Etxe dotore aunitz
Etxe dotore aunitz
Goiz Eder Iturain

ETXALAR-ARANTZA-LESAKA-BERA
 

 

Apirilaren 2a, osteguna

 

Goiza arin iritsi zen. Eiderrekin apaiz etxea izandako eraikuntza ikusteko hitzordua goizeko 09:00etan genuen. Liburuz beteriko apalategiak zituen gelarekin hasi genuen bisita. Arreta deitu zidan apalategiko kaxa herdoildu batek. Eider eta Nekane goiko solairura igo zirela aprobetxatuz, kaxara hurbildu nintzen. Kanpoan PIFT irakur zitekeen, kaxa ireki eta urre koloreko “I” letra aurkitu nuen. Letra poltsan gorde, eta Eiderren atzetik etxea ikusten jarraitu nuen. Barnean neraman urduritasuna. Eiderrek izugarrizko jarduna zuen.

        —Hemen bizi izandako Pello apaiza, maitatua zen herrian. Berak eta hainbat herritarrek zerbait ezkutatzen omen zuten etxeetan. Dokumentuak, urrea... inork ez daki zer zehazki. Euskararen defendatzaile sutsua zen. Eta etxea zer? Gustukoa duzue? —amaitu zuen.

        —Etxea ederra da... baina biontzat handiegia. Ezta, Leire?

        —Bai, hala uste dut nik ere. Eskertzen dizugu... baina ez da bilatzen ari garena.

        —Zerbait txikiagoaren bila zabiltzate? Badut atiko bat, ikusi nahi duzue?

        —Bai, ikusiko dugu.

        Eiderren atzetik abiatu ginen. Maparen oihartzuna martxan nuen, “P”, “F” eta oraingoan “I”. Antsolokueta auzoari sarrera ematen dion etxeko atikoa zen ikusi beharrekoa, Arroseko etxea. Leihoak irekitzean errotako presaren kantua entzun genezakeen, etxea ongietorria ematen ari zitzaigun.

        —Honezkero jakingo duzue hemengo gertaeraren berri? —erran zuen Eiderrek—. Trabuko delakoarena! Gurutze-bidearen eta garbilekuaren inguruan ikusi omen zuten; aspaldiko kontuak, kondairak kasik! Rita izeneko emakume bati konfiatu omen zizkion bere gordelekuak.

        Hau entzutean Nekane eta bion begirada gurutzatu zen, pentsamendu bera etorri zen bion burura, “Jarraitu BEko gurutze-bidea, PIFT koloreko etxeak, 1748”.

        —Rita aipatu duzu? Gurutze-bidea?

        —Beti entzun izan dut garbilekuan, arropa garbitzeaz gain, emakumeek lan asko egiten zutela —argitu zigun Eiderrek—, gaur Ostegun Santua izanik litekeena da, prozesioren bat izatea, gurutze-bidea hemen bertan hasi eta Kamioa etxean amaitzen da.

        Ahalik eta azkarren Eider agurtu, Nekane eskutik heldu eta eskailerak arrapaladan jaitsi genituen. Antsolokueta auzoko garbitegira hitzik esan gabe iritsi ginen.

        —Hau da emakumeen babeslekua!

        —Banekien mapa ez zenuela Bilbon utziko! Eta esku artean duzuna?

        —“I” letra. Apaiz etxean aurkitu dut, ez dut kontatzeko betarik izan. “PIF”, “T” falta zaigu!

        Nekane garbitokiaren atzean zeuden gurutzeak ikustera abiatu zen eta ni haren atzetik. Harri gorriz eginiko gurutze zaharrak ziren. Kamioa etxeraino jarraitu genuen. Garai batean, azken gurutzea han izango zen, baina gurutzearen euskarri izandakoa besterik ez zen geratzen. Euskarrian, zerbait bazegoen inskribaturik; zaila zen, ordea, idatzitakoa antzematea.

        Atzera egin genuen hasierako gurutzeak ikusteko, haietako batek “PIFT 1748” zuen inskribaturik. Gurutzearen aurrean belauniko jarri eta gurutzea haztatzen hasi nintzen, data bat zetorren.

        —Leire! Zer zabiltza? Penitentzia egiten?

        Une hartan, gurutzearen atzean zintzilik zegoen “T” letra ikusi nuen. Letra guztiak ilaran jarri genituen gurutzearen aurrean, PIFT.

        —Zer egingo dugu? —galdetu zidan Nekanek.

        Ostegun arratsalde osoa landetxeko gelan igaro genuen. Mapa, letrak, mezuak. Gurutzea aurkitu genuen, baina depositua?