Kafe asko, eta ona
Kafe asko, eta ona
Naia Arantzamendi

BAIGORRI
 

 

PROZESAKETA LEHORRA

 

        Sai arreak hegalari trebeak dira. Hamarnaka kilometro egiten dituzte indarrik egin gabe, aire beroen bitartez planeatuz. Taldean bizi dira eta horretaz baliatzen dira janaria bilatzeko: sai batek kabala hila atzeman orduko beste anitz juntatuko zaizkio, urrun egonda ere. Sai arreen geroa zalantzan egon izan bada ere, mendez mende artzainek eta saiek elkarrekin bizitzen jakin izan dute, laborantza tradizionalaren eta naturaren arteko oreka izanik aterabidea.

        Babesleak, taldean bizi direnak eta naturarekin orekan dihardutenak. Horiek dira ameztoitarrak ere. Maixanek lotura berezia izan du betidanik arreekin, orduak igaro izan ditu hauei begira, hauen jokabidea eta mugitzeko modua aztertuz. Babestuta sentitu izan da haien azpian. Hirira joan zenetik, ostera, taldetik atera izanaren pisua bere gain darama. Hortaz, bueltatu bakoitzean, saien hegaldiak begiztatzen ditu, bere eginez. Taldearen parte izatera bueltatu nahian.

        Ardiak maneiatzea izan da Maixanen trebetasun eta aterabide. Gustuko du egitea, aitarekin igarotzen zituen orduek izan dute zerikusirik eginkizuna plazer bilakatze horretan. Aitarekin duen urruntasuna, etxearekin duen urruntasunaren erakusle da. Hortaz, bueltatu bakoitzean, ardiekin atera ohi da Maixan, barne gatazkak arintzeko sendabelar gisa.

        Artaldeari begira, zer pentsatu jakin ez eta ezer ez pentsatzeko ahaleginetan, arnasa hartzeko tartea behar du une honetan, besterik gabe.

        —Badakite nora joan behar duten, inork esan gabe —saiei buruz dakien guztia aitarengandik jasoa izan da, hitz egin bakoitzean xehetasun bat gehitzeko ahaleginak egiten ditu aitak eta Maixanek bereganako duen miresmena handituz doa, beti. Elkarrenganako maitasuna ez da hitzez adierazten, ez dute horren beharrik.

        Bazkarian jaurtitako hitzak barrutik atera zaizkio aitari, baina horrek ez du esan nahi eragindako minaren jabe egingo ez denik. Maite du alaba baina ez du gaitasunik hura urrun egoteak sorrarazten diona kudeatzeko. Pertsonekin sentimenduak kudeatzen jakin ez eta animaliekin komunikatzeko doia dute, biek.

        Bitxia da sai arreena, baserritarrak moldatu egiten dira beren artean animalia hilak hauei eskaintzeko, eta hauek, segituan dakite nora joan behar duten. Banaka, gatazkarik sortu gabe, hegaldia moteldu eta gunera hurbilduz bakoitzak bere alea hartzen du janetik. Badakite nora joan, badakite nola jokatu.

        Maixanek ere badaki nora joan nahi duen, baina ez daki nola jokatu. Saiak zeruan, artaldea aurrean eta aita metro eskasera, bere pisua makila gainean jarrita, alabarengana hurbiltzeko ahalegina eginez. Eta lortuz. Etxean sentitzen da Maixan, etxean baitago, benetan nahi duen lekuan dago. Barne bozgorailua isiltzen zaion lekuan dago, hori da lekua. Baina hori kudeatu egin behar du, barne kudeaketa zein kanpokoa eskatzen baitu.