Aurkibidea
Aurkibidea
Martxoaren 6a, ostirala
Jaiki bezain laster, mapa hartu nuen. Diru-zorroko mezuak eta amatxiren maparen arteko lotura zein zen jakiteko Karmelerengana jo behar nuen, aurkitutako mezuarekin zerikusia izan zuelakoan nengoen.
Karmele non bizi zen ez nekien, baina Arantzan denek denen berri dutenez, ez zen lan zaila izan hura. Karmelek etxeko atea ireki eta barruraino gonbidatu ninduen. Sukalde hartako usainek nire amamaren sukalderaino eraman ninduten.
—Lukainka mutur bat probatuko duzu, noski! Ziur halakorik ez duzula aspaldian probatu!
Eta bai, arrazoia zuen, gozoa zegoen oso. Poltsatik diru-zorroko mezua atera eta erakutsi nion.
—Gaur egun, begien aurrean ikusten ez duguna ez dela gertatu uste dugu. Ikusten duguna ere ez dugu sinistu nahi izaten askotan. Nondik gatozen jakitea behar-beharrezkoa da, nora goazen jakiteko. Ez gaitezen ahaztu garai batekoek egindako lanaz. Ez dakit, baina, zu ikustean, pertsona aproposa zinela jakin nuen lehen segundotik, bihozkada bat izan zen.
Amatxi Inesen mapa atera nion ondoren.
—Zer da kontrabandisten mapa? Zer esan nahi du zure mezuak?
—Ez galdetu gehiegi, eta ez atera mapa non-nahi. Bidearen amaieran elkartuko gara. Bortzirietako beste herriak ere ezagutu beharko zenituzke, ibaiaren bi bazterretan kokaturik dauden herriak. Mugarekin sigi-saga egiten duten bideak zeharkatu. Eta ez ahaztu, egin zenutelako gara...
Etxe hartatik sartu bezala atera nintzen. Inguruko herriak ezagutzeko gomendioa, besterik ez nuen jaso. Pilirik gurutzeak amatxiren maparekin zuen lotura aurkitu nahi nuenez, Lesakarekin hasiko nintzen. Arantzako herria alde batera utzi eta Lesakako Matxinbeltzenea aterpetxean kokatu nintzen. Handik, Pilirik gurutzeraino abiatu nintzen; bertan makulua zeraman gizonezko bat hurbildu zitzaidan.
—Arratsalde on! Bart, gurutzearen eskailera-mailan eserita zeuden gizonezkoekin hitz egiten ikusi zintudan.
—Bai, hemen izan nintzen.
—Eskailera-maila horietan jada ez da inor esertzen. Garai batean, denok hemen biltzen ginen. Goizeroko gure kuartela bilakatu zen, hauxe, Pilirik gurutzea. Eta zu nongoa zara?
—Bilbotarra, baina birramona nafarra zen. Amatxi Iñaxi. Zu bertakoa zara?
—Bai, Lesakan jaioa naiz. Garai batean baserrian bizi ginen, baina orain semearekin herrian bizi naiz. Jada ez naiz baserriko lanak egiteko gauza. Garai batean bai, egun eta gau lanean jarduten genuen. Gauaren nondik norakoak prestatu, eta ondoren bakoitzak eguneko martxa jarraitzen zuen. Haiek bai garaiak!
—Gauaren nondik norakoak esatean, kontrabandoaz ari zara?
—Lan gaua deitzen diogu. Herri osoak hartzen zuen parte.
—Bideak ezagutzeko maparen bat izaten zenuten?
—Mapa ez nuke esango. Bideak buruz genekizkien, ez zen beti bide bera izaten, eltzetzu edo guardiei iskin egiteko makina bat estrategia ikasi genituen. 25-35 kiloko kargekin bide luzeak egiten genituen. Taldean ibiltzen ginen beti. Elkar zaintzea oso garrantzitsua zen, taldean konfiantza izatea beharrezkoa zen. Kontu garbitzeak ere izan ziren tartean. Badakizu, ezkila nahi ez duenak aditu, ez dezala soka mugitu.
—Kontu garbitzeak?
—Bai, erabili behar ez zena erabiltzeagatik. Depositua ez zen erabili behar, beharrezkoa zenean bakarrik. Hor nonbait galduak izanen dira oraindik ezkutatutako deposituak.
