzen. Badakite bestela atxilotu egin ditzaketela. Gehienak brasildarrak dira eta paperik ez dute. Ura, ogia eta gazta eman dizkiete. Eta manta batzuk.
Goizeko zazpiak dira. Lizarrustirantz doaz, kamioian sigi-sagaka. Bidaiaren azken txanpa da. Ondo bidean, zortzietarako helduko dira. Garrasiak entzun dira atzeko aldean. Ez dakite zer gertatzen den, baina larria behar du izan. Bide bazterrean geratu dira. Emakumeetako batek konortea galdu duela dirudi. Joxek pultsua hartu dio: hilda dago. Emakumeen garrasiak gero eta ozenagoak dira. Edonork entzun eta ikus ditzake. Gorpua ahal bezala atera dute eta zanga batean bota dute. “Nola utziko diagu hemen botata?”, esan du Pedro Marik. “Lasai, napar-txerrik jango ditek”, Joxek.