Etxe dotore aunitz
Etxe dotore aunitz
Goiz Eder Iturain

ETXALAR-ARANTZA-LESAKA-BERA
 

 

Apirilaren 4a, larunbata

 

Sukaldera igo ginen gosaltzera, han zegoen Xanti kafea prestatzen.

        —Almazeneko giltzak gainean ditut. Zuen logelaren ondoko atetik sar zaitezkete. Amaitzean, giltza sukaldeko mahaian uztea eskertuko nizueke.

        —Bai, nola ez. Milesker.

        Gosaria amaitu bezain pronto ate hura irekitzera joan ginen. Garai batean izandako dendaren arrastoak ikus zitezkeen, egurrezko mostradorea, pisu zaharra, barrikak, kaxak...

        —Zer da oraingoan aurkitu behar duguna?

        —Edozer arrasto.

        Goiz osoa almazena miatzen eman genuen: egunkariak, azulejuak, liburuak, soberakinak... baina bilatzen ari ginena izan zitekeenaren arrastorik ez. Une batez, Nekane egurrezko mostradore zaharraren atzean zintzilikatutako argazkiari begira gelditu zen. Argazkia mostradore hartan ateratakoa zen, bi emakume eta ume txiki bat; atzean berriz, kaxaz beteriko armairu luze bat ikus zitekeen. Argazkian ageri zen armairua miatzeari ekin genion, baina ez genuen ezer berezirik aurkitu.

        —Itxaron... Armairu hau mugitua izan da.

        Elkarri begiratu eta bi eskuekin armairuaren alde banatatik helduta, astiro-astiro bultzatzen hasi ginen. Begiak igurtzi nituen aurrean neukana sinetsi ezinik, armairuaren atzeko horman PIFT zizelkatua zegoen harrizko horman.

        Poltsan gordeak nituen letrak atera eta harrian zizelkaturiko zuloetan, banan-banan, P-I-F-T letrak jarri nituen. Letra bakoitzaren tamaina bat zetorren zizelkaturiko zuloarekin.

        —Eta orain?

        Aurrean nuen irudia begiratu eta zer esan jakin gabe geratu nintzen. Ezintasunak itsuturik harri eta karezko horma kolpatzen hasi nintzen. Ukabilaz emandako bultzada sendo haietako baten ondorioz zerbait mugitu zen. “Purrunt”, goitik behera erori zen horma zati bat. Tranpa bat zirudien,; aurrean egurrez eginiko metro bateko altuerako solairu bat genuen, eta barnean bidoi antzeko zerbait ikus genezakeen. Kaxa bat eskailera moduan jarri eta hutsunera igo ginen. Barruan dena ilun zegoen, mugikorreko linterna piztu eta belauniko azpian ikusten genuen 2001 inguruko bidoiraino hurbildu ginen. Bidoiko bideak, azpian zegoen beste gela bateraino eraman gintuen. Gela hartan, egurrezko kutxa bat zegoen itxita.

        —Badugu giltzarik kandadu hau irekitzeko?

        Une hartan, amama Mari Luzek, hil aurretik esan zizkidan hitzak etorri zitzaizkidan burura: “Izanarekin lotua dago izena, mendeetan zehar mantendu dena esfortzu eta maitasun handiz jasoa izan da. Etxe aunitz izan ditzakezu, bertan gertatzen direnak du garrantzi, aurkitu benetako giltza”. Hau esan eta giltza txiki bat zeraman giltzari gorri oparitu zidan. Talisman moduan beti gainean neraman giltzaria. Giltza atera eta egurrezko kutxa irekitzea lortu nuen.

        Une hartan mugikorra joka hasi zen, Karmele zen.

        —Banekien lortuko zenuela. Orain, zuen esku geratzen da sekretua. Garai bateko depositua, koltxoiaren gordelekua. Ritak dena idatzia utzi nahi izan zuen. Iriondoa etxea saldu zenetik hortik atera beharrean geunden, baina ez da erraza izan. Amatxi Inesek sekretua gorde zuen, Rita haren oinordekoa izan zen eta orain zu zara oinordeko. Lehenbailehen hortik atera eta aurkitutakoa ondo gorde behar duzue, depositua erabili —hau esan eta eseki zuen.

        Kaxa barnean gau laneko froga idatziak aurkitu genituen: mendi ibilbideak, bidezidorrak, ezkutalekuak, borda edo baserri seguruak, informatzaileen sareak, arriskuaz ohartarazteko kode ezkutuak, eta...

        —Kaxa hemen utziko dugu, baina barnean dagoena atera behar dugu —esan nion Nekaneri.

        Sarbideko bidoira igo nahian genbiltzala, zirrikitu batetik argia sartzen zela ohartu ginen. Hurbiltzean ate bat ikusi genuen, bultza eta presaraino eramaten gintuen bidezidor batean aurkitu ginen.