Esnatze basa
Esnatze basa
Maite Aizpurua Olaizola

ARAITZ-LARRAUN-BETELU
 

 

AULKI JOKOA 06:38

 

1-1, bana, berdinketa.

        Dena ematen gabiltza mozkorraren poderioz eta zeruaren alde bat argitzen ari da. Nire ezker ipurmasaila zure aldakaren pisuaren eta aulkiaren artean zanpatzen dela eta arnasestuka, adrenalinaz larri. Pelbisa biratzen dut atzera eta bularrarekin zure saihetsen azpian sartzen naiz, txo, ona zuan, esan dizut xuxurlan, eta zuk entzun eta kasu, entzun eta altxa. Obedientea ze haiz gero, gustatzen zaidak ba. Odolez puztuta gogoa aulkian jarri, lerdea darigu eta izerdiaz ohartzen naiz, azalaren irakinaz, goizaldeko freskurarekin ihintza sortzeko moduan nago ni, ufaka zu. Aulki jolaseko zirkulua jada ez da zirkulu, zulo beltz baten buelta gabiltzan bi basurde eder gara zentzumenak horrela banatuta:

zuk begi bat aulkian

nik bestea gerta daitekeenean

zuk entzumena jokora

ni zarraparrari tentu

zu erritualaren ohituraren bertakotasunaren altzoan

ni arrotzaren egon eta kabitu ezinaz maskaraz

zu ongi etorri Uxue aurpegiaz                                                   ni zoriontasunez esker onez lehertzen, inoiz pentsatu guk horrela kalean jolasean ibiliko ginenik, besteren aurrean.

        2 eta 1 nire alde. Eta hemen geratuko banintz hilabete batzuetarako sikiera? Eta baserria bizitzeko moduan jarriko banu? Errotu nahi eta ezin hau besteei ere gertatuko ote zaie? Irabazteak fantasia txuteak ematen dizkit eta egarria. Glakadaka irentsiko nuke kubamartini bat gehiago kolkotik behera.

        Plaza begiratzen dut eta jokalekua ikusten dut. Plaza beti plaza, plaza da frontoia, dantzalekua, erakustaldien kantxa, eskarmentuaren terrenoa. Ligoteoaren frentea, pilota jokorako kanpo eta barru marra zuzenak dituena, ene bada, berriz ere barne soziologoa martxan dabilkit errealitatea disekzionatzen, zein, nor, nola, zenbat dagoen eta ez dagoen.  Falta dira dagoeneko kirolariak, aitatxo-amatxo-haurtxo hippy dantzazaleak eta zaharrenak. Hor daude ordea, inguratzen naute mozkorrek zalapartaka lehen lerroan, eta hankazpietako nekeak ezkutatzen beherapenen zain dauden hetero guztiak bigarrenean. Falta dira sudurrari ematera joan direnak soziedadera, eskerrak!

        —Eman egurra! —oihukatzen dute.

        Ahotsa ezaguna egin zait, mehatxu itxura dauka. Zer da egurra ematea? Zer esan nahi du? Nork nori?

        —Ez zagok errukik! —konfirmatzen dute.

        Nori ari diren ere ez dakit, toka-toka-toka ari dira eta, ez da entzuten, aupa Uxuerik edo benga neska, aupa gazte! buruzuri bat sikiera, herriko gazte bat naiz, he-rri-ko-a, horrek bada ere salbatu beharko ninduke.

        Egurra ematearena, ez da animo inozentea, ez gaitezen engaina, errespetatzen zaituzte baina ez zaituzte nahi inguruan, Uxue, hori da egia gordina, neure baitako kantinela. Jokoa gelditu eta galdetuko nioke, ea zehazki nori ari den, baina ez du merezi gure arteko jolas honi horrelakorik egiterik. Beti gustatu izan zait lagunak egitea baina ja ez, dagoeneko ez da edonor nire laguna, nik kontrolatzen dut nire zirkulua. Borobila egitura gogorra da, bai, ihesaldirik gabekoa, infinituki gera zaitezke hor eta ez atera, zulo honetan bezala. Bada, erdian baldin banago, hobe defendatzen ikastea, bestela, tripaz gora geratzen den ardiaren moduan, putreak jaten dizkizu sabelak goi larreetan.

        —Animo, Uxue! Zurea da jolasa!

        Hortxe Maitane, beti eskuzabal, besteak miresteko prest. Eskua altxa eta konplizitate keinu batekin eskertu diot. Pena ordubetetik gora aspertu egiten garela elkarrekin, edo ni berarekin hobe esanda. Udara pasatzera itzultzen nintzen lehen aldietan gogorragoa izan zen sentsazioa. Jende ona dira, asko dibertitu zara haiekin, maite dituzu eta gustura zaude hemen, hau da zure lekua, hau da zure jendea, errepikatzen nion nire buruari, ez zara haiek baino interesanteagoa. Baina kosta egiten zait, egiten zaidanez. Aspertu egiten naiz, edo amorratu, haiek hitz eta pitz arruntaren bueltan eta niri aurpegia berdetzen, barne epaileari jaten ematen hausnarrean. Eta hara, berak esan du frontoi ustel honetan lehen aldiz “Uxue” altuan, horrela, bat-batean, abisatu gabe. Gauza onak ere horrela datoz, ez txarrak bakarrik. Behin ere ez dena, behin da.

        Azken tantoa etorriko da. Umetan iturburuan elkarri eskainitako zirriei egindako omenaldi intimoa da gaurkoa, eta badakigu, jolasa eta jokoa nahasita, elkarrenganako itzuleran. Ezker eskua jarri dut aulkiaren bizkarraldean, besoa-sorbalda-lepoa altxa eta barre ez, irribarre egin didazu, beti estimatu izan dut zure irribarrea, ez dira asko izaten paraje hauetan. Partida eta gero plaza erdian emango dugun besarkada da buruan dantzan dabilkidan irudia, irabazten utziko ez dizudan arren. Txerrien negarrak janak asetzen ditu eta egon beharko dira zain gure jolasean pornografia edo kalapita ikusi nahi duten horiek, badira mordoxka bat, badirenez.

        Bisitan etortzen naizen bakoitzean pentsatzen dut edonork ez duela izan horrelako inguru eder batean hazteko zortea. Zortea diot, on edo txarrik gabe, edertasunez inguratuta jaio izanagatik bakarrik zortedunak garelako, itzultzeko lekuren bat dudalako. Baserriko sukaldean erditu ninduen amak, boteprontoan, bazkaldu zuen aulki berberean alderantziz eserita. Balentria ez dadin ahaztu, tronuak “U” itxuragabe bat darama giltzekin marraztua jarlekuan. Aitonaren izena eman zidatelako, behiak zaintzen zituen morroi sentibera hura, erretratu eta anekdoten bitartez ezagutu dudana. Haraxe itzultzen naiz ni bisitan natorrenean.

        Goizaldeko ordu hauetan dagoeneko, Bixente, hilda egongo da, amaren hiru lehengusu mutilzaharren baserri zahartuan, zartatuan, baina ni nirera, aulki jolasera, edo jokora hobe esanda, nahikoa lan daukat inguratzen nauen zirkulua zaintzearekin.