IV
NEKEA
familia: 1 izena. Senideen sailkapenean, ahaidetasunak aginduta, ondare bera dutenen izakien multzoa, ordenaren eta generoaren arabera mailakatua.
2. emozioa. Gehiegizko elkar hartzeak eragiten duen ahultasuna; horren ondoriozko egoera.
3. izena. Arazoa, buruhaustea, zailtasuna.
4. maiztasun neurria. Maitasuna.
Dendariarekin begirada gurutzatu nahi dut. Ezinezkoa da. Haren jomugak pertsona oro zeharkatu du. Turista bat. Beste turista bat. Eskaera doinuak arrantzatu dio arreta. Erdipurdikoa. Ezpainak mugitu ditu burua biratu gabe. 15 euro dira. Ondoko turista batek beste zerbait galdetuko dio. Edo akaso gauza bera. Eta hurrengo batek ere antzera.
Sartuko gara denda horretara?
Ez. Merkataritza-gune batean nola, amak Donibane Garaziko dendak miatzen ditu.
Baina bero naiz. Eta mantel ederrak dituzte, ezta? Ea, B, zatoz amamarekin.
Amak gutxitan, noizbait?, kasu egiten dio nik esandakoari. Ikusi ditut lokalean sartzen, behar ez dugun mantel bat erosteko. E eta aitarekin batera aurrera egin dut aldapan gora.
Belarrian habia egin du nekeak: turistekin talka egitean saihestean, arropak ukitzea. Galtzadaren kontrako urratsak, ezagutzen ditudan hitzak eta ezagutzen ez ditudanen marmarrak. Lastoa eta adarrak bailitzan harilkatu ditu asperdurak. Aurikular ikusezinaren hasperenak markatu ditu dendariaren eta nire arnasketa erritmoak.
Galtzada harria. Erromesen botak. Orkatila bihurrituko duten sandaliak. Motxilak. Liztorrak. —Liztorren beldur naiz—. Hizkuntz zurrunbiloa.
Ba al da garagardorik hartzea herri honetan? Merkatu bat dirudi. Ez dut gustuko. Eta zure amak badaki non gauden?; Bagaude nonbaiten, akaso?; Hor goian izozkiak saltzen dituzte; Eta garagardoa? Baietz esango nuke; Bidali whatsapp bat amari; Baina ez dugu zitadela ikusiko?
Gurasoen bisitek beti behar dute aurretik zehaztutako estrategia planen bat.
E eta biok nire gurasoen bisitaren nondik norakoak aurreikusteko estrategia jokoaren afixak banatu ditugu (biok gara rol jolasen zale): Ek % 60 pazientzia, % 40 plan-egile gaitasuna du. Nik: % 50 ezaxolatasun gaitasuna, % 50 atsegintasun abilidadea. Hara, maitasunez aseko hippya niretzat, komandante jatorra Erentzat.
Egunaren % 10 pasa da, eta ezaxolatasun neurriak behera egin du nabarmen. Nabarmenegi.
Donibane Garaziko bisita arazo bat bezala ikusi dugu Ek eta biok. Konpondu beharreko buruhaustea. Ohituta gaude. Nire gurasoen espektatibak eskuartean hartu, eta forma ematen diegu: mesedez, arren eta faborez, aukeratutako jatetxea ondo egotea, eguraldia egokia izatea, kalean gustura ibiltzea.
Donibane Garazik badu horretatik asko. Beharbada lasaitu eta egunak aurrera egitea baino ez dugu behar. Beharbada konturatu egunak aurrera egingo duela guk zerbait egin edo ez. Beharbada afixak apurtu eta izozkia hartu, leku garesti horretan, zapore artifizialduna.
Gauean, etxean, sofan, kaierean idazten nagoela, B etorri eta galdetu dit ea zeozer apuntatu dudan, jakin nahi du zerbaitek arreta eman didan. Turista mordoa eta dendari zonbien kontuarena esan diot. Bitxi begiratu nau: ez duzu erreka —Beherobiko erreka— paseoko ariketa fisikoen txapelketan nik irabazi dudala apuntatu? Edo jan dudala zure postrea, zeren etorri dira bitxito bi —zazpi bat liztor— eta oihuka altxatu zara eta joan zara? Edo amama lo geratu dela banku batean eta bakarrik utzi dugula siesta botatzen eta gero argazkia egin diogula? Edo sartu garenean tren horian superzortea izan dugula zeren gidariarekin batera txakurtxo txiki bat supermegapolita kopilotu egon da, eta ez diot ulertu izena baina laztantzen egon naiz, nahiz eta zuk esan lehenengo galdetu behar niola gidariari, eta ez diot galdetu txiza egitera joan zarelako?
V
MINA
hilekoa: Begiratu Euskaltzaindiaren hiztegian zer den hilekoa. Irakurri bi definizioak: 1. “iz. Emakumeak hilero umetokitik odola galtzea”. 2. “iz. Hileko saria, hilean kobratzen den soldata”. Lehenengo esanahia ulertzeko bi adibideei erreparatu: “Hilekoarekin egon”. Egoera bat, beraz. “Hilekoa nuelako”. Arrazoia.
Nabaritu malaletxe bat. Arrazoi gabekoa. Nonbait, nekatutako haserrea ere badena. Zaharra delako. Gizateria beste.
