Etxe dotore aunitz
Etxe dotore aunitz
Goiz Eder Iturain

ETXALAR-ARANTZA-LESAKA-BERA
 

 

Martxoaren 8a, igandea

 

—Arantza, Lesaka, Bera eta Etxalar! ALEBE! Ritaren Bortziriak Igantzi kanpo utzirik —oihu eginez esnatu nintzen.

        —Leire! Zer esaten ari zara? Ametsetan ere maparekin?

        —Bai, zerbait argitu dut, ALEBE eta BE? Bera eta Etxalar, noski. Mezua jaso genuenean Beran ginen, Etxalarrera joan behar dugu.

        —Eta hala egingo dugu, baina Martxoaren 8ko mendi buelta egitera, ezta?

        Kotxea martxan jarri eta M8a mendi-buelta eginez gozatzera abiatu ginen. Emakume talde ederraren konpainian Etxalarko inguruak ezagutzeko beta izan genuen. Umore onez, kantuan bueltatu ginen Etxalarrera. Taldean bazen Ane Irisarri izeneko historialari afizionatua, eta honek herrian bisita gidatu bat egitera gonbidatu gintuen.

        Kultur etxean abiatu genuen bisita, Etxalarko etxeen historia eta izenez gozatu genuen Iņarrea etxera iritsi ginen arte. Izena entzun bezain laster, laino beltza burura bueltatu zen. Gurutze-bidea, BE, Etxalar, Iņarreko gurutzea... Aurrean genuen Iņarreko gurutzea.

        —Gurutze berezia, ezta? Zergati bibliko eta alegorikoak ditu: Santiagoko oskola, suge edo buztan luze bat —azaldu zigun Anek.

        —Gurutze honek ba al du irudi honekin loturarik? —vi. ilustrazioko argazkia erakutsiz.

        —Baliteke. Alde batean, Kristoa gurutziltzatuta ikus daiteke; beste aldean, berriz, Ave Mariaren elezaharra duen idazki bat duen garezurra. Veronica zuzenean irudikatzen ez den arren, Kristoren aurpegiaren unea modu inplizituan erretratatzen du: Ama Birjina minaren lekuko gisa agertzen da, eta gurutzea enpatiazko kontenplaziorako gonbidapen bisual bihurtzen da, seigarren urtaroaren ekintza errukiorraren ildotik. Ez dut orain arte inoiz lotura hori kontuan hartu.

        —Eta zein urtetakoa den esaten jakingo zenuke?

        —xviii. mendekoa, 1735 inguruan egina dela esango nuke.

        Aneren gidaritzapean egindako herriko bisita bertan amaitu genuen. Nekane eta biok gurutzearen eskailera-mailan eseri ginen. Iņarreko gurutzea ibilbidearen parte izan zitekeen.

        —Hurrengo pausoa nora eman? BEko gurutze-bidea?       

            — Elizara, nola ez! Han aurkituko ditugu gurutze-bideko irudiak.

        Iņarreko gurutzearen atzean Andra Mari parrokiko kanpandorrea ikusgai genuen. Estelaz inguraturiko pasilloa igaro ondoren eliz barrenera sartu ginen. Gurutze-bideko irudien arrastorik ez zen bistan. Elizan zebilen emakumea hurbildu zitzaigun.

        —Barkatu, baina eliza bisitatzeko ordutegia amaitu da.

        —Oraintxe alde egingo dugu, baina galdera bat egin nahiko genizuke. Parrokian Gurutze-bideko margolanik ba al da?

        —Ez, kendu egingo zituzten. Horrexegatik dugu orain bisita mugatua, elizan lapurretak izan direlako. Via Crucisa egin nahi baduzue hurbil zaitezte Santa Krutz ermitara, nahiko gurutze bada han inguruan.

        Bazkaltzeko betarik ere hartu gabe, Santa Krutz ermitara joan ginen. Tximista errekaren ondoan kokatutako ermita itxirik zegoen. Kanpoan baziren ordea, neurri handiko gurutzeak.

        —Atera ezazu mapa!

        —Bai, gurutzetan dauden grabatu berak ageri dira mapan, oraingoan amaierara iritsi garela uste dut. vi. gurutzea aurkitu behar dugu.

        Elizaren aurrean nahiz errekaren oinetan zeuden gurutzeak aztertu genituen. Irudi bereziak zituzten gurutzeak. Lehenengo gurutzeak “1799” zuen inskribaturik. Beste baten azpian bazen arrosa sorta eder bat. Elkarri ezer esan gabe harantz abiatu ginen. Elizatik kontatzen hasi eta seigarren gurutzea zen. Gurutzearen aurrean zerraldo geratu ginen.

        —Aurrean dugu, deposituaren gurutzea. Hauxe da kontrabandistek altxorra gordetzeko tokia?

        —Hau zen dena?

        —Ez dakit. Agian gurutzearen azpian? Inguruan lurperatua egonen da depositua? Nahikoa dela uste dut, ibilbide polita egin dugu depositua aurkitu nahian, baina... Nire altxorra zeu zara!

        Herrira bueltatu ginen. Plazan, bat egin genuen Martxoaren 8ko taldearekin. Azken aldarriak egitera hainbat emakume igo ziren, haietako bat ezaguna genuen, Karmele.

        —Egin zenutelako gara! Hainbat bidegurutze askatu behar ditugu, trabak zapalduz aurrera eginez! Sorginen irribarrea gara gu. Jarraitu bidea, altxorra zeurea da!

        Karmeleren hitz hauekin amaitu nuen Bortzirietako egonaldia. Irribarretxo batez, atea guztiz itxi gabe, Bilbora bueltatu ginen.