HAUSNARREAN II:
Zein harreman dute askatasunak eta maitasunak? Eta maitasunak eta justiziak? Guraso guztiek maite dituzte beraien seme-alabak? Seme-alaba bat baino gehiago dugunean, denak berdin maite ditugu? Berezkoa da gurasoekiko maitasuna, ala ikasia? Eta seme-alabekikoa? Maita ditzakegu beste baten gurasoak gureak baino gehiago? Eta beste baten seme-alabak? Zenbat du fikziotik eta zenbat errealitatetik familiarekiko maitasunak? Zenbat kulturatik eta zenbat biologiatik? Odoleko familiak elkarrekin mantentzen dituenak badu zerikusirik maitasunarekin?
Maitasuna dosifikatzea osasuntsuagoa al da? Medikamentu eta drogekin bezala, maitasun mikrodosiak kontsumi daitezke? Zer egin dezakegu maitasunarekin, sentitu? Egin? Kontsumitu? Bizi?
Zein harreman dute maitasunak eta heriotzak? Pertsona edo animalia bat hiltzen denean amaitu egiten da berarekiko maitasuna? Biderkatu egiten da? Eta hildakoen maitasuna, hil direnen maitasunak bizirik dirau? Maite ditugu pertsonak, animaliak... ala horiekin izandako bizipenak?
Behin, borrokan katramilatutako ikasle bi banatu eta gero, horrela oihukatu zidan, D ereduko gaztelania jatorrean, amorruak jota zegoen ikasle horietako batek: “A mí solo me pega mi padre”. Nik, esandakoa astakeria hutsa zela adierazita, horrela erantzun zidan berriz ere bueltan. “Egia da, Maitane. Mi padre me puede pegar porque me quiere, pero nadie más.” Institutuko ikasgela barruan unibertsitatean baino gehiago ikas daiteke antropologiaz eta filosofiaz, nire eskarmentutik, behintzat. Zein ideia du euskal gazteriak familia-maitasunaz? Bat al datoz gure abestiak aldarrikatzen hasi diren “aske maite, aske bizi” maitasun deserromantizatuak eta familiarako errepikatzen jarraitzen dugun “nire aitaren (edo amaren, berdin dit kasu honetan) etxea defendatuko dut”? Nola bila daiteke familia-maitasun aske eta gozagarria? Bi kate dira moztu beharrekoak ala gehiago? Non dago familia-maitasunaren muga? Zenbat du familiak babes habiatik eta zenbat kartzelatik?
Maitasun erromantikoa deseraikitzeko tailerretan asko hitz egiten da bikoteez eta gutxi familiaz. Zelan deserromantizatu familia, amarauna sostengu izan dadin eta ez korapilo? Berdina al da familia-maitasuna Zigan, Sestaon eta Urizaharran? Berdina trenak ekarritakoentzat, bertan jaio, hazi eta hil egingo direnentzat eta Melilla zeharkatuz etorrikakoentzat? Zenbat dugu elkarrengandik ikasteko?