Hotsak
Hotsak
Garazi Albizua

ORTZAIZE
 

 

VI
ZORIONA

 

metafora:        1. izena. Hizkuntza-baliabidea, esplizitu egin gabeko erkaketaren bidez, hitz baten berezko adiera irudizko adiera batera igaroaraztean datzana.

        2. erreminta. Pentsamenduaren aukera hitzaren mugak apurtzeko, bazterreko ideiak bereganatzeko.

        3. hileta. Hilzorian dagoen baliabidea; hizkuntzaren esanahia malgutu da.

 

        Bilboko Louise Michel. Uxue Razquinek idatzitako Como decir adiós a una madre liburuaren aurkezpena. Idazleak aurkezpen mahaiaren alde batean eta bestean. Dolua. Mina. Etsipena. Argazki bat: Uxue Razquin eta ni barreka: zelan egin genuen barre gaia hori izanik?; Literatura zer den galdetu zenidan!

 

        Galdera gehiago egin nituen, euren artean Ortzaizera ekarri dudan korapilo bat: berriro hunkituko gara “elurra bezain zuri”, “marrubi kolorezko ezpainak”, “ibaia memoria da” bezalako esapideekin? Hasierako koordenatuetan kokatu nahi dut nire pentsaera. Aukera izan, maitaleekin antzera, lehen aldia izango balitz bezala muxu emateko, ezagutzeko esapide horiek adierazi nahi dutena.

 

        Tolstoik esana: Familia zoriontsu guztiek elkarren antza dute, baina familia dohakabe bakoitza bere erakoa da. Literaturan mugarri izan den Anna Kareninaren hasierako esaldiak ere badirudi zoriontasuna mugatu duela.

 

        Ursula K. Le Guinek kontra egin zion idazle errusiarri The Wave in the Mind saiakeran. Bere buruari galdetzen zion ea Tolstoik familia zoriontsu nahikoa ezagutu zituen XX. mendeko Errusian, eta ea ezagututako familia dohatsu noble, nekazari, klase ertaineko guztiek antzekotasunik zuten.

        Urteak behar izan zituen bere buruari Tolstoiren esanak ezbaian jartzeari bermea emateko. Ursulak errespetatzen zuen Tolstoi. Baina, aukera egon izan balitz, Tolstoik errespetatuko zukeen bera? Ezezko erantzuna ematen dio aipatu saiakeran.

 

        2014, iraila. Iruñea. Walden liburutegia. Lola Nietoren Alambres poema liburuaren aurkezpena. Hainbat institututako ikasleak jende artean. Hainbat poeta euren artean. Galdera txanda:

        Zergatik idazten duzu penaz? Dramaz? Minaz? Posiblea da zoriona poeman? Literaturan?

        Irri urduria. Ikasle bat besteari begira. Azkazalak gorri ilunez margotuak aspaldi, apurtuak eta janda. Eserita, hankak gurutzatua, goiko eskumako hankaren orkatilako galtzerdi urdin zabalaren azpitik, hazka.

 

        Bai, ezta? Baietz esango nuke, behintzat.

        Baduzu gomendiorik? Adibiderik?

 

        Momentuan erantzutea espero ez duzun galdera bat ez da erraza.

        Lola guri begira. Gu hari. Irri konplizea. Hurrengo galderarako txanda. Trankil, Lola, Tolstoiri, behintzat, ez zitzaion, bada, gaia gehiegi interesatu.

 

        Ortzaize. Etxean. Sabaia. Planta bakarra. Zabala. Egurra. Jolasteko gela. Jolasteko gela. B puzzlea egiten. 200 pieza. Lurrean sakabanatuta, piezei banan-banan buelta eman, musika entzun.

        Kanpoan, euria. Kanpoan, oiloen isiltasuna. Babestu dira. Kanpoan Haltzamendi. Handi. Zabal. Bikain. Burujabe-Belarjabe/harrijabe/lokatsjabe.

        Barruan, E sofan, garagardo lata irekitzear, mugikorrean darabilen xake partidaren mugimendua pentsatu bitartean. Etxeko kristalezko atera hurbildu, euria entzun, haizea entzun. Bestaldean. Patata poltsatik bat hartu eta jan, beste bat.

        Akaso, zerbait idatzi beharko nuke.

        Alabak puzzlea egitean, zoriontasun garden batek besarkatzen nau.

        Bihotza, laztana, maitea.

Bakarrik euskaraz dakit maitatzen;

 

        Bikotea, gustura, atseden hartzen dagoela jakin, eta lasaitasun sendo batek hartu nau.

        Indarra, oinarria, aingura.

 

        Zerbait idatzi beharko nuke, bai; likatsuak ditut eskuak, ordea.