Esnatze basa
Esnatze basa
Maite Aizpurua Olaizola

ARAITZ-LARRAUN-BETELU
 

 

EZPAK (19:38)

 

Datorrenaren iragarleak gara, sastatu eta gero hil egiten gara.

        Udara dakargu hegaletan, ezustea, betiereko oporretan zabiltzaten horiei. Zizta-zizta-zizta!

        Ez, ez, ez... ez gara jatorrak. Ezpala. Eztena. Ezpata. Lasai egoten gara eguzki galdatan, zain putzuetako ur geldietan, olaturik gabeko isiltasunean. Ordena ilusio aspergarria eta emankorra da.

        Euli mando halakoa!, diozue agertzen garenean. Umore gordina pizten dizuegu, pisutsuak gara, arranoetatik urrun dago gure hegaldia, gure irudia ez dago armarrietan. Kakaren bueltan gabiltzalako. Tximeletak lagun ziri-zaraka, edertasunez inguratzen garen munstroak gara, zalantzarekin zulatzen dizuegu azala, konexio neuronalak ahalbidetzen dituen elektrizitatea kolpea, galdera eragileak gara.

        (Jarri hemen zure galdera)

        Ahoan daukagu eztena. Izadia ez da kasualitate hutsa. Ezetza dakargu, baietza dakargu.

        Ezbaiaren aire berria gara euli mando itxuran. Fla-fla-fla!, inguruan gabiltza.

        Ttur-ttur-ttur ari zarete pasiadan. Eta gu sasta-sasta-sasta!

        Datorrena iragartzen dugu eta gero hil egiten gara. Jaio. Zast! Pot. Hurrengo udara arte.