Etxe dotore aunitz
Etxe dotore aunitz
Goiz Eder Iturain

ETXALAR-ARANTZA-LESAKA-BERA
 

 

Martxoaren 7a, larunbata

 

Egunak argia urratu aurretik hasi nintzen esnatzen, goizeko 07:00ak inguru ziren. Hoteleko aparkamendura iristean Nekaneri kokalekua bidali eta harrerara sartu nintzen.

        —Egun on, Leire Irazoki naiz, atzo bertan izan nintzen erreserba egiten.

        Ordenagailuan nire datuak sartu ondoren, giltzetako bat hartu zuen emakumeak.

        —Barkatu... Ez duzu Zian familiarik izango?

        —Ez. Zia? Herriren bat?

        —Berako auzo bat da, zure keinu batek pertsona bat gogorarazi dit. Barkatu, bigarren solairuan duzu gela, egonaldi ederra izan dezazula.

        Eskailera kiribilduek gelaraino eraman ninduten. Balkoia ireki eta kanpora atera nintzen, harrerako emakumea lorategian zebilen. Deblauki hark aipatutako Zia etorri zen nire pentsamenduetara. Zia zen Pilirik gurutzean markatua ikusi nuena, gelara sartu eta, mapa poltsatik ateratzean, klaxona entzun zen. Nekaneren Ford zuria hoteleko aparkalekuan sartzen ari zen. Arrapaladan bere bila jaitsi nintzen.

        Inoiz baino ederragoa zegoen, ilea motots batean bildua, soineko loredun estua eta belarritakoekin bat egiten zuten ezpain gorriak.

        —Nekane! —oihukatuz berarengana jaurti nintzen.

        —Banuen bai zu ikusteko gogoa! Urteak dira Beran egon ez naizela.

        —Ezagutzen duzu?

        —Gaztetan Goiko argazkilariarekin lan egin nuen, bertakoa da.

        —Orduan gidari lana zuk egin beharko duzu.

        Bion arteko konexioa ikaragarria zen, hitz egin gabe elkar ulertzen genuen.

        —Zer zabiltza? Gutun bereziren bat ezkutatu nahian?

        —Gutuna ez! Baina buruhausteak eman dizkit ditxosozko mapa honek.

        Churrut hoteletik ezkilen dantzarekin atera ginen. Legia karrika gurutzatu genuen, Altzateko plazaraino. Erreka gurutzatzen duen harrizko zubi makurraren gainean, Nekaneri mapa erakutsi nion.

        —Hauxe da Bortzirietako ihesaldi honetan burutik kendu ezin izan dudan mapa. Itsuen moduan aritu naiz, baina itxura hartu diot, depositua da bilatu beharrekoa. Lan gauean jardun zutenen depositura garamatza mapak.

        —Depositua?

        —Zian  zerbait aurkitu behar dugula uste dut.

        —Hauxe duzu Zia erreka —erran zidan erreka seinalatuz.

        —Zia errekaren izena da? Non hasten da erreka? Non amaitu?

        —Lasaitu zaitez. Goazen izkinan dagoen tabernara, Zia errekaren doinuak erlaxatuko gaitu.

        Horrelaxe egin genuen. Auzoa tabernako terrazan mapa aztertu bitartean, ordura arte gertatutako guztia azaldu nion Nekaneri.

        —Ixak gurutzeak direlakoan nago.

        —Zubiaren beste aldean badugu gurutze bat, kontrabandozko Kristo Santua. Irakurria dut, Berako bi kontrabandista, Errotako Tomasek eta bertze lagun batek, mugaz haraindiko ondoko herri bateko errekatik zetozela, uholdeak eraitsiriko baseliza bat ikusi zutela, eta hango errekan, Kristo hori aurkitu zutela. Guardiek gelditu egin zituzten bi lagunak, “Geldi hor! Nor dabil?” galdetzean, “Kristo!” erantzun zuten kontrabandistek, irudia bertan utziz. Gertatutakoa Beran kontatu ondoren, irudia aduanako enkantean ateratzerakoan, erosi eta Altzateko plazan jarri zen. Eta hemen dugu gurutzea.

