KONTXI 11:18
Aurpegia zabaldu eta bekainak altxatuta agurtu dut errepidera, aio Nere, bai, aio, eskuarekin gero, Felisaren partez, bai, aio, edukazio onaren izenean. Nik beti agurtzen dut, ezezagunak ere bai. Hemen lehen beti agurtzen zen jendea, hori horrela izan da, eta ohitura onak mantendu egin behar dira. Agurtzea, gaixoengatik galdetzea, bizilagunaren ordezko giltzak izatea edota auzolanera joatea, atarira ateratzea lagunekin, nahiz eta beste zeregin batzuk izan edo belaunek min eman, egin egin behar da. Kitto.
Eguerdia da eta aulki banatan eserita gaude, ni atarikoan eta Felisa gurpildunean, galbanarako apropos, ez etzanda ez zutik. Valeria eta Claudia datoz, deskantsu ordua izango dute. Maria Luisarenean lan egiten du Valeriak. Felisari kontatzen diot, baxu, konfidentzian, horiek kontuak, hil egingo zela Luisa 80 urteren bueltan! Ja! Bi iktus eta hesteetan barizeak izanda gutxi geratzen zaio, gutxi geratzen zaio, esan zien medikuak ilobei eta dak! Haiek baserrira etorri Iruñetik izeba neskazaharren azkenak usaintzera, herentzia bizirik egonda zurrupatzea, ideia kuriosoa, Felisa, gutxienez, behin irakurri ninan liburu bat Silvia delako batena, eta horixe bera zioenan, masustak jasotzeari utzi eta urrea pilatzen hasi ginela, etorkizunean pentsatzen bizitzearen kontu hori, eta baita pilatu ere! Eskerrak Luisa ez zela ezkondu, baserria bera bakarrik gobernatzen geratu zela, berak pilatutako lana berarentzat gorde zuela, bederen, ze ederra dun atsoa, hor ziraun, atsoak onenak gaitun, Felisa, kalkulua gaizki egin zitenan nonbait, bizitza ezin dun beti aurreikusi, eta ilobak nazkatu eta Kanarietara oporretara joateko Valeria kontratatu diten. Ederra marka.
Parez pare geratu zaizkigu bi señoritak. ¿Que tal estáis, Kontxi? galdezka, hura ere, edukazio onaren izenean, horrela bai. Ondo, nik. Pozten naiz, hark. Eta zu? Kontxi, ze galdera dun hori, atzokoa eta gero, gertatu zaiona eta gero, koitadua, ez hadi sartu hireak ez diren galtzetan, baina, kontxo, galtzak ere ez genituzke jantziko muturra sartu ez bagenu bere garaian, ni gonarekin gustura ibiltzen nintzen arren, neska motzetan ze esanik ez, mojen erresidentzian, hamahiru urte eta zeharo txolinduta, gonaren dobladilloari helduka eta elkarri kontuka izterrak estutzen genituen bitartean.
Valeria kexaka dabil, después del susto de ayer, Kontxi, Guardia Zibilak goialdean paseadan zebilela geratu, ¡estoy enturcada, Kontxi!, eta izena galdetu ziola, gero nongoa zen, de dónde viene usted a esta hora, arratsaldeko 6rak izan arren eta gero pasaportea eskatu ziola erantzuteko aukerarik eman gabe eta orain pasaporterik ez eta paper bat daukala dioena zein den bere pasaportearen zenbakia. Les quitaría yo hasta el nombre a esos miserables, Kontxi, pa que sepan qué es ser nadie, bota du purrustan, gaur jaieguna dela, es fermín, baina etzi astelehenean Hiriko estranjeria bulegora joango dela Goikolako Nere galdetzera ea deportazio prozedurarik zabaldu dezaketen, sabe judas, Kontxi! Lurrera begiratu du, deskantsua ez dela deskantsu denontzat, que esto es un agujero, eta hori, ¡Calma, Kontxi, paciencia, que la vida es...!
Konponduko da, diosku Claudiak, alkateak nazionaletara deitu duela argitzeko eta bihar kontzejura joateko, zenbat gauza bihar, ale, bagoaz, eskutik heldu dio Claudiak Valeriari, presa daukagu. No sé yo, eztakit ba, Kontxi, hasperen Valeriak altuan, pero bueno, el hombre es bueno, haren ama zaintzen ibili nintzen garai batean eta kontratua egiten eta dena saiatu ziren, pena que esté casado, eta keinu bat egin dio Claudiari.
(Keinua)
Haiek bakarrik uler dezaketen keinu bat, hizkuntza propio bat darabilenaeen moduan, besteen aurrean erabiltzekoa dena, erakustekoa haiek bakarrik uler dezaketela, maitaleek edo ahizpek egiten duten moduan, edo euskaldunok oporretara joaten garenean euskaraz aritzen garen moduan inork ulertzen ez gaituenaren harrokeriarekin. Barrez lehertu dira gure aurrean, okurrentzia hutsarekin, edota klixeak hortz artean jolas bihurtzeak ematen duen atseginagatik, ez dakit. Valeria biratu, eta laztanez betetako ipurdiko horietako bat eman dio Claudiari eta, arratsalde ona pasa, jovenzuelas! esan digute eta katakumeak jolasean bezala abiatu dira, atentziorik jarri gabe antoni denda pareko kotxeen sartu-irten festa gurutzatu dute, begira, Felisa, kalendarioan jai eguna izanagatik dendan badun sekulako mugimendua.
Nik etxeko atea sokarekin irekita uzten dut, ohitura denetatik onenak mantendu behar direlako.
Marisa pasatu da suzko zezenaren pare, ale, aio, pareja! dio Marisak azkar, geratzeko asmorik gabe eta errepidearen bestaldera gurutzatuz badaezpada. Ez da giro gaur! Eskuarekin keinu egiten diot, Felisaren partez ere agurtu dut. Izerdi-lamatan doa Marisa eguneroko paseoan. Aterpetxeen herrian bizi da, bizi dira, hobeto esanda, bera eta Virginia, eta puntualitate errusiarrez ibilbide berdina egiten du egunero. Landatik portua igaro, beterri xendatik zeharkatu, ibaiaren xenda hartu, iturri-zubian buelta eman eta errepidetik itzultzen ari da Felisa. Asteartetan Virginiak laguntzen dio, jarraika joaten zaio alboan justu-justu segituaz erritmoari, eta jendea batera agurtzen dute eta jendeak batera agurtzen ditu, eta niri inbidia edo nostalgia edo ez dakit zer bat sartzen zaidan hesteetan, eta hau ere niretzat gordetzen dut, ez diot kontatzen. Marisa Iruñetik itzuli zen eta Virginiak jarraitu egin zion, Madril handi samarra zela, bere onena eman zuela gaztetasunak eta biziaren abiadurak, Marisarekin zulora erretiratzea onena zela iritzita. Inoiz ikusitako bailara ederrena zela, ezin dela konparatu hemen zozoek nola kantatzen duten El Retirokoekin alderatua. Orduz geroztik, agur, pareja!, esaten diete baina ez guri Marisak esandako modu berdinean, agur, pareja esaten dieten supermerkatuan, okindegian, udaletxean paperak sinatzera joaterakoan ere bikoteagatik galde egiten diete. Bat gaixorik bada medikuak besteari azaltzen dio agian ela izan daitekeela arrazoia eta suabe esateko, eta horrelakoak... hala ere ez zionagu guk inori gaixotasunik oparo, ezta Felisa?