FIKZIOA III:
Maitasunak eztanda egin dezake
BAT:
Berandu heltzeko beldurrez autopista hartu du lanetik bueltan, baita bidesaria kreditu-txartelarekin ordaindu ere. Ez egitekoen zerrendan zegoela badaki, baina urduri dago eta garaiz heltzea garrantzitsuagoa dela pentsatu du; ez da ezer gertatuko. Kotxea aparkatu aurreko azken abestia Gorka Urbizurena, Teoria bat: “Gauzak ez dira horrela, gauzak horrelaxe daude”. Ez duela gehiago itxarongo pentsatu du, ez du inor behar, bakarrik ondo egongo da. Hala ere, gaur ez da eguna arreta horretara bideratzeko. Gaur urgenteak lehentasunezkoa atzean utzi du.
Mugikorra itzali du eserlekuaren azpian utzi aurretik. Orduantxe piztu zaio beldurra, orduantxe kontzientzia. Argi du gaur hori dela bere egitekoa. Gainera, ezin dio taldeari huts egin. Maite dugunagatik borrokatzeak merezi omen du; maite ditugunekin borrokatzea. Hori diote kantek, epikak. “Maitasuna egin maite dugunekin”, abesten zuen talde nafarrak. Berriz ere, Gorka.
Adostutako arropa zabor-poltsa beltzean, besterik ez du hartu. Kotxeko giltza gurpil gainean ezkutatuta utzi du; azken hori ez da berria berarentzat. Baserrian inork ez du kotxeko giltza etxera sartzen, badaezpada, traktorea ateratzeko kotxea mugitu behar delako sarritan. Pauso sendoz abiatu da hitzartutako tokira. Urduri dagoela sentitu du berriz ere, baina beldurrik ez du. Beldurrik gabeko urduritasunak gorputzean utzitako arrastoa ederra dela pentsatuz egin ditu azken metroak. Denok eman behar dugu zerbait, gutxi batzuk dena eman behar ez dezaten.
BI:
Gaur ez du lanik egin; horrela erabaki zuen taldearekin konpromisoa hartu zuen egunean. Horretarako aukera ere badu. Pribilegiatua dela pentsatu du ordubete luzez, mahaian eserita eta liburua eskutan gosaldu duen bitartean. Akabo, Laura Mintegiren azkena.
Mendirako oinetakoak eta arropa jantzi eta binaka jaitsi ditu etxeko eskailerak. Atarian Argi, auzokoa gurutzatu du, ospitaleko gaueko txandatik bueltan. Beti pentsatu izan du erakargarri zaiola emakume hori. Gaur nekatuegi ikusi du. Ospitaleetan erizainen lan-baldintzak gero eta okerragoak dira. Hori azaldu dio Argik neke-aurpegia zuritzeko. Zerbitzu publikoak gainbeheran.
Pauso sendoz atera da herrigunetik; arnasari erreparatu gabe igo du Amasarako aldapa. Pozik sentitu da herrigunea atzean utzi eta mendi-bideetan sartu denean. Pribilegiatua, beste behin. Egunak aspaldi argitu badu ere, goiz gorriaren arrastoak nabari dira oraindik zeruan. Naturaren edertasunak ez du parekorik. Behinola amorantearekin izandako elkarrizketa oroitu du, itsasoaren aurrean izandako elkarrizketan agertu baitzen ideia hura. Naturaren edertasunak ez du parekorik, gizakiak egindakoak ezin izango du sekula naturaren edertasuna erdietsi.
Berriz ere sentitu du gaurkoak merezi izango duela. Gaurkoek merezi dute. Hobe esanda, biharkoek. Edo, naturaren edertasunak. Denok eman behar dugu zerbait, gutxi batzuek edertasunarekin amaitu ez dezaten.
HIRU:
Buruan marraztu zituen aukera guztien artean, eguna horrela hastea izan zen pentsatu gabeko bakarra. Alaba gaixorik, sukarrarekin. Zer egin? Oraindik pijama erantzi eta arropa jantzi gabe, telefonoa eskuan hartu du eta agendari errepasoa egin dio. Ez du beste aukerarik.
—Egun on, polita. Barkatu hain goiz deitzea baina, alaba sukarrarekin daukat eta ez dakit zer egin. Zelan duzu eguna?
—Eguna? Zure alabarentzat erreserbatuta. Esadazu non eta hogei minututan hantxe egongo naiz.
Lasaitu ederra hartu du, eta zorioneko sentitu da lagunaren babesagatik, beste behin ere. Emakume-taldean ezagutu zuen Matilde. Behar izan duenean ondoan izan du beti, apal, elegante. Hor egon da ardo arteko elkarrizketetan ere, taldearen katarsi kolektiboetan, dantza-saio askeetan...
