Esnatze basa
Esnatze basa
Maite Aizpurua Olaizola

ARAITZ-LARRAUN-BETELU
   

 

ADARBAKARRA (06:39)

 

Arima erratu guztiek osatuko dute biharko kontzejua

gorputzak komunalak izango dira

nabarmenkerian sinistuko duzue

eta diot:

Adarbakarrak existitzen gara

 

har ezazue eta jan guztiok honetatik

ni naiz lur nabarra

ama-luma

larreak bizkar

tontorrak konkor

errepideak zain eta

errekastoak izerdi jario

buztana aingeru

hutsunea bihotz

zuloa altzo

basoak soineko

jendeak parasito

 

prriiiiiii-iiiii! (artzainaren deia)

Toz-toz-toz-toz

 

artaldean egiten dut lo

tontorrean

etxeko zapatilak jantzi eta goi larreetatik jaitsiko naiz

jar itzazue gerri bueltak

ni erdian belaunikatzeko,

zauriak miazkatuko dizkizuet

bihurtu nazazue mito

atera desertu berde honen ahanzturatik

je suis Mari

denok gara pixka bat Mari

jarrizkidazue kateak, nik jarriko dut alaitasuna

Botadazue errukia,

emadazue errua,

beti atzealdetik,

irekidazue gasoduktoa gibelean

autobia homoplatoan

abiadura guztien tren tunelak belaunetan

urbanizazio zuriak behatz tarteetan

hutsunez sortua nago

zuloak leizeak hobiak gordelekuak

gure dekadentziaren onenean gaude2

In exelcis

 

dena doa lurpera, urak bezala,

kantu karstikoa,

historia zulatua

kalte berdea naiz

esnatze basa,

ardi larruz estalitako adarbakarra

begira, begira nola nabilen

noan hegan

banoa hegan

ostadarra gurutzatzera

 

2        Berri Txarrak taldearen Gure dekadentziaren onenean (“Payola”, 2009) abestitik hartutako esaldia.