Kafe asko, eta ona
Kafe asko, eta ona
Naia Arantzamendi

BAIGORRI
 

 

BILKETA

 

        Sai bakar bat dabil Ameztoi gainean. Maixanen autoarekin batera, norabide bera jarraituz, hegaldi lasai eta xamurrez hurbildu da etxera: zaindaria balitz legez. Maixani etxerako bidea zehaztu eta bere babeslekura onik eta osorik ailegatu dela ziurtatzeko zaindaria da. Bere lekuan dago orain, zainduta, babestuta, eroso. Etxean.

        —Zertarako hitz eginen dut nik? Ez al dizut esan dei egiteko heltzear zeundenean Begira nola harrapatu nauzun, lorrinduta eta eskuak gasnaz josita —amak denak kontrolpean izan ohi du, nabaria da.

        —Ez al da hori Ameztoiko gasnaren sekretua? —hain zuzen ere.

        —Zein? Prozesua erdizka uztea?

        Ameztoiko gasnaren sekretua bera da, ama. Bere lana, bere pazientzia eta etxe horretako oreka mantentzearen zama egunez egun bere gain hartzea. Denei eustea.

        —Faltan bota zaitut, ama —telefonoz esaten ez diren hitzak, baina aurrez aurre barruan gorde ezin dituenak. Askatu beharra dutenak.

        Etxe sentiarazten zaituzten besarkadak daude, eta gasna usaindunak badira, hobe. Eta txoriak begira badaude, hobe. Eta anaia gehitzen bada, hobe.

        —Ni al naiz etxe honetan lanean dagoen bakarra? —Eņaut, bere osotasunean. Bilatu gabe ere erdigune diren pertsona horietakoa.

        —Besarkada bat eskatzeko modu kaxkarra.

        —Baina eraginkorra. Nik besarkadak eskatu egin behar ditudala dirudi eta —bat, bi eta hiru, Ameztoiko familia osatzeko bakar bat falta da besarkada horretan.

        Langilea, goxoa, broma zalea eta anaia ona. Hori da Eņaut. Ekintzailea, etxeko enpresari jarraipena ematea erabaki zuena, Maixan egongo ez zela jakitun izanda ere, zaila izanen zela jakinda ere. Aitak bere ideia berritzaileak onartuko ez zituela jakitun izanda ere. Eta hor dago, belaunaldi aldaketaren eragilea, kafe onaren behar handiena duena. Maixanek maitatu, errespetatu eta eredu duen anaia.

        —Zer moduz zaude? —anaia batek badaki galdera horren erantzuna ahizpari begiratuaz batera. Hain zuzen ere, horregatik egin dio galdera, zerbait ez baitu ondo ikusten ahizparengan.

        —Zertan lagundu dezaket? —gezurrik esateko gaitasunik ez eta, erantzunik eza baliabide ezin hobe bilakatzen du ahizpa txikiak.

        Beti dago zerbait egiteko Ameztoin. Lanak ez du etenik, ez dago deskantsurik; hortaz, bi esku baino lau hobeto eta lau baino sei...

        —Edo kafe bat behar al duzu? —bere barrena husteko indarrik ez du Maixanek oraindik; bai, ostera, anaiaren barrenak husten laguntzeko.

        —Laugarrena?

        —Hau behintzat eraginkorra izan daiteke.

        Kafeak bakarrik hartzeak barne bozgorailua aztora dezake, norbaitekin hartzeak, lasaitu, eta bi hilabetez etxera agertu ez den arrebarekin hartzeak, korapiloak askatzeko erremediorik onena izan daiteke.

        —Ez dago kaferik. Bazkaltzera —hitza, lege.