ISILTASUNA (00:18)
Goazen asmakizunetara jolastera:
existentzia duen ezinezko fisiko bat,
aukera guztien aurretiazko baldintza
martirio guztietako perrexila
ausentziarekin oihu egiten du
presentziarekin hustu
zer da, zein da?
ni!
Modan nagoela dirudi! Landetxeen lurralde bihurtzen ari da bailara, obra zaratatsuak eta solteren despedidak daude non nahi. Jutezko alfonbrak eta altzari nordikoak, yogako erretiroak, udatiar hiritarrak, artistak... nire omenez! Fetitxe bihurtzen ari naiz! Diote, isiltasuna behar dugu, zarata gehiegi dago! Diote, isiltasunarekin apurtu behar dugu! Ama batek bere alabari esango dio belaunaldi bakoitzean, egon hadi isilik, neska, ez dakin nor daukanan alboan eta!
Nor izango da ba? Ni neu! Nire burua entzutera ere iritsiko naiz horrela jarraituz gero... ixo! Gauerdia da, sehaskatu gaitezen, kanta dezagun batera:
Ixilka-mixilka
sudurrak zapatetara
kontzientziak iheska
xirrist!
anis eta txikito, trailarailarai
erruak bustita-bustita
lotsak dantzan
Surtidorean, trailaralarai
enteratu haiz Bixenterena?
Ixilka-mixilka
Harrak zuloa egingo dizu tripan
Egin lo
Gaua lasaia izango da, autobia eta haize errotak entzuten jarraituko dituzue urrunean, bakardadeak oihartzun egiten jarraituko du etxeetan, gau-hontzak zelatari. Ixxx... lo daude behorrak eta untxiak eta itxuraz, barneko harrak, ixxx...