HITZAURRE-FIKZIOA:
Lagun batek eraman nau kontakizun hau horrela hastera. Maite nauen lagun batek, maite dudan lagun batek. Maite gaituzten lagunak gure maitaleak al dira? Horrela bada, maitale batek eraman nau kontakizun hau horrela hastera.
Inoiz pentsatu al duzu zergatik deitzen zaren deitzen zaren moduan? Nik ez, orain dela gutxira arte; amak garrantzi gabeko elkarrizketa batean bota zuen arte. Lau ahizpetan gazteena naiz. Badirudi, inork ez ninduela deitu mundura etor nendin. Abisatu gabe etorri nintzen. Gurasoak jada ez ziren bikote, noizbait bikote izan baziren. Etxe berean bai, familia berean bai, bikote berean ez. Azken azal-jolasa (edo kolpea) izan omen nintzen. Ez ditut sekula gurasoak bikotetuta ezagutu. Senar-emazte bai, baina ez bikote.
Ahizpek bi urteko aldea dute beraien artean, nik bost nire aurrekoarekin. Amak pentsatu omen zuen nabarmenegia nintzela, deitu gabe agertzen den horietakoa. Ni baino bost urte zaharragoa den ahizpak Amaia du izena, berarekin amaitzen zelako alaben bidea. Bost urtera ni. Aitak dio, gainera, amak mutil nahiago ninduela eta neska munduratu ninduten. Agian aitaren asmakizuna baino ez da hori, ez dakit. Hala ere, horregatik guztiagatik, Maitane. Maiteena (amak ez zuen Maitena nahi, gipuzkoarregia omen zen). Nerea pentsatu zuen hasieran, baina aitaren abizenarekin batera ez zen ahoskatzen erraza. Amaren lau alabok, aitaren abizena baitugu berea baino lehen. Beraz, Maitane. Gurasoek maiteko nindutenaren gogorarazpena izenean bertan. Ziur naiz, amak hau irakurri eta ulertuko balu, istorioa ez zela honela esango lukeela. Ziur arrazoia duela, guraso eta seme-alaben arteko harien epika-egarriak, fikzio txikiak egitera eramaten baikaitu maiz.
Ez dut inoiz sentitu gurasoek maite izan ez nautenik. Are gehiago, beti sentitu dut gurasoek ondo maite nautela, nahiz eta zenbait gauza gaizki egin dituztela ere uste dudan. Gurasook ahal duguna egiten baitugu gehiegitan. Ahal duguna, ez ondo dagoena. Hala ere, Maitasunaren inguruko zalantzek zeharkatuta naukate gazte-gaztetatik; agian umetatik ere bai, baina umetako oroitzapen gutxi ditut; psikologo batek behin esandakoaren arabera, gutxiegi.
Zenbat du maitasunak beharretik eta zenbat desiratik? Zenbat du ahaleginetik eta zenbat errazkeriatik? Zenbat lehen alditik eta zenbat errepikapenetik? Zenbat du uzker erreprimitutik eta zenbat askatasunez botatako uzker usaintsutik? Zenbat epika egin dugu maitasunaz? Gehiegi? Gutxiegi? Filosofiak ere, maitasuna du bere izenean bertan; neuk bezala. Agian, horregatik aukeratu nuen ofizio. Jakintzarekiko maitasuna dela azaltzen diet ikasleei ikasturte hasiera guztietan. Grekeraz, Filos maitasuna da eta Sophia jakinduria. Maitasunaz zerbait badakit, gizaki guztiek bezala, suposatzen dut. Sofiarik ez dut ezagutzen (Espainiako erregina ohia kenduta, baina antimonarkikoa izatea oinarrizko printzipio moraltzat dut).
Sekretu fikzionatu gehiegi dakartza hitzaurre honek. Has dadila sekreturik gabeko fikzioa.
Irakurriko duzuna Amasa-Villabonan idatzi nuen, Errebote plazatik hurbil, Aljibe musika-aretoaren herrian, Aralarko San Migel Santutegiko ateak Villabonan lo egin zuenean, Amasan ilargi betea eta izar iheskorra ikusi nituen osteko gau eta egunetan; aurretik Eņaut komikigilearena eta Maitane idazlearena izan zen egongela berean (ka(u)salitatea); euskaraz soilik idatzita zegoen isuna jaso nuen herrian; leihoetan Palestinako banderek oihu egiten zutenean, haize-erroten inguruko eztabaidak astoak herrira ekarri zituen garaian. Ondokoa izango du pizgarri: Amasa-Villabonan, Plentzian, Baigorrin ala Gazan berdin maitatzen ote dugun. Zein forma duen maitasunak kostaldean, eta zein barnealdean. Nor, zer eta nola maite dugun kalekumeok eta baserritarrok. Gure herriko garraio-sare publikoak zein pisu duen maitasunaren algoritmoan.
Irakurriko duzuna ez da ipuina izango, ez eleberria, ezta filosofia saiakera ere. Baina izango du ipuinetik, eleberritik eta saiakeratik. Galdera asko izango ditu, erantzun bat bera ere ez. Galderak ez dira soilik nireak, Garazik, Markelek, Anerrek, Iņigok, Karmelek, Imanolek, Itsaslorek, Aisak, Oinatzek, Adurrek, Alaitzek, Unaik, Junek, Itsasok... beraiek jaurti dituzte airera eta airean erantzunak harrapatzera jolastu. Has dadila jolasa!