Hotsak
Hotsak
Garazi Albizua

ORTZAIZE
 

 

III
UHINAK

 

ondulazio:        1. sentipena. Arnastu bitartean, uhin forma hartu edo eman. Haizeak eraginda, azal erabilgarrian hedatzen dena. Batez ere, ume batek harri bat nonbaitera botatzean edo esku batek dilistak lapikora jaurtitzean, gorputzean hedatutako ikara, bi egoeren talkak sortua.

                2. bibrazioa. Mugimendu periodikoa izan daiteke.

 

        32 gradu inguru. Bidea eguzkitan. Oinez, etxetik zazpi minutu. Errekara heldu aurretik, zuhaitzak. Oihana. Ezin da kanpatu, seinalea, debekua. Bizidun formak lerrotzeko araua.

 

        Laka errekan gaude.

        Elkarrizketak mozten dabilela diotsat Bri. Ez aztoratzeko urik, mesedez. Urak haizearekin hitz egiten duelako, haizeak lagunduta egiten duelako aurrera, belarra, hostoa, buztina... Guztia da elkarrizketa horren parte. Gu, ordea, ez.

        Ondo iruditu zaio; halere, segidan pare bat harri aukeratu eta errekara jaurti ditu.

 

        Gure ondoan, familia bat egon da: gizon eta emakumea, bi alaba; biak ilehori txirikordadunak. Harriak uretara bota dituzte, harriak uretan salto eginaraziz, hiru edo lau jauzi, urperatu bitarte. Bk bakarrean hondoratu ditu harri denak.

        Gero eta gehiago hurbildu zaie, jakin-minak gidatua. Nik beste alde batera begiratu dut, inspirazio bila nagoela argudiatuz. E saiatzen da gure alabaren kuriositatea —frantsesez hitz egiten dute? Baina ez dakite euskaraz? Zelan egiten dute harria ez erortzeko guztiz? Horrela?— eta besteen intimitatea errespetatzeko balantza orekatzen.

        Nik argazkiak egiten ditut. Soinuak grabatu.

 

        Familia joan egin da.

        Erreka gora goaz, ikertzera; dio Ek.

        Bakarrik lotu naiz momentu batean. Idazlea eta bere isiltasuna. Idazlea eta natura. Argazkia egin diot adar bati, apenas hiru zentimetrok urruntzen dute ura ukitzetik. Zerbait apuntatu nahi dut kaierean. Tarte hori ulertu nahi dut. Zer idatzi? Egongo da ur horretan, harri horietan, hostoetan, beharbada, distantzia murriztuko duen bulkadarik? Idazketarik?

 

        Samanta Schweblinek Fever Dream eleberrian hitz egiten du salbatze-distantziaren inguruan, bada neurri bat, omen, ama eta haurraren babesa arautzen duena; hortik kanpo, ez dago deus egiterik. Adarra eta ura, idazlea eta ideia. Zenbat zentimetrok banatzen gaitu talkatik?

 

        Ikusi, ama! B deika ari da. Presa moduko bat egin du. Harriekin lortu du putzu bat eratzea errekan. Eta, ikusi! Eroritako hostoak paratzen dira harritxoen zuloetan!

        Ek, bai, horrela presa sendotzen da.

        Bk, ez ba, ura gorde da.

 

        Bk hitz egiten jarraitzen du, oso ozen hitz egiten du; bihar etorriko gara eta presa handituko dut. Ziurrenik, bihar, ez da egongo; dio Ek. Bk, harritu moduan, begiratu dio: egongo da, zeren nik egingo dut.

 

        Desatsegina egiten zait nire alabaren ahots tonuera. Ozenegia da.

        Barneko zerbaitek dio ondo dagoela. Atsegina izatea ez ote den karga. Ez ote den horma gogor baten zirrikituak tapatzeko erreminta soila, horma sekula izan barik. Inertziak jarraituta beste norbaiten, batzuen, erronkak baliozkotzat jotzeko uhin talka sotila.

 

        Ondulazio batek arautzen du gure arteko elkarrizketa. Imajinatzen dut lambda (?), kalkulatzen dut frekuentziaren zein neurritan —distantzian—, dagoen Bren hitzen soinua: goialdean, gehienezko balioan; non dagoen Eren eta bion arteko elkarrizketa isila. Baina bibrazioa neurtzeko tartea izan aurretik, irrintziak: bi zaldi heldu dira errekara, edatera. Begira geratu naiz. Eszenaz, frekuentziaz, ondulazioaz, guztiz aparte.

        Hiru zentimetroko distantzian.

 

        Etxera bueltan, Izaskun Graciaren poema batekin gogoratu naiz. Beharbada, egonaldi literario-familiarrak lortuko du hosto zahar/ezkur/gaztaina baten azal erdia probesturik txalupa bat egitea, presak harrotutako uretan blai egin dezadan.

 

hator

hator nire itsasontzira

islak ezin dira atera

                                   ispilua lumaz bete dut eta

 

hator

eta eraiki nirekin itsasontzirako itsasoa

mila orriz egindakoa

uhinen aparra idatzirik gabeko orriak izango dira

orri zuritik berriro hasteko zipriztinak bota diezazkigunean

                                      (Izaskun Gracia, Eleak eta beleak)