II
ILUNTASUNEAN, KANTA
iluntasun kanta: izena. Iluna denaren nolakotasuna berrahoratu. Egunsentiko 4:35ean, oilarraren hotsen sail goibela. Egoeraren araberakoa, zeharrargia edo neutroi-izarra izan daiteke.
Oilarraren kukurrukuak esnatu nau, 4:35 dira. Iluntasuna erabatekoa da. Ez dakit sekula ikusi dudan horrelako belztasunik. Ukitu ahal dudala iruditu zait, eta ukitua izan naitekeela sentitu. Ez dut gerizperik antzematen inon ere ez.
B esnatu da, oihuka:
Ilunegi dago!
E gure alabaren gelara joan da. Gela oso handi batera, Mungian duen logelaren bikoitza edo. Inolako argitasunik gabe are handiagoa izan daitekeena, edo txikiagoa; izan ere, baliteke hor aurrean, zure parean, zerbait egotea. Ikusten ez duzun zerbait. Are gehiago: zuk ikusi ez baina zu ikusten zaituen zerbait.
Gogoratu naiz George Berkeleyren igarkizun ospetsuarekin: “Basoan, arbola bat eroriz gero, eta ez badago inor entzuteko; soinurik egiten al du?”. Oilarrak kukurruku egingo balu, baina ez balego bizidunik entzuteko, lo jarraituko al genuke?
Mugikorraren argia antzeman dut toki batetik bestera. E argi txikiren bat bilatzen ari da, B berriro lokartu artean, tarte batez pizteko. Baina argi denak sendoegiak dira erabateko belztasunean.
Ohetik altxatu naiz ni ere. Sirenen kanten sorginkeriaren gatibu. Oilarraren abesti ilunak erakarrita. Beldurtia naiz; beraz, beldurrez itxi dut atea. Eta tentuz, kolperik eman gabe, heldu naiz leihorantz. Ez naizenez fisikaria, irudimenari bermea eman diot pentsatzeko gelako tenperatura eta nire gorputzaren tenperatura igualak balira, ez nukeela jakingo non bukatzen naizen. Zein diren nire ertzak. Ez nintzatekeela kapaz izango gorputzaren mugaz jabetzeko. Modu bat litzatekeela, aurreiritzi guztiak baztertzeko, entzuteko. Idazteko.
Oreka puntua topatu behar dut, nik iluntasunean itzal berririk ez sartzeko, eta belztasunak ni ez amatatzeko.
Oilarrak berriro egin du kukurruku. Laster joko dute ezkilek. Lehenengo, bost dilin-dalan. Ondoren, minutu batzuen ostean, berriro bost dilin-dalan. Doinua bikoiztua heltzen da, tarte baten aldeaz. Fisikaria ez naizenez baina zientzia fikzioa maite dudanez, pentsatu dut, akaso soinuaren eta argiaren abiaduraren kontu bat dela, gure planoak destolesteko aukera duela, Ortzaizeko etxe honetan, argi gabeko ganbaran; izateko aukerak mugagabeak direla.
Isildu dira kanpaiak baina kantatzen jarraitu du oilarrak. Mehatxuren bat antzemango zuen, ziurrenik. Animaliaren bat, akaso. Behar ez den doinuren bat. Usain bat. Normalean, ez dagoen giroa.
Oilategira begiratzen dut. Hormak banatzen gaitu, horma dagoelako. Nahiz eta ikusteko kapaz ez izan, imajinatzen dut hegaztiak begira ditudala. Nabaritzen dut argi lumaduna.
Ama, zeri kantatzen dio oilarrak?
Guri, bihotza.