Aurkibidea
Aurkibidea
Apirilaren 3a, ostirala
Etxe eta karrikak alde batera utzi, eta Putzubeltzerainoko ibilbidea egitera, Arantzara abiatu ginen. Kotxea utzi eta maldan behera doan galtzada hartu genuen. Errekastoen ibilbideari jarraituz, belar-bola egin berrien usainak biziberritu gintuen.
Bueltan, Ostolo baserriaren aurrean Luzio ikustea iruditu zitzaidan.
—Luzio?
—Bai, horixe. Zer zabiltza?
—Parajeaz gozatzera etorri gara. Hau Nekane da —esan nion aurkezpenak eginez.
—Joxe anaia hemen bizi da, amatxi Inesen baxera piezaren bat ere izanen da barrenean, ikusi nahi duzue?
Ezin izan genuen ezezkorik eman eta baserriko sukaldean salda hartzen amaitu genuen, Joxe eta Luzioren konpainiaz gozatuz. Portzelanazko platerak ikusteko tartea ere hartu genuen; Luzioren arasan ikusitakoaren antzekoak ziren.
—Plateren bat esku artean har dezaket?
—Noski! Zuk aukeratu.
Lesakako Mikelenea etxearen irudia zuen platera hartu nuen, platerari buelta eman eta IPTK zuen idatzia.
—IPTK, letra hauen esanahia zein den ba al dakizue?
—Ezta arrastorik ere! Amatxiren kontuak. Duela urte batzuk Karmele ibili zen banan-banan platerak aztertzen, agian berari galdetu beharko diozue —esan zidan Luziok.
—Karmele? Nola ez! Beti gure aurretik.
—Begira honek Iriondoa etxea dirudi. Seigarren zenbakia duen platera. Har genezake? —erantsi zuen Nekanek.
Iriondoa etxeko platerari buelta ematean PIFT jartzen zuela ikusi genuen, aho zabalik geratu ginen. Luzio eta Joxeri esker ona adierazi eta bideari jarraitu genion.
Arantzara bitarteko bidean, buruko ahotsak bueltatu ziren. Iriondoa, etxe hura zen gakoa? Arantzara iristean landetxera joan ginen zuzenean, Xanti jabearekin hitz egin behar genuen. Etxe hartaz hainbat informazio eman zigun: 1738an berreraikia izan zela, beraiek 1998an erosi eta berritu zutela, eraberritze lanetan traste zahar franko aurkitu zutela...
—Behealdean, zuen logelaren alboan denda bat zegoen, etxearen zati hori ez da gurea izan duela gutxi arte. Almazen moduan erabiltzen dugu. Nahi al duzue ikusi? —galdetu zigun Xantik.
Hurrengo goizean gela hura ikustekotan geratu ginen. Ate haren atzean, errekara ematen zuen etxearen zati hartan, pistaren bat aurkitzeko ilusioarekin pasa genuen ostiral arratsaldea.