Hotsak
Hotsak
Garazi Albizua

ORTZAIZE
 

 

IX
FEDEA

 

atalase-kodeak: 1. izena: hizkuntza kuantikoa. Mikroskopikoa. Hitzaren esanahia (uhina) mihi puntara (partikula) heldu aurretik, ahoskatzean, esanahia galtzen duena.

 

        Gurasoen agurraren ostean, bridak kendu dizkiogu inguruari: kaleak kale bilakatu dira, aldapatsuak zein zipriztinduak. Mendiak mendi agertu zaizkigu berriro, berde, marroi, eltxoen, liztorren eta saien bizileku.

 

        Gurasoek alde egin dute eta hori egin du lotsak ere: kendu diogu beldurra gehiegizko/gutxieneko tenperaturari, azala erretzeari, ur nahikoa gurekin ez eramateari, freskatuz gero, badaezpadako jertsea ahazteari.

 

        Txorizo eta gazta bokatak eginda kotxean sartu gara, Ainhoa bisitatzeko xedez. Beroa da. Bidean pentsatu dugu igual ez dela ideiarik onena. Leku ospetsua da. Akaso, jendez lepo egongo da, toki turistikoa.

 

        Leihotik at ikusi dut grazia egin didan zerbait: tokiko behiak —Akitaniako blonda behiak— eta txori zuri batzuk —Ardea Ibis—, muturrekoak izan daitezkeen bi izaki, behia (marroi argitsua, handia oso, pisutsua erabat) eta hegaztia (arina, zuri-zuria, txikia) trankil dira, eguzkiaren epelean, gozagarri. Lorategi bitxi baten uzta iruditu zait, atalasearen arnasadunak.

 

        Ainhoako turismo bulegoan jasotako gomendioei kasu eginez jarraitu ditugu beste hamaika turista, gurutze zuriz markatutako bide batetik gora. Prozesio turistikoa suabe-suabe mugitzen da.

        Kiroletako arropak eta oihal arinak, zapatilak eta flip-flopak.

        Harri txikiak, lurra, zuhaitzak.

 

        Gurutzeek, behintzat, ez dute Kristo gurutzatuta. Ez dakit neurtzen Elizak gurean duen garrantzia. Ez dakit neurtu nahi dudan ere. Ez dakit zergatik lotu dudan gurutzeen irudia Cristina Moralesekin. Aspaldi izan zen Bilboko Gutun Zuria jaialdian. Hamaika gogoetarekin batera esan zuen metaforen bidez soilik lortu ahal zela komunikazio zintzo bat. Hizkuntzak ezarritako limiteak apurtuta, pentsamenduaren atarian sortzen zela baleko adierazpena. Momentu horrek arima zuela.

 

        Gurutze zuriei jarraiki egiten dugu gora. Simone Weil ere aritu zen gizakien dimentsio espiritualaz. Zenbat gurutze daude? Hannah Arendtek autoritatea, egiazkoa, fedearekin lotu zuen saiakera batean. Ermitara heltzen ari gara, hilotz batzuk daude, pottokak lurrean etzanda zein belarra jaten ari dira; turistak batekin eta besteekin argazkiak ateratzen. Gorotzak han eta hemen.

 

        Aitak erlijioa (edozein) gorrotatzen du, txikitan akolitoa izan zen Derioko apaiztegian. Ez du askorik kontatu garai hartatik, ez du askorik kontatzen ezeren inguruan, baina erlijioarekiko herra oinordetzan jaso dugu ahizpak eta biok. Erlijioak barik, zerk mamitzen du fedea?

        Fedea egarri eta gose den izaki bat iruditu zait, hor eta hemen, kristautasunetik ihes, ahora  zer eraman bilatzen dabilena.

 

        Azkenik, gurutze zuri askoren bueltan, tenplario agnostikoak heldu gara gailurrera: bero handia. Kremarik ez. Ur gutxi soinean.

        Gerizpe sakon baten azpian hartu ditugu bokatak. Jatetxerik ez, aire egokiturik ez, zenbait inurri mahaian. Eta iturri bat.

 

        Isilik lotu gara tarte batean. Mugikorra atera eta grabatu egin dut.

        Mungiara, eraman nahi dut isiltasunen katalogoa.

 

        Bk ura buruaren gainetik bota du eta txorizo zati bat erori zaio lurrera.

        Isilik lotu naiz orain ere berari begira. Ez dut grabaketarik eten. Ikasi nahi dut barne hizkuntzaren mugak adierazitako haserrea ahoskatzen.

 

        Trankil, ama, egiten duen beroarekin berehala lehortuko naiz, eta txorizoa animaliatxoren batek jango du, bai?

 

        Bueltan, Ortzaizen, Bk berehala alde egin du auzokideen alabekin jolastera. Egun gutxi falta dira egonaldia bukatzeko. Ek eta biok apenas gurutzatu ditugu bost hitz auzokoekin. Bk, ordea, euren sukaldean egin du dantza.

 

        Hizkuntzaren eta isiltasunaren burrunba buruan dudala, gogoratu dut Elena Casiriainek Geuretik Sortuak bekaren aurkezpenean esan zuela euskaldun izateko modu asko dagoela. Izateko eta egoteko moduak aztergai izan ditut Ortzaizeko egonaldian.

 

        Egunean murtxikatutako ideia guztiak batu zaizkit.

        Epifania.

        Parabola erlijiosoa zein metafora literarioa. Badut jakintza. Kuantikoa.

        Kaiera hartu dut, baina idaztear nagoela, ulertutakoa desagertu egin da.

 

        Lotutako hitzik gabeko tartean, gozo-gozo barreiatu naiz. Ek terrazara atera ditu pernila, gazta, arto ogia eta ardo beltza. Bk jolasten jarraitu du.

 

        Oporrak opor bilakatu dira.