Kafe asko, eta ona
Kafe asko, eta ona
Naia Arantzamendi

BAIGORRI
 

 

TXIGORKETA

 

        Arno bana eskuan hartuta, topa egiteko prest, Maixanek eguna borobiltzeko behar zuen momentua ailegatu da. Egun osoan zehar hamaika buelta eman dizkion galdera horri erantzuna emateko unea: zer esango ote du Gexanek. Arno batekin egoerari hobeto eutsiko diola jakitun, edo behintzat, esperantzaz...

        —Gugatik!

        Kopak igo eta Gexanek hitza hartu baino lehenago, esan beharrekoak lagunartean sortu dituen espekulazioak agerian geratu dira.

        —Jakin-min honekin amaitzeagatik! —denek pentsatzen dutena kanporatu du azkenean norbaitek.

        —Datorren ezkontzagatik! —espekulazioak nonahi.

        —Haurrak aitaren itxurarik ez izateagatik! —aukerak, anitz.

        Badirudi denek pentsatu dutela gauza bera. Adinak eta Gexanek daraman bizitza “tradizionalak” behartuta, horiek dira lagunartean egin dituzten apustuak. Argi eta garbi.

        Giroa bero dago, lagunak gogotsu daude esan beharrekoa entzuteko eta datozen ospakizunetarako. Baina Gexanek, lagunen goranzko joerarekin amaitu beharra sumatuaz batera, parte hartzeko erabaki ausarta hartu du.

        —Gugatik! —gora kopak.

        Jendartean ondo konpontzen den horietakoa da Gexan. Egoten dakiena. Entzuten, behar denean eta behar bezala hitz egiteko gaitasuna duena, arretarik deitu gabe erdigune izateko gai, albokoari arreta eskaintzeko prest... Neurriak bilatu gabe topatzen dituen horietakoa da. Orekan bizi dena. Arriskurik hartu gabe.

        Horrela hartu ditu segundo erdian jaso dituen olgeta guztiak ere: neurriz, irribarretsu eta barruan duen korapiloa kanporatu gabe. Inolako pistarik eman gabe, esandakoak ezeztatu edo baieztatu gabe. Misterioa mantenduz. Maixanek, ostera, txikitatik ondo baino hobeto ezagutzen duen lagunaren keinu guztiak aztertu ditu; begirada beherantz desbideratu du, irribarrea gehiegi esajeratu du, bekaina igotzear zuela keinua aldatu du...

        Serieko hiltzaileen burmuinak aztertzen dituzten telesail horietako baten aurrean denbora gehiegi pasatzen du Maixanen pisukideak, eta agerikoa da beregan nahi baino eragin gehiago izan duela. Ez behar bezala, itxuraz, ez baitu ezer ikasi, espekulatzetik haratago. Ez du ideiarik Gexanek eman behar duen berri horri buruz. Hamaika burutazio izan ditu, hamaika buruko min eman dizkio, barrenak ere astindu dizkio. Baina ziurtasunik ez.

        Behingoz topa egin dute eta ohi baino trago luzeagoa eman diote guztiek Irulegiko arno dastagarriari. Biziki ederra dago, kopa berriz betetzeko nahia eragin baitu. Baina, une honetan, begirada guztiak Gexanen gainean finkatu dira.

        Isilunea gehiegi luzatu da eta kopa amaitzea, erabakirik helduena ez, baina onena dela pentsatuta, zurrutada bakarrean amaitu du arnoa Maixanek. Behin kopa hutsa eskuartean helduta Gexanen aurpegian finkatu du begirada. Barruan duena askatzera doan lagunaren irribarre eta urduritasunak bere egin ditu...

        —Ez noa ezkontzera.

        “Ooo”. Festa gogoa da nagusi lagunartean, norbaitek izan behar zuen lehenengoa eta, apustu guztiak Gexanen gain bazeuden ere, Maixanek gogotsu hartu du ezezko albistea. Lasaitasun ukitu bat emango ziolakoan, baina bigarren aukera okerragoa delakoan dago. Arnasa askatu nahi, baina ezin du. “Ez bada ezkondu behar, aita izanen da”. Heldutasuna, finkotasuna, etorkizuna. Maixanen barrenak astintzen dituzten hitz guztiak nahasgailu batean sartu eta amatasuna ateratzen da.

        —Lana utzi dut.

        Apustu guztiak huts eginda. Ez zegoen inolaz ere aukeren artean. Ez zegoen Maixanen buruan. Ez zegoen inoren buruan. Isilunea luzatuz doan heinean, Maixanek barneko ahotsa geroz eta ozenago entzun dezake, argitasunik gabe, zehaztasunik gabe, oihuak soilik. Ezustekoa nola jaso jakin gabe geratu da.

