Etxe dotore aunitz
Etxe dotore aunitz
Goiz Eder Iturain

ETXALAR-ARANTZA-LESAKA-BERA
 

 

Martxoaren 3a, asteartea

 

Arantzan esnatu nintzen. Eguneroko iratzargailuaren beharrik gabe, lasai.

        Gosaltzera aterpetxeko jantokira jaitsi eta Klemen izeneko emakumea gosaltzeko zer nahi nuen galdezka hurbildu zitzaidan. Eguna nola igaro programatu behar nuen; nondik hasi?

        —Barkatu, Klemen! Arantzako etxeak interesatzen zaizkit, harrizko etxe dotoreak ikusi ditut, ondare ederra duzue.

        —Bai, egia esan, nahiko zaindua dugu herria; hala ere, utzikeria ikus daiteke, badira erortzen ari diren eraikuntzak, badakizu, familietako herentzia amaiezinak. Anitz dira lan bila herritik alde egin dutenak, eta gaurko gazte asko, aldiz, herri handiagoetara joan da bizitzera.

        —Agian etxe horiek erosle bila dabiltza?

        —Bai horixe! Jende gaztea behar dugu herrian. Etxeren bat erosteko interesa duzu? Arratsaldean emakume taldea elkartzen gara Jubilotekan, han izanen duzu nahi adina informazio etxebizitzez, baita bertzeko kontuak ere. Hurbil zaitez arratseko 18:00etan.

        Inguruak ezagutzeko aprobetxatu nuen goiza. Martxoaren hasiera izanik ere, eguzkiak ongi berotzen zuen. Izpirituen santutegi bat zela entzuna nuen, eta harantz abiatu nintzen, San Juan Xar leizean dagoen baseliza txikirantz.

        Galtzada zaharretik abiatu nintzen, Arrata erreka ondoko bidexkari jarraituz. Ingurune baketsua, atsegina eta bertako kondaira berezia:

        “Duela urte asko artzain bat triste omen zebilen bere emaztea gaixorik zegoelako. Egun batean lamina bat agertu zitzaion lagundu nahian, eta honek bere emaztea iturriko urez bustitako oihalez igurtziz gero, oihalak lehortzen zirenerako sendatuko zela esan zion. Baldintza bakarra jarri zion: inori ez kontatzeko gertatutakoa. Artzainak jarraibideei segitu zien eta, oihalak lehortu zirenean, emaztea sendatu egin zen. Gizona hain pozik zegoenez, korrika joan zen gainerako herritarrei kontatzera. Biharamunean, lamina berriro agertu zitzaion eta sekretua gordetzeko gai ez izateagatik harri bihurtu zuen”.

        Baselizara iritsi bezain laster, bertan topatu nuen San Juan Xar irudikatzen duen harrizko eskultura. Baita azaleko eritasunak sendatzen dituzten hiru iturriak ere; uraren erritua egin eta Arantzara bueltatu nintzen.

        Arratsean, Jubilotekako taldearekin bildu nintzen: Pili, Klemen, Silbestra, Eugeni... denak tertulian jarduteko prest. Bertako etxe eta bizimoduaren berri eman zidaten, garai bateko dendak, erromeriak, ilun ezkilak... Salmentan etxe ederrak izaten omen dira Arantzan, Aranibar jauregia hauetako bat izan zitekeela adierazi zidaten.

        Eguna etxerik ikusi gabe eman banuen ere, bertako bakea usaindu nuen. Ohera sartu aurretik Nekaneri audio whatsappa bidali nion.

        “Eguna primeran pasa dut, baina zure falta sumatzen dut. Zu zelan? Ondo lo egin. Muak”.