HAZITOKIA
Gelditzeko moduak daude, une batez arnasa hartzeko tarteak. Kafea hartzeko tarteak dira horiek Maixanentzat. Etxetik datorkion ohitura da, edo apeta. Goizeko 05:00etan jaikitzearekin batera martxan jartzen den etxean, eta aldi berean familia-enpresan, kafea premia bat da. Etxean, etxekoekin, lanean, solasean, bizitzen, haserretzen, hitzik ez egiten eta isiluneak luzatzen diren lekuan erremedio ukaezina baita kafea, baina ez edozelakoa, kafe ona. Edo hori da behintzat Ameztoi etxeko legea. Puntako gasna bereizgarriaren atzean dagoen magia; kafeaz gozatzeko hartzen duten denbora. Gauzak konpontzeko denbora, edo haserrealdiak baretzekoa, edo areagotzekoa. Egunaren araberakoa izaten da kafearen tartea, baina tarte hori egon dadila.
Amaren deia ikusi bakoitzean bi aldiz pentsatzen du Maixanek telefonoa hartu edo ez, beranduago deitzea beti da ideia hobea momentuan amari aurre egitea baino. Ez berarekin hitz egin nahi ez duelako, esan nahi ez dion guztia isilarazteko denbora hartu behar duelako baino. Maskara bat jartzeko behar duen denbora hartu behar du telefonoa eskegi baino lehenago. Amari esan nahi ez dizkion guztiak ezkutatuko dituen maskara. Kafeari zurrutada eman eta etxekoaren zaporearekin zerikusirik ez duela konturatuaz, amarekiko hurbiltasuna sumatu eta telefonoa hartzea erabakitzen du.
—Maitea, non zaude? Autoan zaude, soinuagatik. Heltzear zaudela kasu egin. Adi egongo naiz.
Erantzunik behar ez dituzten galderak egiten ditu amak, edo hobe esanda, bere kabuz erantzuten dituenak.
—Orain nintzen autoa martxan jartzekoa. Zer moduz doa dena? Eņaut?
—Hiru kafe daramatza dagoeneko —Maixanek esku artean duena bezalakoak izango balira, ez luke bigarrenik hartuko.
—Bakarrik hartu ditu? Edo batera ere hartu dute baten bat?
—Bakarrik. Ez da zure aitarik ageri goiz osoan. Ez dakit zer gertatu zaien gaur, baina...
—Ez kezkatu, konponduko dute, beti bezala. Heltzear nagoela abisatuko dizut.
—Gexan etorri da gasna bila eta afariarena kontatu dit. Zein ederra lagunartean batzea. Egun aproposa da gaurkoa horretarako, gainera denbora da denok batzen ez zaretena, ezta? Non bilduko zarete, bere etxean?
Kafea familiaren edo etxeko enpresaren egoeraren erakusle gisa. Neurri gisa. Hiru kafe, dezente dira goizeko ordu hauetarako. Eņaut ez dago ondo. Gainera, hiru kafe hartzera joan eta aita ez hurbiltzeak haserrea sendoa dela adierazten du. Aita ez da hitz askokoa, bai ostera pentsatzekoa, hori da bere bekatua. Ez dakiela kanporatzen sentitzen duena eta barrena apurtu arte sufritzen aritzen dela. Kafe hartzeak beti dira une onak hitz egiteko, edo hitzik egin gabe ere zerbait adierazteko.
Bukatu baino lehenago komunetik pasatzera behartzen zaituzten kafe horietako bat du eskuartean Maixanek. Zurrutada eman eta bukatuz gero Baigorriraino heltzea zaila egingo zaiola pentsatuta, kafea albo batean utzi eta autoa martxan jartzen du.
Autoak ematen dion lasaitasunarekin bat egiten du irratian Gaztea jarriaz batera. Beti gogoratu izan dio Telleriak bere lagun Gexan. Hitz egiteko gaitasuna, azalpenak emateko argitasuna, eta korrikalari fina, zalantzarik gabe.
