Esnatze basa
Esnatze basa
Maite Aizpurua Olaizola

ARAITZ-LARRAUN-BETELU
 

 

BISITARIAK (21:18)

 

Pozak txoratzen nago eta ez dut ezkutatuko. Bidaia honekin zeharo asmatu dugu. Bejondeigula, bejondeiala, hobeto esanda. Esaten ez dut ba nik, ez dela zertan urrutira joan, ez dagoela Galiziaraino edota Pirinioetaraino joan beharrik paraje ederretan galtzeko. Etxean bertan, hemen bertan ditugula altxorrik handienak, larre hauek, sargoria, berdea, nafarra sentitzen hasia naiz neu ere.

        Txoratuta gaude eta ez gabiltza ezkutatzen ari. Lau egun daramazkigu eta oraindik errieta txikirik ez dugu egin. Furgoneta txikia izan arren, mendian galdu arren iluntzean ezpak sastaka, ez dugu inoiz errietarik egin, ez handirik ez txikirik, ez dakit nondik datorkidan beldur hau. Erromantze onargarririk balego, gurearen antzeko zerbait izan beharko luke, on egiten diogu elkarri.

        Egun borobila izan da gaurkoa, beste egun borobil bat gehiago uda honetako agendan. Eguzkia sartzear da bere kolore guztiekin eta gainera festak dira, ze kasualitate polita, goizaldean hilda agertu den mutilzaharraren hileta bihar egingo dutela festei ez eragiteko, ze zortea gurea, nola dagoen zerua, begiraleku honetan begiek eztanda egiten dute, begira euri lainoak, begira, begira putreak zerbait inguratzen haunzkaldean! Eta muxu ematen diogu elkarri. Herri hau ez da postaletan kabitzen. Eta muxu ematen diogu elkarri, muxu-muxu, eta lizunkeriaz zeharkatzen hasten gara, aldaken arteko imana pizten da eta zure mingaina listutan itsasoratzen hazi ezpainak miazkatuz. Ume bat seko gelditu zaigu mamua ikusten duenaren antzera, esku artean pintxo morunoa, pentsamendu artean auskalo zer.

        Emakume bat gugana dator, zuzen-zuzenean, helmuga, diana sentitu naiz, herri honetan ez daude ohituta gu bezalakoetara. Gelditu da, jarri dio eskua sorbaldan, laztandu belarri atzea, zaintzen dutenek bakarrik egiten dakiten moduan. Benga, Ibon, segi plazara, jokuk dauzte ta, esan dio, barkatu, umeak guri, sorbaldak altxata ttak txiki bat egin du, pausa, eta badoa.

        —Ze, festara edo? Nondik zatozte ba?

        Kotxeak jotako basurdearen aurpegia jarri diozu tipari.

        —Amama hemengoa zen, Behekolarrekoa.

        —A bai? Kontatu izan didate bertakoek etxe hori lurpean geratu zela... ze pena! Hemen dauden etxe pilarekin, jesous, gazte askorentzako lekua dago hemen.

        Harritzarrak begiratzen ditu tristuraz, pentsamendua irakurri dizu, pentsatu dut.

        —... total, hemen ia denak gara kanpokoak!

        Ibon gerturatu da, pintxo morunoa bukatuta.

        —Bera bai, bera hemen jaio da, e, Ibon? Hemengoa zara zu. Ez da leku txarra, e, ohitu egiten da txarrenean ere, baina gero begira ze paraje, gainera gaztea izanda energia daukazue horrelako leku baterako...

        Zu ez zara gazte-gazte eta bera ere ez da heldu-heldua ere. Urte gutxiren bueltan zabiltzate, pentsatu dut, eta ze diferentzia eta ze diferentzia gutxi. Daukazue hitza esan du, gonbidapen ofizial bat ote? Bi bollera gipuzkoar lur hauetan, haurtxo txikia eskola txikira eramaten, ederra fantasia, ezingo nioke barkatu nire buruari atrebentzia halakorik, hirugarren bat gure arteko konfiantza honetan sartzen. Baina daukazue esan du, ez dut nik esan, e, berak esan du. Hemen jendeak imajinatu dezake horrelakorik, hemen jendeak imajinatu gaitzake “gu”, baina “haiek” bezala. Irudikapenen oihartzunak aztoratzen dizkit bularrak. Lotsarazi nau hogeita batgarren mendean dudan konfiantzarik ezak eta jendea baino puska bat inteligenteagoa sinesteko dudan joera honek.

        Aizu, baina zein politak labandak loratzen, behorrak moxaletan biderkatzen eta poniak puzten, liztorrak tenpluak eraikitzen. Esan izan didazu, badakit, jendea estresatuta bizi da hemen, kotxearen dependentzia, zerbitzu falta, lana erruz, eta horrelakoak, baina aizu.

        Harro begiratu zaitut, zure forma borobilek zentzua hartuko balute bezala. Beti pentsatu izan dut, neska hau, ai, neska hau lurretik dator, aldaka zabalak ditu, jentilen izterrak edo izan behar dute, urtaroen eragina ospatzen duten pertsona gutxi geratzen dira eta zeu bat zara. Ongi geratzen zaizu atzeko mendi tontorra, hain afortunatua sentitzen naiz zu miresteaz, ikusteaz, paisaia honekin bodegoi batean sartuko zintuzket, marraztu eta etxeko sukaldean jarriko zintuzket. Argazki bat aterako dizut, putreak atzean, geldi hortxe, ederki, klask!