VIII
SAIAK/SARIAK/SASIAK
espektatiba: 1. izena. Zerbait egiteko edo lortzeko desegin beharreko mataza.
2. emozioa. Hotsak desegin ezer entzuten ez den toki batean, bazterrak antzemateko itxaropenez.
Sari bat irabazteko itxaropena. Sari batek irekitzen dituelako ateak. Sariak erakutsitako bideak argia duelako. Sariak argitutako espazioa gosetutako belarriz eta ahoez josita dagoelako. Sariak gorpuztutako hitzek jakin-mina/espektatiba ase dutelako.
Edo ez.
Egonaldia egin aurretik jakin dut Termita eleberria hautagai dela Euskadi literatura sarietarako gaztelaniazko aukeran. Sari bakarra. Zenbat eleberri egongo dira hautagai? Hamaika. Zenbat idazle esperoan? Bat. Saria bakarra da.
Pentsatu dut hori irabaziz gero, lan-utzialdia egin dezakedala elkartean. Bestelako lan kargarik gabe buruan, idazle jarduna zer den aztertzeko.
Edo ez.
Ortzaizera etorri naiz, egonaldi literarioa egiteko. Gaur, Haizemendira igo gara:
Laburbidea. Iratzeak. Sasiak. Ezagutzen ez dugun animalia baten gorotza. Harri txikiak, bide estua. Hezea. Eltxoak. Eltxo piloa, sudurrean, ilean, lepoan, besoetan.
Ama, aita, ni pintxolari naiz. Babestuko zaituztet. Ikusi, ni egonda pintxoek ez dizuete minik emango. Pintxolari naizelako. Hau zortea zuena: pintxolari bat!
Eskuak belarrietara eraman eltxoen, eltxo mordoen, burrunba ez entzuteko. Eskuak belarritik kendu B sasietara erortzea saihesteko. Eltxoen burrunbak janda, pintxolaria altxatzeko itxaron. Itxaron, eta berriro bideari ekin.
Goian, gailurrik gabeko haranean, ezker pareta bat. Pareta ezkerraldean utzi eta apur batean paseoa jarraitu dugu: bidea lurrezkoa da, zenbait harriz osatua; eta sasiek babestua, zelatariek bide inperialari nola.
Ez da ezer entzuten. Ez dago eltxorik. Eskatu diet Eri eta Bri apur batean isil egon gaitezen. Mugikorrarekin grabatu dut isiltasun hotsa. Ezinbestean, gora begiratu dugu, zerua lainotua dago, eta badira hainbat sai inguruka. Ama, zer dira txori horiek? Politak dira. Handiak dira.
Saia: hegazti harraparia, handia, mokoa kakoduna eta burua eta lepoa soilak dituena, batez ere abere hilak jaten dituena —batez ere—. Asko daude. Berrogei baino gehiago. Eta jan egin behar dute. Eta heriotzaz baliatzen dira elikatzeko. Eta beraz, zenbat abere hilda —batez ere— daude putreak ase ahal izateko? Zenbat denbora eman ahal dute jan gabe?
Mugikorrean, bilaketa arin bat egin dut: sai bakarrak, egunean, bataz beste kilo erdi sarraski jan behar du.
Animalia hilak behar dituzte —batez ere—, gorpu bila daude —batez ere—. Zer gertatuko da, haragi ustel nahikorik ez badago? Bakarrarentzako saria al da? Elkarren harrapari izango dira? Esaterako, konplota egin dezakete ahulena jateko? Esaterako, hor, pixka bat aparte, hegaldi borobilaren azkeneko ondulazioan dagoen horri oldartzeko?
Putreak hori ere badira: norberaren mesederako inolako gupida barik egin behar dena egiten duena. Errukirik gabe.
Zer azaldu bost urteko umeari?
Inozentzia babestu.
Burbuila-haurrak hazi.
Ezpainean hozka egin, Juan Kruz Igerabiderekin gogoratuta: “Otsoa ez da otsoa, umearen beldurra da”. Otsoa agerrarazi beraz?
Arnasa bota.
Heriotza maite duten animaliak dira, bihotza; esatear nagoela: Aita, galdera bat; Bai, laztan?; Hartuko didazu hor goian dagoen masusta?; Jakina, maitea.
Beheko bidea errepidetik egin dugu, lokatza, eltxoak, eltxo mordoa, eta sasiak saihesteko asmoz. Ezkerreko bazterrean, euliak. Asko. Eta zerbait handia, grisa, mugimendu gabekoa, makina bat euli azpian. Ez dakit arnasketa urrutitik antzeman dezakedan. Baina irmotasun horrek ez du zalantzarako tarterik uzten: hor dagoena hilda dago.
Katu bat? Galdetu diot Eri; buruarekin ezezkoa egin du, handiegia da. Azkonar bat. Azkonarra! Ikusi dugu gerturatu garenean, Bri erakustera joan naiz, baina eskutik helduta, Ek eta Bk lasterketa egin dute, askaltzera, nor helduko den lehen.
Akaso, hurrengo batean.