Bai, koanto!
Bai, koanto!
Idoia Etxeberria Elortza

ZALDIBIA-ATAUN
 

 

3. KARRAXIK I

 

Zaldibia, 1646ko ekainaren 7a

 

Barbara Agirre naiz. 34 urte dauzket. Bi alaba dauzket, sei eta zortzi urtekok. Seme bat e euki non, jaio ta segittun hil zana. Hue biziko balitz, bi urte eta erdi eukiko littuzke. Nere umen aitte Don Martin Olano da, Zaldibiko Santa Fe parrokiko apaize. Ni enaiz beste iñokin egon. Zortzi hillabete badie harekin hitz egiten ez detela.

        Barbara izan da deklaratzen lehena. Bi egun igaro ditu kalabozoan, herriko kartzelan. Migel aguazila joan zitzaion bila. “Ni preso? Baina zeatik? Nik eztet ezer eiñ!”. Garrasika hasi zen Barbara: “Utzi paken! Utzi paken! Enaiz hemendik moittuko!”. Aguazilak ez zekien zergatia azaltzen, baina esan zion joaten ez bazen ondasunak bahituko zizkiotela, eta bandoa zabalduko zutela herrian, denen aurrean lotsagarri uzteko. Irtenbiderik ikusi ez eta joan egin zen, umeak etxekonekoaren kargu utzita.

        Don Juan alkatearen aginduz atxilotu zuten Barbara, herriko beste bederatzi emakumerekin batera. Ama ezkongabeak denak ere. Guztiek antzekoa deklaratu dute: ezkontzeko zina egin zietela, baina ez zirela beraiekin ezkondu. Atxilotutako gehienak elkarrekin aritzen dira haria egiten: Maria, Marijuana, Mariana, Bauti, Maritxu... Esan daiteke negozio txiki bat sortu dutela elkarrekin. Linuarekin haria egiten dute eta Villafrancako ehungile bati eramaten diote. Gero handik linuzko ehuna ekartzen dute bueltan, herrian saltzeko.

        Alkateak esan du emakume horiena “eskandaluzko egoera” dela eta iraingarria dela “Jaungoikoarentzat, justiziarentzat eta herritarrentzat”. Zigorra merezi dutela, alegia. Barbarak esan zezakeen bere umeek “Jaungoikoaren bedeinkazioa” dutela, Don Martinek hori ziurtatzen ziola sakristian elkartu eta sotana altxatzen zuen aldiro. Gurutzea izaten zutela testigu. Ez du esan, intimoegia iruditu zaiolako.

        Ez du esan ezta ere zergatik daramatzan zortzi hilabete Don Martinekin hitzik egin gabe. Ez du nahi beste inor atxilotu dezaten. Eta gutxiago haurdun egonda. Hori bai, Barbarak Don Martin bertaratu dadila eskatu du. Esan du ez baldin badator, bere garrasiak Ataundik ere entzungo direla.

        Hamar emakumeek idatzi bat aurkeztea lortuko dute; sinatu gabeko idatzia, idazten ez baitakite. Bertan ipiniko du inongo arrazoirik gabe kartzelaratu dituztela. Gainera, aitorpenak hartu zaizkiela eta ez dela zigortzeko moduko ezer aurkitu. Horregatik, guztiak aske uztea eskatuko dute.

        Aske utziko dituzte. Eta alkatea isildu egingo da.