HAUSNARREAN III:
Zer da Lurra maitatzea? Zer Hizkuntza maitatzea? Nola maitatzen da Herria? Eta Aberria? Zer maite dugu, aurreko horiek maite ditugula esaten dugunean? Maita daiteke pertsona bat ez den beste zerbait? Zer maite du, adibidez, Jainkoa maite duenak? Zer dute berdin eta zer ezberdin konpromiso politikoak eta erlijiosoak? Zerk mugitzen du konpromiso kolektibo batean engaiatzen dena? Maitasunak? Taldetasunak? Betebeharrak, agian? Inertziak? Maitasuna bada, zerekiko, talde bat, lur zati bat, bizipen bat, sentipen bat? Bizipen konpartitu bat, agian? Maita dezakegu zentzumenen bidez hauteman ezin duguna? Hitzen bitartez deskribatu ezin duguna? Argudioekin defendatu ezin duguna? Maitasun hori toxikoa izan daiteke ala ez? Gure herriarekin, paisaiarekin, hizkuntzarekin, idealarekin... maitemin gaitezke? Amai daitezke maitasun-harreman horiek? Nork uzten du nor kasu horretan? Non sinatzen dira dibortzio-paperak Herriarekin, Hizkuntzarekin, Lurrarekin?
Lagun batek esan zidan behin, maitasunaren formarik gorenena, sekula erdietsiko ez dugun utopiarekiko maitasuna dela. Hitzez mugatu ezin duguna eta aldi berean hitzez bakarrik azal dezakegunarekiko maitasuna. Hezur-haragizkoa ez denarekiko maitasuna.
Horrela balitz, Fermin Muguruzaren kontzertuak maitasun istorio epikoen kontaketa dantzagarria izango lirateke. Hegoafrika, Kurdistan, Irun, Nikaragua, Lemoiz edo norberaren auzoa. Apartheida, euskara, nuklearren kontrako aldarria, herrien autodeterminazioa edo eolikorik gabeko mendiak. Munduko milaka tokitan, historiaren milaka unetan, milaka pertsona iraultza txikien akanpadetan maitasun jolasetan eta solasetan korapilaturik. Pankartak, institutuetako geletan mahai azpitik elkarri pasatutako maitasun oharrak.
Oroimenean dut ez dakit zein urtetako, ez dakit zein herritako Gazte Topagunean, ez dakit zein euskal artista misteriotsuren ahotsa bozgorailuetan, oraindik ezagutu ez dugun Herri aske baten inguruan hitz ederrak harilkatzen. Gu guztiok, bertan bilduta geunden milaka gazteok, isil-isilik, adi. Begiak dir-dir. Mozolo-aurpegiaz.