Ez da gau ona izan. Mina. Hilekoagatik. Hilabetero mina dut. Berdin du Mungian zein Ortzaizen. Mina ere hilekoaren iragarle da. Aurreko bi egunetan edo, puztu egiten naiz eta egunaren argia apaltzen zait. Horrelako hautsez betetako tristura pausatzen zait gerrian eta begi-ninietan.
Mungian, gauean, ohean, uzkurtuta esnatzen naiz. Altxatu, ibuprofenoa hartu, hazi-zakua mikrouhinean berotu, ohera bueltatu. Uzkurtu berriro, zakua hanka tartetik sabelaldera bermatu. E ohe ertzera bidali, espazioa behar dugu minak —eta etsipenak etahaserreak eta tristurak— eta biok. Arnasketa sakondu, loak hartzea erregutu.
Ortzaizen, gauean harrapatu nau karranpak. Altxatu, ibuprofenoa hartu, hazi-zakurik ez dut ekarri. Logelatik atera eta hurbildu naiz kaleko atera, kristalezkoa da. Iruditu zait norbait dagoela zelatan. Pertsona beldurtia naiz. Oso. Halere, minak beldurra lausotu du. Argia piztu. Errezelak dira pertsona/mamu formadunak. Amatatu argia. Iluntasun gotortuak busti nau. Oilarraren kanta entzun nahi dut. Non dago oilarra? Arnasketa sakondu, eskuekin lagunduta topatu berriro oherako bidea. Sartu izara azpian, E ohe ertzean dago gurea baino handiagoa den ohe batean. Handiegia. Gerturatu Eren sorbaldara.
Goizean, euria ari du. Etxean lotu gara, B marrazkiak egiten eta ni irakurtzen, E Haltzamendira igo da. Irakurtzen nabilen eleberrian azpimarratu dut: “[...] Maeterlinckek dio: Sokrates ateratzen bada etxetik gaur, jakintsu bat aurkituko du atalasean. Judas ateratzen bada gaur, Judasena egitera eramango dute bere urratsek. Bizitza orok ditu egun asko, egunez eguneko segida. Geure buruetan barrena aurkitzen ditugu pasaeran lapurrak, mamuak, erraldoiak, agureak, gizon gazteak, emazteak, alarguntsak, koinatuak, baina betiere geure buruarekin egiten dugu topo [...]”.
Horrelako determinismo literario filosofikoak hondoratu nau sofan. Ez dut liburua itxiko. Joyce da. Esan diot nire buruari: ikusi zelan deskribatu dituen pertsonaiak. Jarraitu apur batean. Baina patuak eta emakumeen izaerak gizon jakintsu —jenio— horien literaturan, are eta gehiago bizkortu dute nire tristura/egoera/arrazoiaren herdoiltze abiadura.
Hilekoarekin nagoenean, malaletxea bustitzen zait adurrean, nonbait. Beraz, esaldiak hoztuta ateratzen zaizkit. Zaizkigu. Bilatzen ditut hilekoaren akordeak hemen eta Mungian: iruzurti-sindromearen erritmo baxua (diseinu grafikoa ikasi duzu, egin logoak, zelan emango duzu zuk hitzaldirik), edertasunik ezaren kortxea arinak (lodia, ile urdindua, azal zimurtua), ameskeriaren konpas hutsalak (beka irabaztekotan, saria jasotzekotan, liburua saltzekotan).
Egunean zehar, topatu dut tripako kanta.
E menditik bueltatzean: Bo, ze polita! Gainera, igo aurretik, laborari bat behien larrera heltzen ikusi dut, txekortxoak txakurra ematen zuen! Agurtzera gerturatu zaio, kontent-kontent! Bri kontatu behar diot!
Ni: Txekorra haragirako izango da.
Arratsaldean, nahiz eta eguraldiak hobetu duen, etxean lotu gara. Erekin Terraforming Mars mahai jokora jolastu naiz, Marte konkistatu behar da, ur zonak sortu, basoa erein, proiektuak aurrera eraman; azken batean, planeta bizigai bilakatu. Partida erdian, heldu da ama:
Aprobetxatu duzu egun ona? Egin duzu ibilbiderik? Errekan egon zara? Irudiren bat margotu duzu? Informazioa batu? Herria ezagutu?
Afaria prestatu bitartean gerturatu zait B. Auzokoen alabekin egon da jolasean. Pozik dagoela esan dit. Oso pozik. Eskerrak. Eta gehitu:
Ama, ile laburra duten amen artean, ederrena zara, baina bestela ez. Trankil egon, ez da ezer gertatzen. Ados?
Ohera sartu aurretik, berriro egon naiz tarte batean iluntasunari begira; hori baino gehiago: atera naiz terrazara gaueko zerua mirestera. Euriak garbitutako aire hezea arnastera. Ze ondo usaintzen duen. Eta oskarbi dago. Izarrak. Asko. Baten bat mugitu dela iruditu zait. Izar iheskorra! Patua/mina/pertsonaia literarioak aldatzeko aukera.
Beso bat antzeman dut gerrian eta musua buruan. E da. Jarraitu ditu nire begirada eta poza:
Abioia da, laztana.
E barrura jarraitu aurretik, besarkatzen dut tripa. Nire buruari agintzen diot ez dudala medizina hartuko, ez dudala mina arinduko, ez ditudala hilekoaren hots goibelak aintzakotzat hartuko.