Maitasunak mozolo-aurpegia du
Maitasunak mozolo-aurpegia du
Maitane Nerekan Umaran

VILLABONA-AMASA
 

 

FIKZIOA I:
Maitasunak
uzker-usaina du

 

Herriko plaza. Lau lagun. Garagardoak, ardo zuriak eta rooibos infusioak mahaian.

        —Zelan egon zara zure maitasunaren sektan?

        —Ondo. Sektetan beti ondo.

        —Azal diezagukezu tesi garrantzitsu berria orduan, filosofo anderea?

        —Maitasunak uzker-usaina du.

        —Ostia! Niri orduan yoga-klaseetan maitasunak gainezka egiten dit.

        —Bai, ba! Niri ere bai pilatesean. Norbaitek tesi hori landu beharko luke: yogak eta pilatesak uzker-usaina dute.

        —Edo zarata; niri behintzat, yogan eskapatzen zaizkidan uzkerrak usain bakoak dira, soilik zaratatsuak.

        —Yoga-irakasleak maitasuna aipatzen duen bakoitzean galdetu nahiko nioke zertaz ari den; mesedez, zehaztasunez deskriba dezala zein den yogaren maitasuna, non dagoen, non sentitzen den eta ea min eman dezakeen. Edo buruz beherako postura konplikatu horietan, tentsio-uzkerrik ez eskapatzeko balio ote duen: goldea, kandela eta uzkerrak. Ederto batean!

        —Aurrekoan, irratsaio batean entzun nuen, pertsona beltzek ez dutela maitasunaz zuriek beste hitz egin historikoki beraien diskurtso politikoetan. Uste dut bell hooksek esan zuela, iraultzaile beltzek ez dutela maitasuna aipatzen beraien diskurtsoetan.

        —Eta zuriek bai?

        —Ez dakit. Zein da lelo iraultzaileagoa, Maite zaituztegu! ala Borroka da bide bakarra?

        Elkarrizketak aurrera egin du sekten, uzkerren, txikien “ama, emango didazu euro bat?” galderen eta zurito eskarien artean. Iluntzean etxerako bidea hartu dute lau lagunek. Alabaren eskutik helduta bata, telefonoz bestaldekoari audioa bidaliz bestea, bakarrik hirugarrena, bikotearekin azkena.

        Etxera heldu dira denak. Arropak erantzi dituzte, bik beste norbaitenak ere bai. Gosea sentitu dute hiruk, baina bik besterik ez dute ganoraz afaldu; batek beste infusio bat hartu du, besterik ez. Beste batek gazta eta york rollito pare bat sartu ditu ahora eta kito. Lautik batek, ez ditu hortzak garbitu ohera sartu aurretik. Bik serie bana jarri dute lo hartzeko, Vidas perfectas batak, Los años nuevos besteak. Hirugarrenak liburua hartu du, Miren Amurizaren azkena. Laugarrenari gehiegi luzatu zaizkio ohera joan aurreko eginbeharrak: garbigailuko arropa eseki, falta zaizkion bost azterketak zuzendu, lurrekoak batu... ohera sartu denean aktibatuegi dagoela konturatu da. Ohean, aldamenean duena esnatzeko beldurrez masturbatu da, horrek lasaituko duelakoan. Laurak une berean hartu ditu loak, nahiz eta beraiek ez duten jakin.

        Laurak esnatu dira goizaldean, 03:55ean. Batak ordua begiratu du mesanotxean dagoen telefonoan. Saiatu da berriro lo hartzen, baina ez du berehala lortu. Mugikorra hartu du eta bilatzailean “cómo inseminarse en casa” bilatu du. Gero “bancos de esperma voluntarios”, “maternidad a los 40”, “asociación de madres solteras” eta beste hamarnaka. Bilaketa guztiak gaztelaniaz egin ditu. Horretan zebilela, alabaren “amaaaaa!!!” oihuak asaldatu eta alabaren ohean sartu da. Bertan hartu du loak.

        Bigarrenak, buruan kalkuluak egin ditu, 23:00ak inguruan loak hartu badu eta 04:00etan esnatu... bost ordu lo egin dituela ondorioztatu du, eta hori nahikoa izan daitekeela biharkoari aurre egiteko. Biharkoari.

        Hirugarrena txiza egitera jaiki da eta izara artean sartu da ostera be. Hala ere ez da lokartu eta ordenagailua hartu du lurretik. Bosgarren kapitulua ikusten ari dela hartu du loak, justu sexu-eszena batek kitzikatuta hankartea laztantzen.

        Azkena, izan berri duen ametsari bueltaka ibili da minutu batzuetan eta buruan erreproduzitu du behin eta berriz zentzua bilatu nahian. Argia piztu eta bere mandala-koadernoan idaztea erabaki du. Ametsa koadernoan idatzi ostean loak hartu du. Laurak une berean hartu ditu loak, nahiz eta beraiek ez duten jakin.

        Biharamunean, lau lagunak ez dira ordu berean esnatu. Bi mugikorraren zaratarekin esnatu dira, nahiz eta horietako batek alarma sei aldiz itzali duen altxatu aurretik. Bat mugikorra gela barruan ez izateko erosi berri duen despertadoreak esnatu du. Laugarrena txiza egitera jaiki eta ohean sartu da ostera be leihoak parez pare zabaldu ostean.

        Lehen hirurek, kafeak, infusioak, aguakate tostadak, olo eta fruta nahasketak eta Príncipe galletak gosaldu edo prestatu dituzte. Horietako batek, lanerako gauzekin gosaria poltsan sartzeko astia besterik ez du izan. Igogailuan jaitsi da kalera bat. Beste bik eskailerak erabili dituzte. Kotxea hartu du lanerako batek. Besteak, oinez egin du lanerako bidea. Hirugarrenak, bide erdian ikasleei eman beharreko azterketak ahaztu dituela gogoratu eta etxera bueltatu behar izan du.

        Azkenak ez du gosaldu, izara arteko tartea ohi baino gehiago luzatu du leihotik ikusten duen zuhaitz zaharrari begira. Ez du oraindino kimatu; baserriko lanek gainezka egiten diote azken boladan, beste nonbait baitu gogoa, irrika. Lehenik, gogora etorri zaio, kuadrillan ohikoa duten bizitzako plazeren Top10 zerrendaren elkarrizketa eta, pentsatu du, horretara bueltatzen diren hurrengoan, goizean ohean etzanda leihotik begira egotea aipatuko duela. Ondoren, aurreko batean, gauez, Aranerrekatik paseoan zebilela ikusi zuen mozoloa etorri zaio burura. Pareko zuhaitzera mugitu eta kumetxoa zelan deitzen zuen, habia-zulotik lasai irten zitezen hegan egitera. Eta pentsatu du maitasuna ez al den hori, maite duzun hori hegan egiten aske ikusteko gogoa. Bestearen hegaldiak zureak besteko ilusioa piztea. Mugikorra hartu du burukoaren azpitik. Bilatu du, baita aurkitu ere: “Mozolo europarra, Athene noctua. Mozoloek etxe iraunkorra dute, eta egunean behin baino gehiagotan itzultzen dira hara. [...] Bikoteka ikus daitezke. [...] Sinbologian jakinduriaren jainkosa Atenearekin lotura dute. Horregatik, filosofiaren sinbolotzat hartzen dira”. Irribarretxoa atera zaio pentsatu duenean, euskaraz, mozolo-aurpegia tonto-aurpegia dela. Ezjakinarena. Maiteminduarena.