        Ez nuen ezer aipagarririk ikusi gurutze hartan: Jesusen irudia iltzatua, plastikozko loreak apaingarri eta burdinazko barandan “Jauna Gorde gure eria. Ausardia” zioen testua besterik ez.

        —Ez dakit zerikusia ote duen, baina Kristo honek lau iltze ditu, besteek hanka bat bestearen gainean izaten dute eta iltze bakarra bertan. Guztira hiru iltze —argitu zidan Nekanek.

        Nekaneren azalpenak entzun bitartean, irudiaren ondoan zegoen buzoia erdi irekia zegoela ohartu eta zabaldu egin nuen. Ezin nuen sinetsi ikusten ari nintzena: narruzko diru-zorro bat, Arantzan aurkitutakoaren berdin-berdina. Beldurtu egin nintzen.

        —Goazen, goazen hemendik norbaitek ikusi aurretik!

        Diru-zorroa patrikan gorde, Nekaneri eskutik heldu eta airean alde egin genuen handik. Itzea karrikatik barna sartu ginen. Gurutzatzen genuen ororen begiradak sentitzen nituen. Elkarri ezer esan gabe aurrera jarraitu genuen, Nekanek geldiarazi ninduen arte.

        —Zertan gabiltza? Arnasa hartu ezinean ihesean?

        Elkar besarkatu eta barre algaraka hasi ginen une hartan. Atzean genuen iturriaren zipriztinek atera gintuzten algara hartatik.

        —Disfruta dezagun, Leire! Begira, atzean dugu barojatarren etxea, Itzea. —erran zidan Nekanek—. Barojatarrek 1912an erosi zuten. Goiko argazkilaria hauen laguna zen, eta makina bat istorio kontatu zizkidan. Hauek etxea erosi aurretik ere bazuen bizitza etxeak; eraikuntzaren iparraldeko zoruan gerrako gorpuzkinak aurkitu ziren, hori dela eta ospitale izan zela uste da.

        Diru-zorroa burutik kendu ezin nuenez Churrut hotelera bueltatu ginen. Diru-zorroa irekitzean, kolore gorriko harrizko “F” letra eta paper bat aurkitu nituen. Zera zioen:

        “Jarraitu BEko gurutze-bidea, PIFT koloreko etxeak, 1748”.

        Nekane urduri zegoen, halakoetan sudurra igurtzi eta ezpainak hozkatzen ditu. Tarte luze bat hitzik egin gabe egon ondoren, ohearen ertzean eseri eta zera esan zuen:

        —Elizara! Elizara joan behar dugu, gurutze-bideren bat izango da bertan!

        Elkarri eskua eman eta San Esteban parrokiarantz abiatu ginen, udaletxeko plazaraino. Eliza izan aurretik dorretxe izandakoa, Berako herriaren zaindari ageri zen parrokia. Harmailadi luzea igo ondoren, organoaren doinuek harrera egin ziguten eliza gotikoan. Korura igo ginenerako organoak jotzeari utzia zion. Han ez zegoen inor, baina eserlekuan zerbait bazela ohartu ginen, koadro bat zirudien.

        —Gurutze-bideko margolana da! BEko gurutze-bidea? —erran zuen Nekanek eskuan hartuta.

        Koadroa egurrezkoa zen, sendoa. Aurrealdean Kristo gurutzea eramanez margotua; atzealdean, berriz, kopa handi bat tailatua eta honen inguruan hitz batzuk irakur zitezkeen: Prudentia, Iustitia, Fortitudo eta Temperantia. Orduan, hots bat entzun genuen, zerbait erori zen elizan. Norbait lurretik jaiki eta elizako atetik irteten ikusi genuen. Korrika jaitsi genituen eskailerak gizonezko hura harrapatu nahian, alferrik ordea.

