KONTSERBAZIOA
Irina mahaigainean jarri eta erdian zulo bat egin. Gatz pixka bat, arrautza, ura eta bigundutako gurina jarri. Nahasi irina beste gai guztiak irensteko moduan, guztiak bereganatu arte... Horrela hasten da Maixanek igandero egiten zuen gasna tartaren errezeta. Ahuntz gasnaren tarta intxaurrekin egindako orearekin. Ahoa urtzeko moduko nahastea tarta bilakaturik. Hori izan da Ameztoiko Maixanen tarta berezia, amarengandik ikasia, amonarengandik ikasia. Belaunaldiz belaunaldi hobetzen joan den errezeta.
Aspaldi ez du horrelakorik egin Maixanek. Azken lau urteetan ahuntz esnearen jogurta intxaur eskukada batekin izan da bere postrea. Besterik gabe, sinplea, baina beharrezko guztiarekin. Jogurta berak nahi bezala geratu arte egindako hamaika saiakerak gogoan ditu; goiz, eguerdi, arratsalde eta gau osoak lanean igarota. Emaitza lortzea baino, prozesua gozatzea garrantzitsuagoa dela diote sare sozialetako esloganek baina lehen sektoreak ez du emaitzarik, bizitza bat du, bide bezala ulertua. Familia, etxea, sarea, bertokoa, lehengaiak eta lehentasunak. Muga lausoak. Etxea eta lana. Familia eta lankideak. Egunak eta orduak. Aukerak eta erabakiak. Horren emaitza izan da afalosteko jogurta.
Kea dariola dagoen kafearen usainak atera du bere pentsamenduetatik Maixan. Ohi baino freskoago dago goizeko ordu txikiak izateko, gauean buruan ibilitakoek ez diote behar bezala lo egiten utzi, eta pentsamenduek eragindako hausnarketak ditu oraindik buruan.
Kafean koilaratxoa sartzeko ohitura du. Ez dio azukrerik botatzen, ezta esnerik, ezta ezer ere, baina irabiatzeko beharra izan ohi du, geldi eta lasai dagoenari bueltak eman beharrak eraginda. Lasai egon ezin duen horren keinua.
Zurrutada emanaz batera, Donostiako pisuko kafearekin zerikusirik ez duen kafe bat dastatzeko aukeraz gozatzen du. Hori bai kafea, kafe ona. Etxeko lehentasunetako bat da kafe ona. Beharrezkoa den heinean kalitatezko eta zaindua izan behar duen elementuetako bat.
—Ardiak ateratzen lagunduko al dizut? —etxean eginbeharrak banatuta daude, eta etxean egoteak esan nahi du egite hori Maixanena dela. Maite du egite hori eta gogoetara darama amak bota dion esaldiak.
Leihotik begiratuaz batera sai bat ikus daiteke, bakar bat, hegaldi lasai bezain zuzena eginez. Beherantz begira, babesa eskaintzen, bere abiapuntua eta helmuga zeintzuk diren jakitun den horren hegaldia.
Alabaren erantzunik ezaren aurrean amak ere leihotik begiratzen du, zerbait dagoelakoan, zerbait ikusi duelakoan, baina aurrean duena ikusi gabe. Gainera datorkionaren jakitun izan gabe.
Begirada leihotik kendu ezin duela, sabela handitzen hasi zaio Maixani, sastadak ailegatu dira, baina ez da egonezina barrenean duena une honetan. Gorputza bitan banatu zaio, mina, sabelari heldu eta eutsi. Ondo baino hobeto ezagutzen dituen sentsazioak dira, mina, botagura, sastadak... Hamahiru urte zituenetik hilero bidelagun izan dituenak, azken hilabeteetaraino. Inoiz ez zuen pentsatuko faltan botako zuekin. Baina badirudi amaitu dela etenaldia, hemen du berriz hilekoa.
—Zer duzu, Maixan?
Korapiloa askatu da, nahi gabe edo nahita. Barruko bozgorailuari bolumena jaitsi zaionean argitasunez pentsatzeko unea izan du Maixanek eta kanporatu egingo du, nola kudeatuko duen ez dakien arren, esan egin behar du.
—Etxean lan egin nahi dut. Nik neu arduratuko naiz esnekien linea berriaz, jogurtaz.
Isilik egoten ez dakien hori hitzik gabe geratzen denean ona ala txarra den jakitea zaila izaten da. Amaren kasuan, auskalo.
Isiltasuna nahi baino gehiago luzatu da, baina Maixan ez da urduritu, alderantziz, lasai dago. Hilekoaren minaz okertuta, baina lasai, barrua hustuta. Korapiloa askatuta.
—Kafea egingo dut —ameztoitarren marka atera da.
—Badago kafea, ama.
—Gehiago. Dena beharko da —kafea ona, eta asko.