Esnatze basa
Esnatze basa
Maite Aizpurua Olaizola

ARAITZ-LARRAUN-BETELU
 

 

NERE 09:08

 

Kotxetik atera eta zakurrak hurbildu zaizkit egunon esatera. Usaintzen utzi diet, atera hurbildu, eskuak gerrian jarri eta oles, Bixenteeeee!

        Kopeta zimurtu, hasperen, eta, Bixenteeeeeee! Oraingoan kantuka bezala, azentua bigarrenean.

        Lepoa albotara jiratu, kopeta ilundu eta azkena, Bi-xen-te, esnezaleaaaa!

        Lan honen alderik onena loturarena da. Etxe bat norbaitekin berreraiki edo haurrak edukitzea bezala, plan bat daukazu hurrengo urteetarako eta ez da gutxi. Nik ez dut haurrik, baina esnea partitzen dut hogeita sei etxetan, helduei titia ematen dien inude motorizatua naiz, todoterrenoan heldu eta zup! Hortxe lotura, errutinaren balioa, bizitzaren zantzua, zentzua. Zein ederra den bizitzari zentzua eman ahal izatea.

        Hara... filosofatzen nabil goiz goizetik, benga lanera, besterentzako lanean ari zara eta. Behiak ez dira gureak. Zulora etorri nintzenean aziendarik ez baina gehiegi neukan: denbora luze, ilusioak denak batera eta lasaitasunaren hutsune aukeraz beteta. Dena egiteke eta berdez inguratuta ikusi nuen nire burua. Bizilagunak aldakako infekzioak jo eta erreleboa behar zuela esan zidanean aukera argia ikusi nuen hemengo bizitzari ekiteko. Berak gobernatzen du baserria semearekin, eta nik inude lanak egiten ditut besteren esnearekin. Udaberrian, etxeko bildotsak hil heinean ere gure ardien esnea konjelatuta ere partitzen dut mamia egiteko, Andonik jezten ditu ama kumegabeak eta kumeaz ahaztu egiten diren arren esnea botatzen jarraitzen dute. Abortua izaterakoan ere hala izaten da batzuetan. Nik kalostroa sortu nuen, gero esne berria eta esne zaharra eta ez nuen nori eman, lagunen bat animatu zen arren probatzera. Jendeak nori emateko izate horretan asko insistitzen du, zuloak irudikatu eta ondorengoekin betetzearen asmo horrekin, ze laster etorriko da ba txikiren bat? Etxea konponduta, orain zer, betetzera? Andoni ez da animatzen, hala? Uteroaren zuloa hutsik utziko duzu?

        Hara... atzera begira nabil goiz-goizetik. Nahikoa lan daukat nik daudenak zaintzen etorriko liratekeenak eta etorriko ez direnetan pentsatzen goiza galtzeko. Bixente ez badago banoa. Txomin moxaletan izango da eta Joxe Mari, gizajoa, ea bueltatzerik baduen ospitaletik. Mutilzaharren bailara da hau, errepikatzen du jendeak hemen, etxe handi horietan haiek bakarrik, neskazaharrak bederen lagunekin elkartzen dira eta lan eta lan dabiltza, dio jendeak, horrela dabiltza bai besteen bizitzak zaintzen, entretenituta, baina mutilzaharrak, gizajoak, batek daki nola bizi diren.

        Atea bultzatzen dut, itxia dago, katea jarrita. Ea ba, leihora edo, sukaldeko panorama zer. Sukaldean gailetamaria hondarrak eta erdizka utzitako kafesnea dira bizitza zantzu bakarrak. 4x4ra biratu naiz, kapota goian eta agerian marmita bete oraindik. Nere, denboraz larri zabiltza! Ze estresagarria den landa bizitza. Ukuiluan akaso? Zabalik dago... hara! Norbait badabil. Gerturatu naiz, simaur hatza eta umeltasuna dario ukuiluko iluntasunari, kaka barrutik kanpora ateratzen da beti... Bixente? Bixente!

        Jaio gabea dirudi, amantala soinean betirako loak hartuta, eskuak hanka hankartean, bits zuria ahoan eta simaurrean goxo etzanda alboz, Bixente, Bixente, Bixente, barrutik oihukatu dut, astinduko nuke baina korrika egingo dut, herri honetan landetxeak bakarrik daude eta isilik dago dena, 4x4a hartu eta telefonoz deitzea onena. Dardaraka hasten da lurra, nire hankak ote? Eta ikusten dut gertaera kamera geldoan, auto-zineman bezala, batzuetan bizitza kanpotik ikusten da. Marmita kotxetik erortzen, esnea airean iraultzen, esnea zementuzko errepidean nahasten lurra, kotxeen olioa eta zakarrarekin batera.

        Esnea irauli da, bizitza irauli da, apurtu da katea, gaur ez da inor aterako atarira, ez naizelako joango. Bihar bai.