Esnatze basa
Esnatze basa
Maite Aizpurua Olaizola

ARAITZ-LARRAUN-BETELU
 

 

FERMIN 04:48

 

Zuloaren goikaldean sumatu dute azken hatsa eta bailara asto eta zakurron kantaleku bihurtu da. Zaunka. Ulu. Arrantza. Gizakiek biharamunean ulertuko dute zertaz ari garen.

        Dak! Harrapatu duk, mezua atzemanda. Ondo ari haiz, Fermin, oraindik ere baduk atarramenturik, igorri behar duk mezua, abisatu behar duk mundua, dagoenari erantzun beharra zagok, nekatzen hauen arren besteren loa zaintzeak, bizitza sumatzen jarraitzen duk, heriotza sumatzen jarraitzen duk!

        Zerbaitetarako jaio gara mundura, bakoitzari berea, hori da etxabereon legea. Hi etxearen zaindaria izango haiz, Fermin, esan zidaten, horregatik otso manera hauek, horregatik koskabilorik gabeko zakur bizitza lasai eta kateatu hau taketari lotuta errepideari so. Ez nadin ihesi, izan nadin abere. Etxean gozo eta kanpoan otso. Zaunka. Ulu. Kosk. Laztandu dezakezue nire bizkarra, erantzun ezin ditudan galderak egin, izenez deitu, ai, zenbat gustatzen zaidan izenez deitzea, Fermin, Fermin, Fermin, baina zerbait atzematen badut akabo, ulu egingo dut azkenak eman arte.

        Zabaldu begiak ikusi ez arren, tentetu belarriak ezer ez entzuteko, gora paparra, zakur halakoa, aharrausi eta bafada haiz denerako, fu, ufa, uuuu!

        Mezua igorrita. Adarretik surtidoreraino, landetxeetatik porturaino. Halaxe egin duk hamahiru urtean, bejondeiala, Fermin.

        Isiltasunak hartuko du zuloa, baina adi, sasiak ere baditu begiak eta ontzak ere belarriak, eta uretako zozoek dena kontatzen diote elkarri, dena.