Esnatze basa
Esnatze basa
Maite Aizpurua Olaizola

ARAITZ-LARRAUN-BETELU
 

 

KONTXI (05:08)

 

Loezinak jota ostotsen erritmoarekin koordinatzen ari naiz lo hartzeko saiakera guztiak, irakurketa lehenik, esnea madalenarekin eta masturbazio efizienteak eragindako hiru orgasmo eta ez da nahikoa izan sosegatzeko. Ekaitza lehertzen ari da, bibliko samarra dirudi goizalde honek, euriak freskuraz betetako ur-jalaz garbitu atmosferako tentsioa, zabaldu ditut leihoak eta arnasak, urruntzen hasi dira lainoak. Bazen ordua. Uda beteko euri zaparraden barealdia eta lilura zer den, urtaro bakoitzak dakarrena nabarmenagoa da, hemen argi dago, eta gustatzen zait itzulera sentsazio hau, eguraldi on eta txarrik ez dagoela ulertzeko patxada hau. Dagoena dago, Kontxi, ohartu gabe dator zahartzaroa, egun batean beroa eldarnio bihurtzen da eta danba, gaueko orduak bizitza berrikusten pasatzen zara: badakit, neuk erabaki nuen jubilatu ondoren itzultzea, agur esatea Baionan bizitzeko aukerari, Beatrizekin etxepeko Carrefour txikian, dendariaren au revoir, couple!, entzun eta murtxikatu eta biren izenean agurtzeari, eta ondo dago, Kontxi, agur esatea. Atturriko paseoak Errekaundi alboko bidegorrian ez direla izango, biren izenean ez duzu agurtuko zulo honetan Kontxi, eta ondo. Erabaki duzula zahartzea, eguneroko huskeria arruntekin erreboltak hezurmamitzen zahartzea, zergatik ez, mendiak sortu eta paisaiak aldatzen diren erritmo berberarekin aldatzea, egunero bizilagunen leihoak irekita daudela frogatzen eta atarietara ateratzen, noski baietz, urtaroen araberako berde mota guztien artean bereizten.

        Amantala janzten dudanean erreinua balitz bezala begiratzen diot bailarari sukaldeko leihotik. Adarra nabarmendu dezaket ilargirik gabeko ilunpean, fantasiazko izaki baten bizkarrezurra dirudite haitzek, mitologikoak berez. Euriak eusten badio, goizaldean ostadarra aterako da, eta lainopean harrapatutako gogo guztiek gurutzatu ahal izango dute zuloaren bestaldera, eta lur azpian sartuko dira, gainean gabiltzanok non zapaldu izan dezagun hatsa dugun bitartean.