MUTILZAHARRA (22:28)
Min dauken lekure eraman behar da eskue, ama defuntuak zioen bezala, eta izter atzeko haragi bigunetan hatz mamiak sartu dizkiot eta ttak egin du gora Joxek. Benga, motel, helduko haiz, hiru koska, lau metro egur zartatu eta ohatzera, hala ba! Ufa, zintz eta ufa, puf eta ai. Dena purrusta, dena aiene, dena animalia abandonatuaren orroa eta marmarra arreta eske. Horrelaxe gabiltza. Ama joan zitzaigunetik —badira mordoxka bat urte bereak egin zuela— nekea da etxe santu honetako bizilagun egonkorrena. Uda honetan lainopeko beroa gehitu zaio. Lainopeko bero hau, zerua gris, zaparradak labur, lur azpia lehor eta azala berde. Ezin nuen berde kolore berbera aguantatu.
Herioaren ondorengoa argi zuri bat edo etengabeko hegaldi bat izango zelakoan nengoen ni, eta hara, ortzadarra gurutzatuta ere, bizirik bezain lanpetuta nabil nire lehenengo hildakoaren egun honetan, gora San Fermin!
Goizean:
leihoak zabaldu,
bonbatik tira,
etxeko zapatillak ohe azpitik atera
eta farmazian erosi zenituen antiojo kaskarrak sukaldeko mahai gainean bistan-bistan utzi.
Eguerdi partera:
leihoak itxi,
han-hemen papurrak jaso,
lurreko baldosa zartatu loredunen ertzak leundu,
egurretan agertutako zuloen gainean kartoia jarri estropezu ez egiteko,
behatz txikirik ere ez kateatzeko.
Ilundu eta gero aurreikusten ditudanak:
atakak itxi behorra ez dadin ihesieskapa,
eskailerak igotzen lagundu,
mesanotxeko kandelei putz egin,
todoterrenoaren argiak itzalita daudela konprobatu,
itoginei baldea jarri.
Garrantzitsua da etxeetan gauzek bere lekua izatea. Gustua ematen du horrela, etxeak bera bakarrik ordenatuko balitz bezala jarraitzen du, neu mamua izanda ere. Ikusezina izatea urte luzetako eskarmentuarekin lortutako abilidadea da, ez pentsa berezkoa zaidanik. Txikitan armairuetan ezkutatu eta sustoak ematera jolastetik datorkidala uste dut. Zenbat oroitzapen ezkutupeko, alkobako armairuan aitaren galtzontzillo luzeak eta amaren mezatarako zapatak jantzita. Eskailerapekoan, eskopeta eta urrezko kateak kamuflatuta eta dirdirka. Harraskapekoan, amari hainbeste amorrarazten zion han sartzea, harraskapean, han amak gordetzen zituen detergente poteak, sifoia eta atzean ardo botila. Arratoientzako benenoa jarriko diat hor eta hil egingo haiz!, errieta egiten zidan amak, beti amenazuka. Zaplatekoak ematen zizkiguten eskolan eta katekesian, baina amak zaplatekorik ez zidan ematen, beti errietan geratzen zen. Bost anaietan txikiena nintzen ni, beste mutil bat demonio, madarikatzen zuen, eta zaharraren izena jarri zidan, Joxe Miel, hura frankistekin frentean hil zenean aņo milnovecientoscuarentaicinco-n, eta horregatik amak zaplatekorik ez zidan ematen, hildakoa jotzea bezalakoa izango zelako edo. Karmen, horrela, bigundu besterik ez dun egingo, gure aitak amari, gona gorririk batere baina lezioak eskolarako inteligentea izango dun, bai, horrela kontsentituta baina, lanerako, ai lanerako, ahuntzak baino potro eskasagoak izango ditin.
Ba, zeozer bai, antza, ze zakil honek ez du astindurik ez alegriarik hartu, orain mamua izanda nahi dudana esan dezaket eta dena kontaktuko dizuet. Argigorritara eraman ninduten 13 urteren bueltan, kolegioa bukatuta neukan dagoeneko, emakume heldua, handia, elegantea, amaren antza hartu nion arropagatik ez balitz, esku batean sartzen zitzaizkion nire bi koskabiloak. Eta ea. Bapo. Orduz geroztik, ez neure ez besterenik ez dut dantzarazi. Hurbil izan ditudan arren frankotan. Mutilek egurtu eta askan amaitu nuen hartan adibidez, han bai, Julianek aurpegian jarri zidan, batek gerria, beste norbaitek, ez dakit nork, ipurgainaren kontra, baina beti arroparen gainetik. Eskuekin jo beharrean makilakada ederrak jaso nituen, eta gero behien askako ur berdea, eta beste batean albergakoa, eta beste batean errekakoa... eta beti herriko emakumeren bat purrustaka, ni zulotik ateratzen, gizajoa, gizajoa, horrelakorik ez du merezi Karmenen semeak, den bezalakoa izanda ere. Orain mamua naizela dagoeneko esan dezaket, ukitu ez ditut ukitu, begiekin ikusi ere ez, imajinatu bai ordea, imajinatu ditut mota guztietako zakilak, albora eroriak, luzangak, urdinkarak, zainik gabekoak, zuzentzen ari direnak, flanaren antzekoak, haragia dutenak, irudikatu ditut denak zergatik oso argi ez dudan arren.
Ez dakit eskopetarekin egin izan banu, mafiosoen pelikuletan egiten duten bezala, edo balkoitik bota banintz, morroiarekin ezkondu zen Errotaundiko neska zaharrak egin zuen moduan, hobeto izango litzatekeen. Baina behin heriotza alboan izanda metodo hau praktikoagoa iruditu zait, egiteari uztea eta listo, kantzerra, prostatakoa kasu honetan, etxe guztietako kontua da. Lehen Kontxi etortzen zen, baina pazientzia galdu zuen Joxe Mariren esku berde arinekin, eta dagoeneko ez nuen inor galdetzeko, Miel, kimioaren pastilla hartu al duk? Ezkutaketetarako abila hiltzerakoan ere, baina lasai, errutinari eutsiozue, dena ondo joango da, Txomin, Joxe, behorrei jaten eman eta jaitsi surtidorera menua jatera, bakarrik bada ere behinik behin jendez inguratuta egongo zarete, bijilatuta, Joxe, hik esaten duan bezala. Nik zainduko zaituztet bizirik nengoenean bezala, eskertu beharrik ere ez duzue izango. Garrantzitsua da etxeetan bakoitzak bere lekua izaten jarraitzea.