FIKZIOA II:
Maiteminduek mozolo-aurpegia dute
Mozolo-kumeak ez du habia utzi nahi. Bere begi handiekin habiaren ertz gainetik begiratu eta handiegi egin zaio mundua, infinitua. Urrunegi dago mozolo-ama, handiegia da banatzen dituen distantzia. Amaren deia entzuten du bestaldetik:
—Seinetxu, etor zaitez! Trankil, ez da ezer gertatuko.
—Eta erortzen banaiz? Eta nire hegalek ez badute zureek beste indar?
—Zaude lasai. Ez dut mozolorik ezagutu habiatik irten ezinik bizi izan denik.
—Ama, zuk beldurra izan zenuen habiatik atera zinenean?
—Ez dut gogoratzen, aspaldi izan zen hori.
—Ama, zuk beldurrik izan duzu inoiz?
Amak ez du erantzun, nahiz eta erantzuna lumen artean izan. Gogoratu du Erreka bailaran behin bizitako hura, ume deitzen omen duten gizaki txiki horietako batek esku artean harrapatu zueneko hura. Gogoratu du begietara zelan begiratu zion, lumak zelan ukitu zizkion eta gizaki ahotsez zelan abestu. “Txori txikia nintzelarik esan zidaten kaiolan bizitzeko sortua nintzela [...] horregatik iriki zizkidaten ateak egin nezan hegan” Beldurrak jota zegoen, dardarak zeharkatu zion bere mozolo-gorputz zaurgarria. Umeak estuegi heltzen zion, baina, horretaz gain, abestu besterik ez zion egin. Kantarekin amaitutakoan, airera jaurti zuen. Agian bortitzegi jaurti ere, baina gizakiak, txoriak airera zelan bota jakin gabe jaiotzen direla pentsatu zuen garai hartan.
—Ama, eta hegaletik helduta egiten badugu proba lehenengo?
—Seinetxu, ezin da hegan egin hegaletik helduta.
—Ama, bakarrik ez dakit gai izango naizen.
—Izango ez zara, bada. Ez dago hegan egin ez duen mozolorik.
—Hori ez da egia. Aititak esan zidan “zizareak” ondo jaten ez dituztenak erori egiten direla, behin habiatik aterata. Nik ez ditut beti jan zuk emandako zizare guztiak...
—Ez, ala?! Dena den, aititak esandakoei ez zaie beti kasu egin behar.
Horrela jarraitu dute ama-kumeek batak besteari beldurrak aitortu eta beldurrak uxatu nahian.
Ausartu da behingoz mozolo txikia, eta salto dardartiz atzean utzi du habia. Amak iragarri bezala, erraz zabaldu ditu hegalak eta gora eta behera ibili da, txoriak diren ingeniaririk gabeko ingeniaritza-lan eder horren gaitasunak probatzen. Habiara bueltatu dira ama-kumeak azken gauez; izan ere, behin habiatik aterata, egun bat besterik ez dute behar izaten mozoloek amarekiko zilbor-hestea eteteko.
Hurrengo gauarekin heldu zaio bere lehen hegaldi askea. Tarteka, zuhaitz-adar batean jarri denean, amaren ulua entzun du urrunean eta pentsatu du are ederragoa dela amaren ulua urrunetik entzuten denean. Irribarrea ere agertu zaio bere mokoan, pentsatuz atzo beldurra zena, gaur plazera dela. Gau osoa eman du hemendik hara hegan, airean jolasean, goizaldeko argi gorriaren argiaren ostean hegaldia luzatuta ere.
Ikusi ditu gizakiak gauean dantzan musikaren erritmoan. Ikusi ditu gizakiak korrika, zeren beldur diren ulertu ez badu ere. Ikusi ditu leihoetan zintzilik dauden oihal zati gorri, beltz, zuri eta berdeak; baita oihal gezidunak ere. Ikusi ditu elkarren artean estu-estu egindako gizaki pareak. Txakurrak elkar miazkatuz, gizakiek heldutako soketatik tiraka. Azal iluneko gizakiak eta azal argikoak; biak ikusi ditu. Baita ahoak elkartzen zituzten gizaki pareak ere. Bitxi egin zaizkion adar luzeko zuhaitz zuri erraldoiak. Ikusi ditu umeak elkarrekin plazan jolasten. Aparatu bat belarritik hurbil-hurbil jarrita bakarrik solasten ziren gizakiak ere ikusi ditu. Eta edalontzi bana eskutan pozik ziruditen gizaki multzoak.
Entzun ditu oilarren goizaldeko kukurrukuak. Gizakumeak negarrez eta amen ahotsak hauek lasaitu nahian. Astoak binaka arrantzaka. Entzun ditu abesti zaratatsuak. Uzker burrunbatsuak. Robotak diruditen kamioien orroak. Gizaki taldeen barre-algarak. Kanpai-hotsak. Haize-ufadak. Entzun ditu gizakiak, belarrian jarritako aparatuari “gabon, maitia” esanez. Entzun ditu gizaki bi elkarri oihuka. Ehiztariarenak iruditu zaizkion urruneko tiro-hotsak. Ardiak balaka. Musu zaratatsuak. Eztanda bortitza. Beste txorien kantuak, bata besteari deika, bikotetu nahian.
Hainbeste entzun eta ikusi ondoren, habiara bueltatzeko ordua dela sentitu du mozoloak. Baina jada, ez du habiarik. Jada, ez du lekurik bart atzean utzitako horretan. Ez du penarik sentitu, habia berri baten bila joateko ilusioa baizik.
Gaueko bidaian ikusitako zuhaitz zuri erraldoiak etorri zaizkio gogora. Adarrak zelan mugitzen ziren, buelta-bueltaka; jada geldirik egongo dira, haizerik ez dabilelako, pentsatu du. Adar sendoak, habia egonkorretarako aukera ematen duten horietakoak.
Hara abiatu da, hegoak gora eta behera astinduz, hegaldia gozatuz. Bere mozolo-begi biribilak ere itxi egin ditu, haizearen laztanak luma artean sakonago sentitzeko. Sentitu du zein ederra den begiak itxita hegan egitea.
Bat-batean heldu zaio kolpe bortitza, norabide aldaketa kontrolaezina, sorgin-haizea. Indar ikaragarriz erakarri du ordura arte zuhaitza zirudien errota zuriak, munstro hegaldunak. Hurbilegi egon da begiak zabaldu dituenerako. Ez du astirik izan pentsatzeko, erreakzionatzeko. Ezin izan du hegaldiaren norantza aldatu. Ezin errota zuriaren adarretatik ihes egin. Ezin haizea gelditu. Ezin.