VII
KOORDENATUAK
geografia-aitzindaria: 1. izena. Metaforaren sorrera.
2. izena. Pentsaerari bide egiten dion gidaria.
3. mapa. Neuronetan/sabelean/lurrazalean gertatzen diren natura, biologia eta ideiak ondorengo izaki/zuhaitz/ohea kokatzeko nahitaezko oinarri dena.
Keinu bat. Esaterako, lehengusuak bezala, begiak ezkerrera beheratu bistakoa den zerbait esan aurretik, edo, dutxara sartu baino lehen, erradiadorearen ertzean kulero zikina zintzilikatu. Eta jakin keinu horrek, esan edo egin behar zuenaren aitzindari, betiko markatu dituela ondoko urratsak. Isilpean, hitz guztien gainetik, lengoaia ororen azpitik, egindako ituna da.
Etxetik atera eta liburu-dendara idaztera egindako bidea entzun dut. Mungiako liburutegira egiten dudan bidea imajinatu dut. Gustuko dut liburuz babestuta idaztea. Hiru kotxe nahiko arin pasa dira oinezkoak ere ibiltzen garen errepidetik / mugikorrari begira ibiltzen naiz Mungiako espaloietatik. Haizeak lorategi batean dagoen karilloiak jo du / entzuten ditut dendetako soinu-bandak. Ez dut pertsonarik guratzatu / begiak pantailatik igo gabe saihesten ditut besteak.
Ez ditut aurikularrik ipini.
Nahita bilatutako hustasun horretara heldutako musika mugatzea nahiko nuke.
Itxi aurretik, Menta liburu-dendara etorri dira E eta B. Heldu bezain pronto, B puzzleen txokora joan da, aukeratu ditu hiru. Bat erosi diogu.
Ek aprobetxatu du jengibrezko freskagarria probatzeko.
Bitxia da liburu-denda, berezia. Kafetegia ere bada, eta batze puntu bat. Herritarrak. Turistak. Kafe zaleak eta poesia zaleak. Euskara eta frantsesa entzuten dut liburu gomendio eta edari eskarien artean.
Ortzaizen lehen aldiz elkartu ginenean Geuretik Sortuak bekaren harira, konturatu nintzen ez zegoela denda askorik. Lan-herrian kokatuta daude, herriko kanpoaldean. Baina herriaren erdigunean, postetxea, notariotza eta liburu-denda bat besterik ez daude. Ez okindegirik, ezta farmaziarik ere. —Ez dakit zergatik baina beti iruditu zait horiek direla herri txiki batean irekitzen diren lehen saltokiak—.
Beraz, goizean, portatila hartu eta idaztera heldu naiz. Irulegi Irratirako elkarrizketa bat egin dut. Lotu naiz herritar batzuekin eta galdera batzuk egin dizkiet.
Egin dudana azaldu ostean, eta horretarako azalpenak batu ondoren, begiratu diot pantailari. Estutasunak hartu nau. Zertan nabil? Kapaza naiz?
Ordenagailua batu eta bueltatu gara etxera.
Determinismotik harago bilatzen ditut udako arropetan tolesdura berriak. Sukalde ezezagunean edalontziak bilatzearekin batera, zabaldutako aukerak.
Lagun batek dio oporretan saiatzen dela normalean egiten ez duen zerbait egiten. Lagun berak dio bere alaba kaka egiteko guztiz biluzten dela.
Pentsatu dut egonaldi literario batek masajea egiten dizula portatila piztu aurretik, kirolariari entrenatzaileak nola. Mungian ez dut aukera eguna idazketaren inguruan finkatzeko.
Gogoratu naiz Jorge Carrionekin. Berak dio, egunero, ordu kopuru finkoa eskaintzen diola idazketari. Ez duela inspirazioan sinisten. Eta gogoratu dut, baita ere, Therry Pratchett idazten hasi zenean egunero 400 hitz idaztera behartzen zuela bere burua.
Aurreko egunetan grabatutako audioak entzun ditut. Egindako argazkiak errepasatu.
Arropa kentzen hasi naiz.
Zertan ari zara? Galdetu dit Ek.
Flipatuko zenuke; nik. Komuneko atea itxiz.