Laguna etxean agertu denean zalantza izan du zein azalpen eman. Lanetik jarraian konpromiso bat duela esan dio, gauerdira arte ez dela etxera helduko agian, ezin duela ordu zehatzik eman... Matildek ez du ezer galdetu, lasai egoteko erantzun dio, lotan ere gera daitekeela. Hala ere, azalpenekin jarraitu du, badagoela jatekoa hozkailuan, Apiretala ohearen ondoko apalean utzi duela, nahi beste telebista jartzeko umeak enbarazu egin ez diezaion... Lasai egoteko eskatu dio berriro ere, eta egin beharrekoak egiteko. Egin beharrekoak.
Adostutako guztia motxilan duela ziurtatu eta besarkada batez agurtu du Matilde. Behin atea itxitakoan, dardara sentitu du hanketan eta galderak erasoka buruan. Zerbait gertatuz gero, zer? Etxera bueltatzen ez bada, zer? Nork hartuko du txikiaren ardura? Begiak itxi eta yoga-klasean ikasi bezala buru-oharra idatzi du alegiazko arbelean: lasai, dena ondo joango da.
Lanerako bidea zerura begira egin du. Oskarbi dago, argitsu, eder. Sakon hartu du arnasa, oxigenoak datorrenerako indarra emango diolakoan. Alabak zeru-argiaren ederra galduko duelako, pena sentitu du. Asteburuan kostaldera eramango du, itsasoko ortzimuga infinitua elkarrekin ikusteko gogoa dauka. Asteburua lasai eta elkarrekin bizitzeko aukera badute, behintzat. Denok eman behar dugu zerbait, gutxi batzuek zerua pribatiza ez dezaten.
LAU:
Aita akorduan zabaldu ditu begiak. Ez daki ametsaren hondarra den ala esnatu berriaren lehen pentsamendua. Loatxora igo ziren azkenekoarena da irudia, aita bere motxila zatar zaharretik ugerrez betetako ur-botila ateratzen. Biak eztabaidan. Botila eta motxila berria behar zituela alabak; hori kapitalismoaren beharrak direla bueltan aitak. Aitakeriak. Esnatze horiek noiz amaituko diren galdetu dio bere buruari. Aita joan zenetik, lau hilabete pasa dira. Hala ere, hor agertzen zaio goizero, amets arteko esnatzeetan.
Gaueko txanda egin du eta esnatzerako erlojuak 14:00ak markatzen ditu. Dutxa hotza hartu, luzaketa batzuk egin eta bazkaria lasai hartzeko astia du. Hobe du gutxi jan, iluntzekoak gorputza arin eta burua argi izatea eskatzen baitu. Jateko aukera izango du ostean. Izango dute.
Koadernoan hitz batzuk idatzi nahi ditu aurretik. Aita hil zenetik idazten hasi da. Hasi zaio. Gaur berak hainbeste maite zuen horregatik engaiatu nahi duela kontatu dio. Baina idazten ari dela pentsatu du aitak ez zukeela sekula hori egingo. Zalantza izan du hartutako konpromisoaz. Merezi izango du? Aitak zer esango luke? Koadernoa itxi du, erantzun gabeko galderek atzera egitera eramango duten beldurrez.
Apalera begiratu eta argazkia ikusi du beste behin ere. “Mendia maite duenari”. Serio aita, esaldia jasotzen zuen tontorreko postontziaren ondoan. Aita beti serio argazkietan. Hainbeste maite zuen mendian egonda ere. Denok eman behar dugu zerbait, gutxi batzuek mendiak konkista ez ditzaten.
BATBIHIRULAU:
Adostutako leku eta orduan elkartu dira, ohiko euskaldunon atzerapena, hamar minutu, alegia. Iluntasunak ez die elkarren aurpegirik argi ikusten utzi, baina besarkada estuak eman dizkiote elkarri, besteak hurbil sentitzeko beharraz. Laurak bat. Ez dute apenas hitzik gurutzatu, protokoloak horrela agintzen baitu. Doministikuak ezustean harrapatu ditu. Bota duena adina gainontzekoak, giroaren isiltasuna apurtu baitu bat-batean. Doministikuak inoiz bakarrik etortzen ez direla gogoratuta, ahoa indarrez estali du bi eskuekin. Ondoren etorri direnak hala edo nola erreprimitu ahal izan ditu eta, lasaitasunez, arnasa hartu du.
Poltsetako arropak jantzi eta soinean dutena poltsetan sartu dute; baita poltsak otearen artean ezkutatu ere. Besarkada behar izan dute berriro, bidea ibiltzen hasi aurretik. Batek hiru besarkatu du, bik lau eta lauk hiru eta bat.
