Aurkibidea
Aurkibidea
“Arantzan etxebizitzak salgai, irakurri baldintzak” iragarki hark begiak ireki zizkidan. Baldintzak betetzen ez bainituen ere bi urtez bertan erroldatua egotea, beti hartzekotan nituen oporrak izateko balio izan zuen. Giza baliabideetara jaitsi eta eskaera egin nuen. Bilbotik atera eta amama Mari Luz jaiotako lurra ezagutzera, Nafarroara ihesaldi bat egitea erabaki nuen. Agian Arantzan etxebizitza eros genezake?
Amamak oparitutako giltzaria talisman moduan poltsikoan gorde eta Nekaneri whatsapp bat bidali nion:
“Banoa. Opor batzuk behar ditut, petralduta nabil azkenaldian. Bakarrik joatea erabaki dut, bion oporrak bateratzea ezinezkoa baita. Arantzako aterpetxean egun batzuk igaroko ditut, askotan esan didazu bakarrik bidaiatzen ikasi beharko nukeela eta kasu egingo dizut. Biontzat etxeren bat aurkitzen saiatuko naiz. Agian zeuk ere tarte bat hartu eta etor zaitezke. Muxuak”.
Giza baliabideetako Martini oporrak eskatu eta aio, Pelaio! Euskaraz arnastu, mendiko bakea usaindu eta erritmo aldaketaren bila abiatu nintzen. Bide batez, tradizioa eta istorioz beteriko lurraldea ezagutu, eta bertako etxeen prezioak aztertzea zen plana. Kotxeko gpsa martxan jarri eta Arantzara abiatu nintzen. Bidea luze egin zitzaidan, errepidea bihurgunez osaturiko sigi-saga luzea baita, baina iritsi nintzen, “arantza - ongi etorri”. Kotxea aparkalekuan utzi eta Nekaneren erantzuna irakurri nuen:
“Primeran iruditzen zait. Bazen garaia inoren onarpenik gabe zeure erabakiak hartzeko. Bakarrik egoten ikasi behar dugu. Tarteka zure mezuren bat gustura jasoko dut. Disfrutatu, matte”.