        —Zer egin behar dugu margolan honekin? Prudentia, Iustitia, Fortitudo eta Temperantia. PIFT, harrigarria!

        Berriro elizara sartu ginen. Elizaren bi aldeetan gurutze-bideko pasioko margolanak zeuden, vi. irudia falta zen, ordea, guk esku artean genuena. Zer esan nahi zuten hitz haiek? Mugikorrean esanahia aurkitu genuen.

        prudentia - zuhurtzia: Zentzuzko erabakiak hartzeko gaitasuna.

        iustitia - juztizia: Besteekiko zuzentasuna eta ekitatea bermatzeko bertutea.

        fortitudo - sendotasuna: Beldurrei eta zailtasunei aurre egiteko ausardia.

        temperantia - neurritasuna: Gehiegikeriak saihesteko eta oreka mantentzeko gaitasuna.

        —PIFT, Deposituaz hitz egiten ari da: egoerak ondo aztertu, zuzentasuna, ausardia, gehiegikeriak saihestu. Deposituak dirua gordetzeko lekuak ziren, argia ikusten ari naiz. Jarraitu BEko gurutze-bidea? BE?

        Zalantzaz betea, burumakur, aitzinean genuen herriko etxeko leihoetan zeuden M8ko banderatxo moreak eta leloak begiratzen paratu ginen: “M8 berdintasunerako bidean”. “Egin zenutelako gara...”. “Gora borroka feminista”.

        —Iritsi naizenetik espioi lana besterik ez dugu egin. Goazen tarte bat hartzera. Bihar M8, egunari eman diezaiogun berea —esan zidan Nekanek.

        Churrut hoteleko terrazara zerbait edatera gerturatu ginen.

        —Herria ezagutu duzue? Benetan Ritaren antza duzula! Garai batean Zian bizi zen emakumea! Ez zen geldirik egotekoa! AILEBEko herriak... primeran ezagutzen zituen.

        —Barkatu! ALEBE esan duzu? —entzun nuena prozesatu nahian.

        —Garai bateko hitzak, Bortziriak esan nahi nuen. Barkatu! Zerbitzari honek gehiegi hitz egiten du, zuei bost axola kontu hauek.

        —Ez, ez, interesatzen zaizkigu. ALEBEk Bortziriak esan nahi duela diozu? ALEBEk ez du traizioa esan nahi?

        —AILEBE esan dut: Arantza, Igantzi, Lesaka, Bera eta Etxalar. Ritaren asmakizunak, hitzekin jolastea gustatzen zitzaion.

        —Eta Ritak BEko gurutze-bideak aipatzen zituen? Zerbait esaten dizu irudi honek? —elizako vi. ilustrazioari ateratako argazkia erakutsiz.

        —Ez dakit zer esan! Gurutze asko marrazten zituen Ritak. Etxalarren bada gurutze berezi bat, Iņarreko gurutzea. Baditu halako irudi berezi batzuk: Santiagoko oskola, suge edo buztan luze bat, mahatsak... Ritaren marrazkietan ere...

        —Ageri ziren? —moztu zion Nekanek.

        —Bai, marrazki ederrak egiten zituen, desberdinak, erreferente bat zen.

        —M8an izendatu beharreko emakume horietakoa, orduan! —gehitu nuen.

        —Bai, horixe! Zuek ere biharko mendi itzulia egitera etorri zarete?

        —Mendi itzulia? —galdetu nuen.

        —Bai, Bortzirietako Emakumeen* mendi itzulia. 09:00etan paratu dute hitzordua Etxalarko plazan.

        —Etxalarren da orduan elkarretaratzea? Plan bikaina egin diguzu.

        AILEBE Bortziriak bazen, ALEBE? BE? Buruan mila galdera nituela lokartu nintzen Nekaneren ondoan.