Gorako bidea hartu dute, bata bestearen atzetik, ilaran. Bihotz-taupadak ere entzuten dituela pentsatu du lehenengoak; beldurrez, eskuak bularrera eraman ditu, bihotzari “lasai zaitez, polit hori, dena ondo aterako da” esanez bezala. Irribarrea du ahoan bigarrenak, indartsu sentitzen da, irrikaz gainezka, bizirik. Hirugarrenak aurrez entseatutako mantra bere golkorako errepikatu du behin eta berriz, behin eta berriz: “Pertsona gutxi batzuengan sinesten dugu, baina asko sinesten dugu sinesten dugun gutxian”. Kokeinen azken kontzertuaren irudiak etorri zaizkio. Laugarrenari malkoa irristatu zaio ezkerreko begitik behera; ez daki beldur-malkoa ala harrotasun-malkoa ote den. Baina ez du lehortu, ezpainetara heldu denean mingain puntarekin ahoratu eta zaporea hartu baizik. Bidea luzea egin zaie batzuei, motz besteei. Izerdia bota duenik ere egon da, baina laurak helmugara heldu dira.
Dena oso azkar joan da. Bakoitzak adostutako lekutik adostutakoa hartu eta adostutako tokian utzi du. Iluntasun arteko onarpen-begiradek gainontzeko guztia egin dute. Ez da zalantzetarako tarterik gelditu. Hartu, jarri, lotu, konektatu. Idatzi, letra larriz idatzi.
Adostu bezala, bueltako bidea hartu dute hiruk, aurretik laugarrenari besarkada emanda. Azkenak, besarkadaz gain, musu eman dio ezpainetan, lotsati. Bakarrik geratu denean, mingain puntaz musuak utzitako arrastoa errepasatu du, istant batez arreta oroitzapen samur batera desbideratuz. Arin etorri zaio ardura bueltan; azken egiaztapenak egin ditu.
Ote arteko poltsak dauden tokitik bakoitzak berea hartu, arropak aldatu eta, elkarri agur esan gabe, bakoitzak bere bidea hartu du. Hilerriko atean kandatutako bizikleta hartu du batek, oinez egin dute bidea beste biek, laugarrenak ere beranduago egingo duen bezala.
Etxera heldu dira lehen hirurak, norberarenera bi, beste norbaitenera bestea. Pijama jantzi dute bik; hirugarrena, biluzik sartu da ohera. Azkenak prakak besterik ez ditu erantzi, gau labur horretan etxe izango duen furgoneta berdean sartu denean. Denei kosta zaie loak hartzea; batek ez du gau osoan egin, adostu bezala.
Eztanda gertatu denean, lautik hiruk besterik ez dute entzun. Hurbilen zegoenak begiak itxi ditu indarrez, segundoak arinago pasako direlakoan. Bigarrenak, estu besarkatu du ondoan duen alaba eta azken horren “ama, zer izan da hori?” galderari, “lasai bihotza, ez da ezer izan, egizu lo” erantzun dio. Hirugarrenak amorantearen gorputz biluzia bilatu du ohean eta laztan jolaserako gonbitea egin dio, ondokoak onartu ez badu ere. Azkenak ez du entzun, lo sakonean eroso baitago.
Ez da esnatze gozorik izan batzuentzat, bai aldiz besteentzat. Hala ere, denek ohiko kafeak, infusioak, aguakate tostadak, olo-fruta nahasketak eta Príncipe galletak gosaldu edo prestatu dituzte. Batzuek pijamak erantzi, dutxak hartu eta denek, arropa garbiak jantzi dituzte. Lanerako bideak hartu ere bai, bik, aurretik, eskola-atarian alaba edo ilobak utzita. Ordenagailu aurreko lanean jarri dira batzuk, lankideekin solasaldi laburrak izan dituzte besteek, ikasleen aurrean “egun on”, baten batek.
Goizeko uneren batean denek jaso dute mezua sakelakoan, egunkari digitaleko linka: “Mozolo Komandoak aldarrikatu du haize-errotetan gertatutako eztanda”. Albistea zabaldu eta arreta handiz irakurri dituzte kazetariek idatzitakoak: eztandak larri kaltetu dituela estreinatzear zeuden puntako haize-errotak, ez dela zauriturik egon, poliziak ikerketa abiatu duela, goizaldeko 03:55ean heldu dela komunikatua Mozolo Komandoak sinatuta, “lurra maite duten euskal herritarrak ekozidioen kontra sendo erantzutera” deitu dituztela... Albistea osorik irakurritakoan, mugikorra gorde eta eginbeharrekin jarraitu dute laurek; lanean daudenaren plantak egin behintzat.
Handik urte batzuetara, herriko plazan, garagardoak, ardo zuriak eta rooibos infusioak mahaian, barre-algara egingo dute elkarrekin, baten lankideak “Mozolo Komandoa” ekintza armatu serio baterako izen komikoegia zelan esan zuela gogoratzean. Orain bik amorante duten lankide berak.