I
PRESTAKETAK
zaku: izena. Ehun edo paper latz eta gogorrez eginiko zorroa, gehienetan handia eta sakona, goialdean itxi daitekeena. Gardena eta pisutsua. Sorbaldan bermatu ohi da. Leku edo habia eginez. Bakoitzaren mugidak bazkatzen ditu, hiru edo lau aldiz, egunean, konkor bilaka daiteke, garau edo buruko mina. Inork ez du ikusiko. Eta halere, esku artean har daiteke, forma eman eta bota. Beste bati pasa, bestearena hartu, elikatu, sorbaldan ipini eta mendi bilakatu.
B dut begira. Malkoak. Ezpainak hozkatuta. Gorritzen ari da. Akaso, beldur izpi txiki batek zeharkatu dio begirada. Beharbada.
Ni isilik nago. Isilik eta haserre. Oso haserre, hitzak korapilatu zaizkit eztarrian, totelka ateratzeko mehatxuka. Ez ditut esango. Jan egingo ditut.
Ez dakit euskaraz haserretzen.
Askotan beldurtzen nau Bren eta nire arteko isiltasunaren pisuak. Zati bat kendu, horrela, eskuarekin harea hartu nahiko banu bezala, eta zakura sartu dut, hori ere gurekin eramateko oporretan.
Ortzaizera hamabost egun barru joango gara. Familia-opor literarioak dira, idazteko oporrak, ez dakit esaldiko oximorona ere zakuan sartu. Elkarri pasa ohi diogu Ek eta biok. Zakua diot, oximoronak ere bai, bikote arteko mugidak. Zakua, beraz, Eren eta nire arteko pilota da; batzuetan, Bk ere parte hartzen du jolasean, bost urte ditu, bere esku-hartzea beti da ezohikoa, ez arautua, nork sortuko du araua? Ek? Nik? Oporrek? —Oporrak ondo pasatzeko dira. Oporrak deskonektatzeko dira. Oporrak onak dira—.
Oporretan osatu nahi dut Mungiako isiltasun zauritua.
Zelan entzungo da herrian isiltasuna? Orain, ordenagailuan idazten nabilela, teklek markatzen diote oinarria; baita Bren errotuladoreak paperaren kontrako tarra-tarrak ere; Whatsappeko mezuak; ama, ikusi, zer egin dudan! Aitatxu noiz helduko da? hitzek; Thunderbirdera heldutako postek, eta leihoa itxi aurreko kotxeen zaratek.
Baita haizeak ere. Etxeko ikasgelaren leihotik gaztainondo erraldoi bi ikus ditzaket, aurreko isiltasun elektrikoa baretzeko kapaz dira, batzuetan. Ikasgela ere ez da beti horrela, Bren jolasek, Eren eta bion kiroletako tresnek, arropek, motxilek, biolontxeloak... lekua zanpatu diote, eta, halere, isilik, eta, halere, ikasgela.
Bk berriro hitz egin du, isiltasun beharrak gortu ditu hitzok, ez, ordea, musikaltasuna. Konturatu naiz, idatzitakoa irakurtzean, buruan nire ahotsaren doinua entzun dezakedala, Bren ahotsa berea da, propioa, baina mezuena? Digitalki heltzen zaizkidan letrek, doinua al dute?
Bi doinu mota bereizi ditut: emakume eta gizonen ahots estandarrak.
Mugikorraren pantailan irakurtzen ditudan elkarrizketen soinua normatiboa da, ez dut disidentziarik asmatu, ezta eztulik, ezta lagun batzuek berezia duten ahots sakon edo lehorrik ere. Denak zeroak edo batak dira, dualismo digitalak agintzen du nire buruan.
Ahotsak grabatuko ditut, sortutako doinu mugatzailetik haratago, entzuteko.
Hori ere zakura. Buruari bide hori jarraitzeko baimena eman aurretik, egonaldiaren xedeari heltzen diot: jakin nolakoa den haizearen hotsa Ortzaizen, nolakoa errekarena, ea alderik duten Mungiako Butroiko uren zipriztinek eta bertakoek. Aztertu gure isiltasuna, ikusi gauza bera margotzen dudan buruan Mungian txori esaten dudanean edota Ortzaizen txori hitza idazterakoan. Bai B, bai E igualak asmatzen ditudan Mungian edo oporretan. Eta baita zakua ere.
Zakua betidanik egon da. Hau da, hizkuntzaren aurrekoa da. Hizkuntzarekin eman ohi diot hasiera nire barne historia ardatzari. Horren aurreko denbora nebulosa batek jan du. Aukera dut aztertzeko, ikertzeko eta ardatzaren hasiera beste nonbait ipintzeko, baina ez dut gogorik; horregatik, zakua nire nagiak sortutako nebulosaren garaikoa da, lengoaiaren aurreko izakia.
Zaku bat norberarena. Horrela dago ezarrita. Zamarekin dator. Beti. Zama horrek bi bide izan ohi ditu: zakuaren barnetik gorputzera erortzen deneko norabidea jarraiki egindako ibilbidea, eta gorputzetik kanpo, bizkar gainera, zakua bermatua dugun habiara emandako urratsak.
Zakuak, onddoen moduan, mizelio propioa du, gizartearen kontzientzia barrena hedatutako sare kilometrikoa da. Beraz, konektatzen ditu hainbat zama. Nahi izanez gero, kanpoan baina lotuta dugun pisutariko bat gehi diezaiokegu lepo ondoko konkorrari. Izan ere, zakua erraldoia da, ikusezina izateagatik nahi beste leku okupa dezake. Familian, berehala, loditzen da.
Zakua eramango dut/dugu Ortzaizera.
Ezinbestean.