Esnatze basa
Esnatze basa
Maite Aizpurua Olaizola

ARAITZ-LARRAUN-BETELU
 

 

ATARIA (18:58)

 

Beterriko miradorea deitzen diot nik izkina honi, plaza eta antoni dendaren artean dago ataria, eta laster hasiko da ordurik interesgarriena. Herrian ibili zarela esateko hemendik pasatu behar da derrigor. Apaiza jaunartzean bezala, e, Felisa, geldirik geratuko gaitun gu hemen eta pasa daitezela denak gu agurtzera.

        Karmele arrapalan dator, Nahia eskutik:

Ze pena Bixenterena, holakorik ere, animalia bezala ukuiluan akabatuta aurkitzea, eskerrak gauzak aldatzen ari diren, ze bestela, horrelako jendeak, asko sufritu du, e? Zure klasean bi lesbiana daude, ezta, Nahia? Maddi eta Maddi batera dabiltza, eta hori 10 urte bakarrik dituztela, espabilatuak datoz gaur egun. Ale, bagoaz pistinara!

        Joxe arrautza formako kotxe elektriko txikian, surtidorerantz:

Entierroa egongo den badakizue? Trepeta hau kargatzen jartzen ez badut ez naiz berehala iritsiko, diabetesarekin zirkulazioa hainbeste konplikatuko zitzaidanik ere, hurrengoa neu izango naiz!

        Andoni bizikletan eta izerdi galdatan:

Hau da beru gaurku, eskerrak lainuei, bestela ez legoke berdeik, berton atrapaute gatzen dizela emoten dau… aber ekaitzek behingoz lehertzen daben.

        Izkina honetatik behetik gora begiratu daiteke bakarrik baina ia dena eta denetarik ikusten da. Etxeko horman jartzeko moduko paisaia honetan Errekaundik zauri baten antzera zabaltzen du harria eta jende gehiena berdinean ibiltzen da hemen, errekari konpainia egiten dion errepidearen bazterretik. Begira, Felisa, mapa bat egingo dinat alderik alde, dena berde zagon, ikusten dun Felisa?

(mapa)

        Katilu bat bezalakoa dun zuloa, begiraleku bat egin diten hemen eta pista berriak goiko larrerako, Adarraren magaleraino irits gaitezken kuatroporkuatroan, hurrengo San Isidrotan. Horrelakoa dun goitik behera, Felisa:

(mapa)

 

Hauek guztiak zauden, Felisa,

ikusten ditun?

 

        Urdinak baino urdinduta ditu irisak Felisak. Zer ikusi ote duten Felisaren begiek. Pagoak 100 urte behar baditu gaztetzeko, agian beste baso batzuk, suntsitzen eta hostotzen, orain larre haizetsuak diren lekuetan, poesiarako ere ematen du denborak hemen, zer ote zagon hainbeste bizi eta kontatzeko izan baina isiltzea erabaki duenaren gogoan, e Felisa? Beste garai bat akaso, eguraldi ona eta txarra, jai eta lanegunaren artean bereizten ez zen beste garai bat, etxeetan gertatutakoa etxean geratu behar zenekoa, suposatzen dut.

        Hau komeria, heu isilik eta neu berriz, mingaina moztu ezkero ere, hitzak aterako lituzken zintzur honetatik, eta lepoa moztu ezkero azazkalek hitz egingo liketen. Isilik egoteak baino, noiz eta zer isildu asmatzeak ematen ditin buruko minak.

        Hau guztia ere bazagon, Felisa, baina zer kontatuko dinat nik hiri, dagoeneko ikusi ez dunanik. Atera ditun eltxoak agurtzera iluntzearekin, goazeman etxera, bihar Bixenteren hiletara joango naun eta etzi etorriko, ataritan egosten ditun eta babak.