        —Tartategi bat irekiko dut herrian.

        Ez du ezer ulertzen. Baionako ospitalean erizain postu finkoa, hamalau ordainsari, oporrak, lantalde fina...Dena pikutara, tartategi bat zabaltzeko 1.600 biztanle dituen herrian. Barruko korapiloa askatu du Gexanek, ez ostera Maixanek. Ezustekoa. Arnasa moztu dio segundo erdiz, ez daki zergatik, baina ezin du barneratu entzundakoa. Lagunak erabaki hori hartzeko igaro dituen une gogorretan ondoan egon ez izanak hartu dizkio pentsamendu guztiak.

        Gexanen lasaitasuna urduritasun bilakatu da lagunen erreakziorik ezaren aurrean.

        —Zorionak? —eskerrak norbaitek zerbait esan duen.

        —Baina azaldu ezazu, nola? Noiz?

        —Testuingurua behar dugulakoan nago.

        Poztu beharreko albistea da? Ala lagunarengandik urrun zaudela argitzeko baieztapena? Aurrez aurre duen lagunaren lasaitasunarekin bat egin nahi duen arren ezinezkoa du, momentuz. Bihotz taupadak arinduz doaz, arnasa zailtasunez hartzen du eta, hitz egiteko nahia ahoan badu ere, ezin du ahoskatu.

        —Lanean eroso nengoen arren ez zen nik nahi nuen bizitza. Ez zen ene lekua —Maixani begiratuz esan ditu hitzak, berari soilik esango balizkio bezala.

        —Ausarta zara, Gexan.

        —Axolagabetzat ere hartuko nau baten batek. Baina erabakia hartuta dago, eta pozik nago.

        —Horrekin nahikoa dugu.

        —Lehengaiak behintzat badituzu nork probestu. Hemen gaudenon artean beharrezko guztia izanen duzu... txokolatea, gasna, esnea, barazkiak, ogia... Zerbait gehiago behar al duzu?

        —Zuok!

        —Gexanengatik!

        Kopa hutsa. Ez du zer edan, ezin du edan, ez du edan nahi. Kopari begira, poztasuna, urduritasuna, beldurra eta ardura bere gain hartuta. Kudeatu ezineko korapilo batek hartu dio gorputza Maixani.

        Lagunak lagun dira elkarren ondoan egoten dakitelako, ulertzen direlako, babesa direlako, etxe direlako. Horretan guztian huts egin duela sumatzen du Maixanek, horrelako erabakiak ez dira egun batetik bestera hartzen. Inor ez da jaikitzen bere bizitza aldatzeko adorearekin. Orduak, egunak, asteak, hilabeteak... Lagunaren ezjakintasunak azaleratu diren unean aurrean izan eta ikusi ez dituenak birgogoratzen ditu segundo erdiz.

        Poztu egin beharko litzateke, lagunak adorez erabaki zail bat hartu duelako. Bere bizitza aldatzeko apustua egin eta benetan betetzen duen horren bila doalako. Berak egin ez duen hori egin duelako. Erreferente bilakatuko delako. Baina ezin du, une honetan ezin du guztia kudeatu.

        Lagunak lagun dira elkarri begiratuz elkar ezagutzen dutelako. Gexanek aurrez aurre duen bizi osoko lagunaren begirada ondo irakurri du, eta hau besarkatzera abiatu da.

        —Ondo nago, Maixan, ondo nago.

        —Barkatu —“zorionak” esan nahi zion, baina hori da atera zaiona. Poztasun erraldoi bat sentitzen duen arren, kulpak bete dio ahoa.

        —Barkaidazu zuk —Gexanek ondo irakurtzen du Maixanen barrena, argi geratu den bezala. Aurrez aurre duen lagunaren korapiloa ondo ezagutzen du, eta, jada berea askatu duenean, Maixanena askatzeko alboan egongo dela transmititu dio.

        —Oso harro nago zutaz.

        Maite dugun jendeari esan beharrekoak kanporatzeko erraztasuna du Maixanek. Beste gauza batzuk ez, baina horiek bai. Denok entzun behar ditugun hitzak esaten ditu, behar den momentuan, une aproposean. Maite zaitut, harro nago, ondo egin duzu... Alde txarra denok esaten dugu; ona, ostera, ez da behar beste esaten.

        —Noiztik dakizu bada sukaldatzen? —egoera bere lekura bueltatu da, jai girora, lagunaren ondora, denek egon nahi duten lekuan daude eta ospatzeko unea da.

        —Zure ondoan igarotako orduek zerbaitetarako balio izan didate.

        —Zein izanen da zure berezitasuna?

        —Zalantzaren bat duzu? Ameztoiko gasnarekin egindako tarta!