Aurkibidea
Aurkibidea
Martxoaren 4a, asteazkena
Aranibar jauregira hurbildu behar nuen, baita Arantzan salgai zegoen beste etxebizitza bat ikusi ere. San Juan Xarreko bidean zegoen Aranibar, eraikuntza ikusgarria, misterioz eta istorioz beteriko dorretxea. Bidean behiekin borrokan zebilen gazte batekin topo egin nuen.
—Kaixo! Aranibar jauregira noa, bertakoak ezagutzen al dituzu?
—Bertan bizi naiz. Dagoeneko aranaztarrek Aranibar izenez ezagutzen naute.
—Unai zara?
—Bai, ni neu.
Unaik Leon Aranibar inkisidorea, Txilera joandako obispoa, larretxetarrak, burdinola eta hainbat pasarte kontatu zizkidan Aranibar jauregia erakusten zidan bitartean. Jauregia bitan banatua zegoenez, beste erdia erosteko aukera izan nezakeela esan zidan; ez zitzaidan ideia txarra iruditu.
Aranibar gibelean utzi eta herri barrenean zegoen etxebizitza ikustera abiatu nintzen, etxe-agentziako Eiderrekin. Etxea ederra zen, bertako harri eta egur ederrez eginiko eraikuntza, baina zaharberritzea beharrezkoa zuen. Arratsaldean, mezetara joan nintzen. Ez fededuna naizelako, baina Jubilotekan izan nintzenean gonbitea jaso nuenez, eliza barnetik ikusteko aukera aprobetxatzea erabaki nuen.
—Zeu ere elizara? Gazte gutxi ikusten ditugu mezetan. Gaur Hausterre eguna dugu, sartu, sartu!
Elizkizunean hogei bat pertsona bildu ginen. Apaizak Hausterre egunaren esanahia azaldu ondoren, denok zutitu eta ilaran berarengana hurbildu ginen. “Hautsa zara eta hauts bihurtuko zara” esaten zuen bitartean, gurutzea marrazten zigun kopetan. Intsentsu usainaren eta liturgiaren partaide bihurtu nintzen. Nire eserlekura bueltatzerakoan, aurrean eserita nuen emakumeak egin zidan agurra memorian iltzatua geratu zitzaidan. Aspaldian ez nuen horrelako aurpegi atseginik ikusi; ile zuria, begi urdinak, emakume irribarretsua, azala zimurrez betea izan arren benetako edertasuna islatzen duen horietakoa. Jubilotekan ezagutu nuen Karmele zen. Ikuskizun hartan nahiko parte hartu nuela erabaki eta amaitu aurretik alde egin nuen.
Zerbait hartzera hurbildu nintzen Pablo Eneara. Ordaintzeko dirua ateratzera nindoanean, nirea ez zen diru-zorro bat aurkitu nuen poltsan. Elizan norbaitek nahastuta sartuko zidala pentsatu nuen, narruzko diru-zorro zahar bat zen. Berau barraren gainera atera eta ireki egin nuen. Barnean tolestutako paper bat zegoen, “leirerentzat” irakurri nuen. “Leirerentzat? Niretzat?”, kuriositateak hartuta papera zabaldu nuen.
“Lan gaua. Hauen etxeetan aurkituko duzu bidea. ALEBEko herriek dute g...”
Azken hitza irakurtezina zen. “G...” Zer esan nahi zuen mezu hark? Papera berriro tolestu eta diru-zorroan gordetzera nindoanean, beste zerbait ukitu nuen, harri zuriz eginiko “P” letra, domina bat zirudien. Begirada jaso nuenean elizako emakume talde bat tabernara sartzen ikusi nuen. Diru-zorroa beraiena ote zen galdetu nien, baina ezezkoa jaso nuen erantzun. Une hartan, Karmele nigana hurbildu eta:
—Ezer ez da kasualitate, zure zain nengoen —xuxurlatu zidan.
Kopetilun begiratu nion.
—Zentzuzko erabakiak hartu, jarraitu etxeen ibilbidea eta dena argituko duzu.
Hitz horiekin agurtu eta beste emakume taldearengana alde egin zuen. Urduri sentitu nintzen. Zer zioen, nire zain? Afaldu ere egin gabe ohera sartu nintzen. Lo hartzea kosta zitzaidan, apaizaren eta Karmeleren hitzak bueltaka nituen. “Oztopoz beteriko egunak izango ditugu. Zure zain nengoen. Berrogei egunez otoitzean eta barau egiten egonen gara. Jarraitu etxeen ibilbidea”.