—Deposituak? Zer dira deposituak?
—Zerbait gertatuz gero taldean gordetako koltxoia, urrea, dirua... denetarik izaten zen. Leku ezkutuan gordea izaten zen, ez genuen beti jakiten non gordea zen. Horretarako, mapak edo plano bereziak izaten genituen, argitu beharreko bide eta kokalekuak. Ez da erraza, hainbeste diru gordea dela jakinda tentazioari eustea, horregatik zenbat eta gutxiagok jakin hobe.
—Eta zuk bazenekien non zegoen zure taldeko depositua?
—Baten berri izan nuen, baina etxeko emakumeek gordetzen zuten honen berri gehienetan. Emakumeek sortzen zituzten mapak, hizkuntza propioa izaten zuten, irudiak, hitzak... bidea jarraitzea ez zen erraza izaten, tartean bideak aldatu behar izaten ziren zenbaitetan, baita azken gotorlekua ere. Geziek alde batetik bestera eramango zaituzte —jarraitu zuen Pilirik gurutzea seinalatuz.
Eskuan zuen makuluarekin Pilirik gurutzea behin eta berriz seinalatuz alde egin zuen agureak. Zer zen seinalatzen zuena? Harrian zerbait idatzia? Gurutzea inguratzen zuten burdinazko eraztunak? Bi eraztunen artean zerbait markatuta zegoela ohartu nintzen: “z-i-a”.
Aterpetxeraino igo eta gelan utzia nuen mapa ireki nuen. “Z-i-a” bilatzen aritu nintzen, baina ez nuen mapan ezer aurkitu. Googlen ALEBE hitza sartzea bururatu zitzaidan eta zera irakurri nuen: “‘Alebe’ termino zahar edo dialektal baten erreferentzia dela dirudi, ziurrenik ‘aleve’ hitzarekin lotua. Zenbait testuinguru historikotan, ‘aleve’ (edo ‘aleff’ bezalako aldaerak) traizio-delitu bat da, oro har traizio osoa baino larritasun gutxiagokoa. Testu zaharretan ere aurkitu izan da, ‘bizio’ edo ‘lotsa’-ren sinonimo gisa”.
Traizioa? Lotsa? Agureak kontatutako deposituaren mapa ote zen amatxi Inesen mapa? ALEBEko herriek dute g... Pilirik gurutzeko gizonezkoak traizioaz, kontu garbitzeez hitz egin zidan. Mapari erreparatu nion. Erdiko marra gorria ibaia zen, Bidasoa. Pilirik gurutzea zen, agian “g”k gurutzea adierazi nahi zuen? X moduan nituen irudiak gurutzeak izango ziren. Gurutze haiek zeintzuk ziren deskubritu behar nuen.
Onin errekaren murmurioa entzunaz liburutegitik hartutako “La familia de Errotacho” liburua begiratzeari ekin nion. Berako hainbat gertaera kontatzen zituen, ezagutu beharreko herria zirudien. Une hartan, mugikorrean aspaldian entzungabeko doinua entzun nuen, Nekane zen.
—Kaixo! Bizi al zara?
—Nekane! Non zabiltza? Bazatoz?
—Museotik atera berri... Eta zu? Zertan zabiltza?
—Barojaren liburu bat ikuskatzen, “La familia de Errotacho”.
—Ezaguna egiten zait izenburua, baina ez dut irakurtzeko betarik izan.
—Etorri! Elkarrekin irakurri eta barojatarren etxea ere ezagutuko dugu.
—Ez dakit...
—Asteburua! Lekuren bat aurkituko dut Beran! Ez dut ezezkorik onartzen.
Hurrengo egunerako cicerone lanak prestatu behar nituen. Beran elkartuko ginen. Maparen istorioa gibelean utzi eta Nekaneri beharrezko harrera egiteko Berako turismo bulegoaren bila abiatu nintzen. Gizonezko batek artatu ninduen, baita informazio franko eman ere, ostatuak, jatetxeak, herria ezagutzeko audiogida... xviii. mendean eraikitako hotel bati buruz ere hitz egin zidan eta bertan hartu nuen logela. Istorioz beteriko Churrut hotelean.