Etxe dotore aunitz
Etxe dotore aunitz
Goiz Eder Iturain

ETXALAR-ARANTZA-LESAKA-BERA
 

 

Martxoaren 5a, osteguna

 

Ideia zurrunbilo harekin oheratzean, Nekaneri eguneroko mezua bidaltzea ere ahaztu egin zitzaidan. Diru-zorroa eta Karmeleren hitzak bueltaka izan nituen amesgaizto moduan, eta gaueko lo orduak goizeko lo bihurtu nituen. Salto batez ohetik atera eta jantokira jaitsi nintzen.

        —Posible da gosaltzea?

        —Noski, atzoko berdina aterako dizut?

        —Bai, milesker, Klemen.

        Bi egun neramatzan Arantzan, eroso sentitzen nintzen; Klemenek amatxoren papera betetzen zuen, eta herritarrekin lortu nuen harremanak bertako sentiarazten ninduen.

        —Atzo diru-zorro bat aurkitu nuen elizan.

        —Elizan? Ez zuen diru askorik izango.

        —Ez, dirurik ez, baina paper bat zuen barruan “Lan gaua. Hauen etxeetan aurkituko duzu bidea. ALEBEko herriek dute g...” zioen.

        —Lan gaua? Galde iezaiozu Luziori!

        —Luzio?

        —Bai, hark nahiko kontu badakizki.

        —Eta Luziorekin hitz egiteko aukerarik izango nuke?

        —Noski, Lesakara jaistekoa naiz. Zatoz nirekin, hogei bat minututan bertan izango gara eta Luziori dei bat eginen diot.

        Gosaltzea bukatu bezain laster, Lesakarantz abiatu ginen. Eguna argi esnatu bazen ere, trumoi giroa nabari zen. Lesakara iristean euria barra-barra ari zuen. Urteak ziren bertan egon ez nintzela. Luzio zain geneukan Onin errekaren gibelean dagoen Estol Ttikiko arkupeen babesean.

        —Bai, ni Mariania etxean jaio nintzen, Arantzan. Badakizu hemen zer esaten den “Izena duenak badu esana”. Inguru hauetan bada nahiko kontu etxeen inguruan.

        Klemenek enkarguak egin bitartean, Luzioren gonbita onartu eta haren etxean, kafe baten inguruan, kontu-kontari jardun genuen.

        —Neu ez naiz gau lanean aritutakoa, baina amatxi Ines bai, zaldi gainean ibiltzen omen zen. Emakume balientea, makina bat bizipen izan zituen, haien artean etxea erre zenekoa. Ondo gogoan dut gau hura. Gaur egun Arantzako frontoia dagoen tokian zegoen eraikuntza. Etxe handia zen, 1951. urtea zen, azaroaren 26a. Ganbaran belarra egoten zen, eta su hartu zuen. Gogoratzen dut gau hartan amak taloak egin zituela. Gaueko biak aldera sutan hasi zen, lotan ginenean. Dena erre zen, animaliak ere bagenituen eta ezin izan genituen salbatu. Amatxik platerak ateratzea lortu zuen, 1900. urtekoak, benetan politak. Sukaldeko arasan izango da baxera. Mapa gordetzen duen liburua ere apalategiren batean gordea izanen dut.

        —Mapa?

        —Bai, amatxik asko irakurtzen zuen, eta liburuen artean bazuen mapa bat gordea.

        Sukalderaino hurbildu eta amatxiren platerak atera zituen Luziok. Portzelanazko plater dotoreak, hondo zurian eguneroko bizitzako eszena eta etxebizitzen irudiekin apainduak. Haiek behatzen nituen bitartean, Luziok amatxiren mapa atera zuen liburu baten barnetik.

        —Inguruko herrien mapa da, garai bateko lan gaueko ibilbideak ageri direla uste dut.

        Eskuz egindako mapa zirudien; herrien izenak eta hainbat ibilbide X bidez markatuta ageri ziren.

        —Argazki bat atera diezaioket?

        —Bai, noski. Mapa zahar bat da, baina amatxik bazion kariņo berezia. Askotan mapari begira harrapatzen nuen. Liburu batetik bestera ibiltzen zen mapa. Amatxiren hainbat liburu kultur etxera eraman nituen, etxean ez baikenien inork kasurik egiten.

        Luziori eskerrak eman eta Arantzara bueltatu nintzen Klemenekin. Honek Lesakan gazte batzuk kooperatiba moduan eraberritzen ari ziren etxebizitza baten berri eman zidan, erosteko aproposa izan zitekeelakoan.

        Arratsaldean, euriak tregoa eman zuenez, berriro Lesakara jaitsi nintzen. Erdi Aroko karrika haietan, zubi eta errekaz inguratua eroso sentitu nintzen. Kultur etxeraino hurbildu nintzen; honen ondoan, karmeldar oinutsek Nafarroan izandako komentu nagusietakoa izandakoa aurkitu nuen. Atea irekia zegoenez barneraino sartu nintzen. Garai bateko eszena eta erretratuak ikusgai ziren oraindik.

