Maitasunak mozolo-aurpegia du
Maitasunak mozolo-aurpegia du
Maitane Nerekan Umaran

VILLABONA-AMASA
 

 

HAUSNARREAN I:

 

Non dago maitasuna gure herrietan? Plazan, txosnetan, udaletxean, doako aparkalekua duten kaleetan? Non dago gure egunerokoan? Zein da aproposagoa maitasunerako, gosari, bazkari edo afariko tartea? Kuadrilla-afaria edo familia-bazkaria? Maita daitezke Herriak pertsonak beste? Maita daitezke oroitzapenak? Maitemin gaitezke oroitzapenekin? Zein harreman dute maitemintzeak eta maitasunak? Euskarazko maite zaitut eta gaztelaniazko te amo, gauza bera dira? Eta frantseseko je t’aime? Hizkuntzak ba al du eraginik gure maitatzeko eran? Eta baldin badu, zertan? Zenbat pertsona maitatzeko gaitasuna du gorputz batek? Eta zenbat gorputz maitatzeko pertsona batek? Zerekin maitatzen dugu gehiago, gorputzarekin ala arrazoiarekin? Hau da, zenbat du maitasunak gorputzetik, zenbat arrazoimenetik eta zenbat... txokolatezko izozkitik? Maitasuna airean dago? Eta airean badago... Muskizen maitasuna Urduņan baino kutsatuago dago? Villabonako paper-fabrikak maitasuna kutsa dezake? Ala maitasuna errazagoa da lanpostu duinak sortzen dituzten lantegiak dauden tokietan? Zenbat du maitasunak jarrera inkontzientetik eta zenbat erabakitik? Maitasuna neur daiteke?

        Amasa-Villabonako ikastetxe bateko ikasle batek horrela erantzun zion azken galdera honi: jasotzen den maitasuna bai, neur daiteke; ematen dena, aldiz, ez. Herri berean ezagutu nuen Ibarrako plazarekin maitemindu zen villabonatarra; baita Azpeitiarekin maitemindu zen hura ere. Sukaldean hobeto maitatzen dela pentsatzen zuen batekin solastu nintzen. Batek, norbait ondo maite duzula jakiteko formula, psikiatra batek emandakoa dela esan zidan. Hiru galdera besterik ez direla egin behar: ea nire onena ateratzen duen, ea miresten dudan eta ea on egiten didan. Horra hor maitale onena identifikatzeko formula magikoa! Besteak azaldu zidan, maitasuna pazientziatik bizitzen ikasi duela, ez intentsitatetik; oraindik ez omen zekien horrek zoriontsuago egiten zuen, baina lasaiago bizi omen zen, hobeto. Gazte batek azaldu zidan, baserriko abereek zutela bera maiteminduta. Ez gizabereek, ez, baizik eta behiek, zaldiek, txerriek... baita inguruko piztiaren batek ere.