Gexanek afarian elkarrekin bat egiteko proposamena luzatu die lagunei, gaur gauean, zerbait kontatu behar duela eta. Ez da horrelakoak egitekoa Gexan, ez da berriak zabaltzekoa, ezta bere gauzak denen aurrean esatekoa ere. Zerbait garrantzitsua izanen da, baina zer? Aitaren traktorearen gainean jaio, hazi eta hezi dira Maixan eta biak. Orduz geroztik ikasketak abiatu arte egunero elkarrekin denbora igarotakoak dira, lagunak, anaiak. Maixan Donostiara joateak urrundu egin zituen, zalantzarik gabe. Gexan herrian geratu zen; Maixanek, ostera, hirira joateko bidea hartu zuen. Egin beharraren zama bere gain hartuta, beregandik espero zen hori egitera, bere buruari zer nahi zuen galdetu baino lehenago. Hala ere, distantziak ez du beraien harremanean eraginik izan. Edo hala uste zuen Maixanek, gaur arte.
Mugara ailegatu eta auto ilara amaigabe batekin topo egin eta ohiko Gendarmerieren kontrola igarotzeko bidelagun hartzen ditu Telleria anaiak. Martikorenaren abestia ere jarri dute, ze paradoxa, Frantzia dioen kartela parez pare izanik, jendarmeari leihatila jaitsi dio, lau hatz gutxi gorabehera. Barrura begirada bat eman eta eskuarekin igarotzeko keinua egin dio, Peugeot 205 zaharrean “erkidetasunaren bozeramaile, xoriak mugaren bestalde” doinuak darraien bitartean.
Barikuro egin ohi duen bidea, begiak itxita egin dezakeena. Egunaren eta sentitzen duen horren araberako musika bidelagun izanik. Etxera hurbildu heinean, ostera, Irulegiko Irratia jartzea ohitura izanik. Egunero bidelagun izaten duen barne bozgorailua une batez itzali eta, kanpoko zerbait entzutearekin, bere burmuinari aisialdi tarte bat eskaintzen dio autoan doala. Sentitzen duen horrekin bat egiten duena entzun, edo guztiz kontrakoa, hori izaten da hartu beharreko erabaki bakarra.
Aurten urte gorabeheratsua darama Maixanek. Barrenak mugituta ditu, sentimenduen korapiloa ederto nahasita baitu eta barne bozgorailuak dioenak urte amaieran kontuak ateratzen dizkigu. Musika entzuteko erabiltzen ditugun plataformetan bezala, urte amaieran gehien entzuten dugunaren zerrendak argitaratzean, gure bizitzako musika banda ateratzen da. Euskal musikazale amorratua zarela esan zenezake, Willis Drummond, Xiberoots eta Olatz Salvador zalea, baina top 3an Untxi Gaiztoa ateratzen bada, kontuak hor daude, ez dago horri uko egiterik. Euskal musika entzuten duzu soilik, baina reggaetona atera da zure zerrendan. Ondo zaude, bizitza orekatu bat duzu, baina buruari ez diozu etenaldirik ematen eta ez duzu hilekorik. Zer diozun, zer uste duzun, zer egiten duzun eta zer nahi duzun, gutxitan datoz bat. Zerrendak hor daude, datuak mahaigainean jartzeko. Baita gorputza ere, zerbait ondo ez doala azaleratzeko.
Zer izanen da Gexanek kontatu behar duen hori? Ezkontza edo haurra. Inguruan bizitza egonkortu bat daramate lagun taldeko gehienek. Gexanek gehien, bikotea, etxea, lana, familia egonkorra... Hala ere gainontzeko guztiek dute edo bikote finkoa edo lan finkoa edo etxea egiten ari dira... Maixanek ez du egonkortasunik inon, edo hala sentitzen du berak. Ikasketak bukatu berri, zer egin behar duen jakin gabe, etxetik urrun, lagunengandik urrun, nahi duen hori kanporatu ezinik. Sentipen horrek Maixanen barne gatazkaren bozgorailua martxan jartzen du. Zer nahi duen, zer behar duen, zer espero den beragandik. Hortaz, pentsamenduak isilarazteko erremedio ukaezina, zentzuz pentsatzea ahalbidetzen ez duen zerbait entzutea etxera heldu bitartean; bolumena igo eta has dadila Untxi Gaiztoa.