        —Zerbaitetan lagun zaitzaket? —erran zidan ahots batek.

        —Ez! Liburutegiaren bila nenbilen.

        —Zortedun zara, ni neu naiz liburuzaina. Goazen.

        Liburuzainak amatxi Inesenak izandako hainbat liburu erakutsi zizkidan. Pio Barojak idatzitakoak ziren haietako asko. Liburu bat maileguan hartu, maparen argazkia inprimatu eta herrigunera bueltatu nintzen.

        Herriko ostatuan kafe bat hartu bitartean, herriko planoa eta amatxi Inesen mapa aztertzeari ekin nion. Mapa sinbolo, ibilbide, etxe eta irudiz betea zegoen, ertz batean zerbait idatzia zuen. Ezin nuen sinetsi ikusten ari nintzena. Kaligrafia dardaratiaz idatzitako zera irakur zitekeen: “Lan gaua. Hauen etxeetan aurkituko duzu bidea. ALEBEko herriek dute g...”. Aho bete hortz geratu nintzen, amatxiren mapak eta diru-zorroko mezuak zerikusia zuten? Tabernatik agurtu ere egin gabe atera nintzen, noraezean, esaldi hauen atzean zegoena ulertu nahian. Ezkilen hotsek Tourseko San Martin elizaraino eraman ninduten.

        Elizako banku bakarti batean eseri eta lasaitzen saiatu nintzen. Mapa eskuan hartu eta berriro irakurri nuen alboan zuen mezua. Maparen erdi-erdian bide luze bat ikus zitekeen, hainbat ibilbide markatuta, etxe batzuk izen eta guzti, irudiak... Erdiko bide luzea Bidasoa ibaia izan zitekeen. Eliza ilun zegoen, atzeko leihotik sartzen zen argi izpiak margolan bat argiztatzen zuen. Bertara hurbildu nintzen, Jesusen gurutze-bidearen irudiak ziren. Koadro bakoitzak gurutze bat zuen gainean, eta zera irakur zitekeen “Pili...”, amaiera irakurtezina zen. Eseri eta une luze batez mapa aztertzeari ekin nion. Lesakako eraikuntzen izenak? Minddurenea dorretxea, eliza... Pili, bai Pili irakur nezakeen mapan ere. Zer zen Pili? Lesakako planoa atera nuen amatxiren maparekin alderatzeko. Minddurenea etxea ageri zen bi mapetan; elizatik hurbil zegoenez, bertaraino hurbildu nintzen. Harrizko eskailera-mailan, hamaiketakoa jaten zeuden lorezainengana hurbildu nintzen.

        —Hemen inguruan ba al da Pili, Pilienea edo antzeko izena duen etxerik?

        —Pepitenea, Adamenea, Juanamenea, Yoanderrenea, Minddurenea bai, baina Pilienea ez. Ez zait izen hori ezagun egiten —esan zidan sorbaldak goratuz.

        —Beharbada! Atzean dugun gurutzeak Pilirik izena du —esan zuen beste lorezainak.

        Pilirik gurutzea izan zitekeen bilatzen ari nintzena.“X”ek gurutzea irudikatzen zuten?

        —Pilirik! Izen xelebrea, ezta? —erantzun nion.

        —Xelebreagoa da gurutzeaz kontatzen dena.

        Eta istorio hau kontatu zidaten:

        “Garai batean, jainkoaren existentzia zalantza jartzen zuen edozein, mingainetik, herdoildutako iltze batetik, zintzilik jartzeko eskubidea zuen alkateak gurutze formako zutabe honetan. Ikuskizun publikoa izaten zen. Honez gain, esaten da gaizki portatzen ziren haurrak eztiarekin igurtzi eta gurutzera lotzen zituztela, eskarmentu publikotzat, euliak hauengana joateko eta molestatzeko”.

        Benetan berezia, baina zertarako zuen amatxik markatua? Mugikorra dardarka hasi zen une horretan. Enara zen. Arratseko 17:00etan geratua nintzen etxea ikusteko eta 17:30 ziren jada, guztiz ahaztua nuen hitzordua. Mapa alde batera utzi, eta etxea ikustera abiatu nintzen.

        Lau gazteren artean erositako eraikuntza zen, kooperatiban sartzeko kide berri bat bilatu nahian zebiltzan. Etxe ederra, kanpoko harria garbitu eta hainbat habe aldatzen ari ziren, barnean lau edo bost etxebizitza egiteko proiektua zuten. Gustatu zitzaidan, Nekane eta bion ezkutalekua bihur zitekeen.

        Egunak iluntzera egin zuen berriro eta, ekaitzak harrapatu baino lehen, Arantzako aterpetxera abiatu nintzen. Ohera sartu aurretik Nekaneri idatzi nion:

        “Kaixooo. Zer moduz zabiltza? Jada nitaz ahaztu zara? Inguru hau ederra da. Etxe bat edo beste ikusi ditut, zeuk ere ikustea gustatuko litzaidake. Atzo zerbait harrigarria gertatu zitzaidan. Etor zaitez asteburua pasatzera eta kontatuko dizut.

        Laster arte. Matte”.