TROGLOBIOAK (--:--)
Oharra:
atal hau errieta/kasketa filosofiko bat izango da,
birao zerrenda bat azken finean.
Egun batean hona sartu ginen eta hemen geratu ginen. Inork ez daki zergatik eta ez du jakingo eta ez du inportaimmanenteak gara, egoten jakin badakigu, etorkizuna ez da eraikitzen lur azpian, etorkizuna, da. Orain 15 mila urte sartu ginenean —norbaiten arbasoen - +743 belaunaldi— arbasoak bizi ziren hemen. Sua, gorotzak, hartzaren larruak usteltzen, aluak paretetan margotuta. Gustatzen zaizuelako arrastoa uztea, hilotzak interpretatzea, atzera begiratzea eta espeziea historia gisa aldarrikatu eta marra kronologikoak egitea. Hutsuneetan zuloak eraikitzea: genealogiak, sinboloak, tresnak, liburuak, abestiak, jainkoak, balio sistemak, hiribilduak... identitatea. I-den-ti-ta-te-a, ja! Kontzeptu estetikoa zarete, eskola paleolitiko bat zarete hartzak, orkatzak, arteak, eskuak eskalan margotzen, hori zarete.
Ez denbora ez perspektibarik. Lur azpian ez dago denbora lerrorik, taupada geologiko batek mugiarazten du bizitza, pentsatua izateko zehatzegia, interpretatua izateko handiegia. Anatomia espezifiko batez ari gara: antenak, azkazalak, pertikak, azal gardena eta tripak bistara. Kanpora aterako garela pentsatzea kimera bat da, alferrik egingo duzuen ariketa. Gurutzatu genuen behin ostadarra. Iluntasunera ohitzen ez bazara, gauza asko galduko dituzu. Platon eta hori, ederra kontua zuena.
Denbora da arkitektoa eta hutsune guztiak konektatuta daude. Munduko kobazulo guztiak konektatuta daude. Arraro guztiak konektatuta gaude. Lur azpiko iraultza sorra da, arrarotasuna ez da baldintza bat, ez gara underground. Arrarotasuna da, aldatzen gara aldatu behar garelako. Ez itotzeko. Korrontea datorrelako. Ez dago minaren goraipamenik, lepo mozketarik, justiziaren abanderaturik, erromantizismorako tarterik.
Guk, pasatzen ikusten zaituztegu, zuek eta zuen beldurrak. Lehen trogloditak zineten, gero artzainak, orain Tourretan zatozte, ilarak egiten dakiten gizartea zarete, nola antolatuko gara? galderaren atzetik. Kontzeptu estetikoa izaten jarraitzen duzue, orain margotzen dituzue: zakilak, maitaleen promesak, izen propioak, “indendentzia”, javi hijo puta marikon. Argiarekin zatozte barrura eta aukerak eman dizkiezue likenei, alga izan ahal duten likenak, ondoren goroldio izateko. Lur azpian transzenditu dezaketen bakarrak dira, gaitz berdearen aurrean ahulak, belardi, baso, ohian bihurtu daitezke. Koadro eder bateko paisaia bihurtu daitezke, ereserkietako protagonista edo turisten argazki. Gure artean: horri fotosintesia deitzen zaio. Edo klase traizioa? Edo garapen jasangarria? Badakigu nolakoak zareten, ez dago desertu berde baten monotonia baino gauza arriskutsuagorik irudimena martxan jartzeko, hasieran originalak imajinatzeko jada zegoena bazegoenean. Bakoitzak nahi duen hori ikusteko behar komenentziaz edo kontestuz. Baina hori, transzendentzia eta hori, zuen kontua da.